Dorleta Urretabizkaiak arte eszenikoaren arlo ugari landu ditu. Aktore, idazle, elkarrizketari, zuzendari laguntzaile eta zuzendari lanetan aritu da, 17 urterekin Goenkalerako proba egin zuenetik.
Amak egunkarian telebistan aktore bila zebiltzala ikusi zuen eta hantxe joan zen kuadrilako zenbaitekin Bilbora casting-a egitera. «Hippie-ez mozorrotuta joan ginen Bilbora» aitortu digu. Baina hori pasa eta Donostian egindako hurrengo probetatik Goenkalen lan egiteko aukera izan zuen.
Ordutik, lan asko egin ditu, bai telebista eta bai antzerkian. Hala nola 'Nasdrovia Chejov', zeinak sari asko eta emanaldi asko jaso zituen, edota 'El Club de las mujeres invisibles'. Baina ez dira oholtzan Dorleta ikusteko aukera eman diguten obra bakarrak, beste hainbatetan ere ikusi ahal izan baitugu: 'Ni munduko txarrena', 'Erlauntza', 'Ladydi Garcia', 'El hijo de la novia' edo 'Sisiforen paperak'. Azken honekin Euskal Herritik ibili ostean Madrilera joan ziren, eta harrera ezinhobea izan zuten; «publikoak baino aurreiritzi gehiago genituen guk» esan digu.
Orain lan berri bat prestatzen ari da Fernando Bernuesen zuzendaritzapean: 'Nire semea pixka bat motelago dabil, soilik'. Eta hori guztia, intuizioari esker. «Gure burura engainatzen bizi gara, ez diogu intuizioari kaso egiten eta hori arazo bat da».