NAIZ

Aitzakiarik ez eta finalerdia jokatzeko «ilusioa» Laso eta Etxeberriaren pilota aukeraketan

Zapatuan Labriten zaleen aurrean jokatzeak sortzen dien poza eta Lau eta Erdiko Txapelketako finalaren atarian izateak presioa baino gehiago, gogoa piztu die bi pilotarioi. Aurkariaren dohainak aintzat hartu arren, biek ala bien «beren partida» eginez gero irabazteko aukerak ikusten dituzte.

Konforme geratu dira Laso eta Etxeberria larunbaterako material aukeraketan. (Iñigo URIZ / FOKU)
Konforme geratu dira Laso eta Etxeberria larunbaterako material aukeraketan. (Iñigo URIZ / FOKU)

Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa zirt edo zart egiteko unera iritsi da, kanporaketa zuzenak jokatzera, alegia, hutsik egiteko tartetik gabe. Alabaina, ez dirudi Unai Laso eta Peio Etxeberria, larunbatean Labriten aurreneko finalerdian ariko diren bi pilotariei, egoera horrek behar baino presio handiagorik sortzen dienik. Material aukeraketari dagokionez bederen, ez dute aitzakiarik jarri.

«Nire pilotak beheragotik ibiltzen dira eta bereak, berriz, goitik, baina onak dira. Labur esateko, partida zaila izango dudala badakit, baina nire maila emanez gero, aukwerak izango ditut», adierazi du Lasok pilota aukeraketa amaitu berritan.

«Partida oso polita izango da. Are gehiago Labriten jokatzen delako, inguruetakoak izanda biok eta eramango ditugun zaleak kontuan hartuta», gehitu de Etxeberriak.

Bizkarreta-Gerendiaingoak zein Zenotztarrak Labrit frontoia etxeko egongela bailitzan ezagutzen dute. Finalerdietara bina garaipen eskuratuta iritsi dira eta pronostiko garbirik ematerik ez dagoenez, biek ere beren jokoaren onena ateratzea dute xede, 22 tantoak egin eta finalera iristearren.

«Lehenengo eta bat partidaz gozatzen saiatu nahi dut», azpimarratu du Lasok. Baikoko aurrelariaren aburuz, «une onean iristen naiz, jokatu ditudan partidak eta egindako entrenamenduak behar bezala errekuperatuta. Peiok –Etxeberria– sobera erakutsi du oso arriskutsua dela eta nornahiri irabazi diezaiokeela. Fisikoki oso ondo ikusten dut eta horregatik, partida zaila eta gogorra izango dela uste dut».

«Gure zaleen aurrean jokatzea ia sinestezina da eta hortaz ere gozatu nahiko nuke», errepikatu du Lasok. «Egia da neurketa hauetan tentsio handia egon ohi dela, baina ahalik eta ondoen eramaten saiatu behar da, ahalik eta partidarik onena egiteko. Txarrenera, aurkaria iristen bada 22 tantora, ez dadila behintzat zure akatsen erruz izan, bere merituengatik baino», gaineratu du.

Beste berba batzuekin, baina Aspeko pilotariaren iritzia ere ingurumari horretan mugitu da. «Aitzakiarik gabe iristen naiz partida honetara. Behar bezala iritsi naiz eta hargatik, nahiz eta aurkari gogorra izango dudan aurrez aurre, nik egin beharrekoa ondo eginez gero, aukera handiak izango ditudalakoan nago», azpimarratu du Zenotztarrak. Materialari ere ez dio aitzakiarik aurkitu, nahiz eta Lasoren pilota bat «behetik dabilena, zertxobait baldarragoa» iruditu. «Nire pilotak frontisetik biziago ateratzen dira eta bestela ere bizitxoagoak dira, baina lau pilotak ere jokatzeko polit askoak dira», baieztatu du azkenean.

Jokatzeko plana

«Oinetara jokatu behar diot», azpimarratu du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak Etxeberria menpean nola hartu galdetu zaionean. «Anguloak aurkitu behar ditut ere, baina beste ezer baino gehiago, aireko jokoa kendu behar diot nolabait eta hortarako, oinetara jokatu behar diot, ahalik eta deserosoen sentitu dadin. Bestalde, ea sakearekin min egin diezaiokedan», berretsi du Lasok.

«Lau eta Erdian ez dago sekretu handirik. Botera jokatu arazi nahi diot, eta frontisetik ahalik eta urrunen, eta nire aukerak baliatu», laburbildu du.

«Finalerdi bat irabazteko, gauza asko egin behar dira ondo», erantzun du bere aldetik Etxeberriak. «Lasok bere betiko txispa hori dauka, eta horren aurrean defentsan ndo aritu behar dut: erresto onak egin, arin ibili kantxan, eta horrez gain sake onak egin... Oro har, nire partida egitera aterako naiz. Lortzen badut ziur aukerak izango ditudala», esan du behin eta berriz Zenotztarrak.

Finalerdia, bere izenak dioen moduan, finalaren atarikoa izanda, behar baino presio handiagoa edo irrika larregizkoa sor lezakeela ere mintzagai izan dute protagonista biek. «Finalean pentsatu aurrez, finalerdia irabazi behar da, noski, alperrik gabiltza bestela. Finala egon, ez dago urruti, baina hobe da finalerdian zentratzea, are gehiago etxean jokatzen delako», zehaztu du Lasok, amaitzeko.

Etxeberriaren ustez, berriz, presioa baino gehiago, motibazioa dago. «Honako partida hauek jokatzeko prestatzen gara, hain zuzen. Ezin da jakin nola aterako diren gauzak, baina gure eskuan dagoena egingo dugu aurrera pasatzeko», amaitu du Aspeko aurrelariak.