Arnaitz Gorriti

Baskonia galtzaile Kazanen, Siberiara bidaltzeko moduko aurreneko zatia egin ostean (83-69)

Bigarren laurdenean 24-6ko partziala jaso dute Dusko Ivanovicenek eta hantxe amaitu dira gasteiztarren aukerak. Baldwin eta Costellok dexente apaindu dute markagailua atsedenaldia eta gero, baina benetan neurketari buelta emateko inolako aukerarik gabe.

Monacoren aurka hain ongi aritu zen Simone Fontecchiok sekulako egun petrala izan du Kazanen, bere taldekide gehienen antzera. (EUROLEAGUE.NET)
Monacoren aurka hain ongi aritu zen Simone Fontecchiok sekulako egun petrala izan du Kazanen, bere taldekide gehienen antzera. (EUROLEAGUE.NET)

UNICS KAZAN 83 - BITCI BASKONIA 69

Kazan Tatarstango hiriburua da, Euroliga hontako «Ekialde Urruna». Bada, behin haraino iritsita, Siberia –eta ez «Siberia-Gasteiz», txisteak dioen moduan– ez dago hain urruti, eta hara bidaltzeko moduko partida burutu du asteazken honetan Bitci Baskoniak. Aurreneko erdia lotsatzeko modukoa izan da, bigarren laurdena batik bat, 24-6ko partziala jaso ondoren.

Halako belarrondokoak hartzea eta ahalik eta arinen irenstea tokatzen da. Kontua ez da hori, edo ez hainbeste, hurrengo neurketetarako burua altxatu eta lehiarako prest egotea baino. Baskoniak behin baino sarriago erakutsi du egokiera on hori, baina esan bezala, halako belarrondoko bati buelta eman aurretik irentsi egin behar da, eta ez da gauza erraza.

Ez jaramonik egin azken emaitzari, bigarren erdiaz geroztik egundoko apaindua eta orraztua emn baitio Baskoniak partidari, nahiz eta buelta emateko egiazko aukerarik sekula ez duen izan. Are gehiago, hirugarren laurdenaren azkenera 60-44 hurbildu ostean abagune tankerako zerbait piztu baldin bada, Baskoniak berak zapuztu du, sekulako erraztasunak eman baitizkio John eta Lorenzo Brown bikoteari 6-0eko partzial batekin gasteiztarren aukerak ezerezean laga eta azken laurdena tramite huts bihurtzeko.

Hasierako hirukoen ostean, ezer ez

Granger eta Baldwin bi antolatzaileak batera kantxaratu ditu Dusko Ivanovicek hasierako bostekoan, baita Fontecchio eta Sedekerskis hegaleko biak ere, baina ez jokoaren kontrolik ezta abiadurarik ere ez du izan gasteoztarren jokoak. Are gehiago, ezer askorik egiteke, Unics Kazanek 13-6ko partziala lortu du, tartean bizpahiru kontraeraso erraz egin ostean.

17-6raino luzatu da Velimir Perasovicen taldearen abantaila, baina zorionez, hirukoek ez diote hutsik egin arabarrei, eta Baskonia 0-6ko partzial bat lortzeko kapaz izan da, Granger eta Baldwinen hiru pare bati esker. Alabaina, Ivanovicenen erasoko jokoak hasiera oso petrala izan du, eta kolpeka joan den aurreneko laurdena 24-17 amaitu da, Unics Kazenek 7-0eko partziala lortu ostean Marinkovicek hirukoa sartuta.

Aurreneko laurdena txarra izan bada, bigarrenaren aldean zoragarria izan da. Eskerrak, hala ere, Unics Kazanek bota duen guztia ez duen sartu, bestela 24-2ko partziala baino askoz handiagoa  lortuko zuen talde tartariarrak. John Brown, aurreneko laurdenean bezala, errebotearen jabea izan da eta Vorontzevich eta Canaan ek hiruko saskiratze gehiago sartu dituzte. Zazpi minutu behar izan ditu talde gasteiztarrak aurreneko saskiratzea lortzeko, eta bitartean partida estolderiatik behera joan zaio Baskoniari Dusko Ivanovicek hutsartea eskatu duenerako: 48-19.

Pentsa galdutzat jo ez badu Ivanovicek partida, Alex Barrera katalana kantxaratu duela atsedenaldia bera baino lehen. Bere baldarrean, aurreneko erdiaren azken bi minutuetan errusiarrek ez dutepuntu gehiagorik sartu eta Baskoniak 04ko partziala lortu du Baldwin eta Sedekerskisen bitartez, atsedenaldira 48-23 iristeko. Gaitzerdi... edo.

Lotsagarri nola geratu erakusten

«Lotsagarri jokatu dugu, inolako nortasunik gabe», onartu du Dusko Ivanovicek bigarren erdia hasi aurreko prentsa agerraldi azkarrean. Arrazoi osoz esan du hori Montenegroko entrenatzaileak, baina bistakoa dena azpimarratzea da hori.

Baskoniaren zorionerako, bere aurkariak ere ez du ahalegin berezirik egin erdi akabatuta zegoen aurkaria birrintzeko. Unics Kazanek ez dirudi asko sinesten duenik bere aukerengan eta hargatik, bere pabilioira ere 1.023 zale bakarrik hurbildu dira. Alegia, ia tramite bat da talde tartariarrarentzat Euroliga, edo hala dirudi.

Hala izan zein ez, bere jokalari «izarrek» egundoko partida eskasa jokatu dute, Mario Hezonja kroaziarrak batik bat. Ez tentsio ez ezer, Baskoniak aldea nola murriztu dion ikusi baino ez dute egin Velimir Perasovicenek hirugarren laurdenean. Talde jokorik ezean, arriskuak bere kabuz hartzea deliberatu du Wade Baldwinek eta erabaki ezinhobea izan da, puntuak bata bestearen atzetik lortu baititu.

Baldwinen ereduari segika, Matt Costellok ere puntuak pilatzeko lanari ekin dio eta, tira, 60-44 hurbildu dira hirugarren laurdenaren  azkenera. Alabaina, John eta Lorenzo Brownek Baskoniaren gabeziak bistaratu dituzte eta neurketa 66-44 laga dute azken laurdenaren faltan.

Azken minutuetan markagailua itxuratu du talde gasteiztarrak eta tira, horrekin konformatu beharko. Baina aurreneko erdian egindakoa San petersburgorantz baino siberiara bidaltzeko modukoa izan da.

PARTIDAREN FITXA:

Unics Kazan: John Brown (14), Lorenzo Brown (6), Brantley (11), Hezonja (8) eta Vorontsevich (14) –hasierako bostekoa– OJ Mayo (4), Jekiri (6), Spissu (5), Uzinskii (6), Canaan (9), Klimenko () eta Komolov (). 

Baskonia: Granger (8), Baldwin (23), Fontecchio (4), Sedekerskis (11) eta Nnoko () –hasierako bostekoa–, Costello (18), Marinkovic (3), Enoch (), Kurucs (2) eta Barrera ().

Epaileak: Belosevic, Zamojski y Koljensic. Falta teknikoa adierazi diote Dusko Ivanovici. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 24-17, 24-6, 18-21, 17-25.

Gorabeherak: 2021/22 Euroligako seigarren jardunaldia, Basket Hall Kazan pabilioian jokatu da, 1.023 ikusleren aurrean.