NAIZ

Aurpegia aldatu zaion Alavesek proban jarriko du minduta dagoen Bartzelona

Lau egunean aurpegia goitik behera aldatu zaio Alavesi. Cadizen eta Elxen aurka lortutako garaipenekin, oxigenoa hartu du Javi Callejaren taldeak. Larunbat honetan (21.00), burua ezin altxata dabilen arerio bati egingo dio bisita, Bartzelonari, alegia. Sergi Barjuan egongo da aulki katalanean. 

Alaveseko jokalariak Loumek Elx taldeari sarturiko gola ospatzen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Alaveseko jokalariak Loumek Elx taldeari sarturiko gola ospatzen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Norabide oso ezberdina hartu dute Alavesek eta Bartzelonak azken astebetean. Gezurra badirudi ere, Glorioso da guztiz hauspotuta dabilena eta talde katalana, aldiz, burua ezin altxata. Rayo Vallecanoren aurkako porrotak Ronald Koeman entrenatzailearen kaleratzea ekarri zuen eta beraz, larunbat honetan, lehen aldiz, Sergi Barjuan eseriko da lehen taldearen aulkian. 

Eta bolada txarrean, albiste txarrak areagotzen diren legez, Bartzelonan puzten ari da zerrenda medikua. Barjuanek benetako zailtasunak izango ditu bere lehen hamaikakoa osatzeko garaian. 

Ansu Fati belauneko molestiekin dago eta Sergi Robertok ere giharretan mina sentitu du. Hala, Frenkie de Jong, Pedro Gonzalez 'Pedri', Ronald Araujo y Martin Braithwaitek osatzen zuten mediku-zerrendara batu dira bi hauek. Albiste pozgarri bezala, Ousmane Dembeleren itzulera har daiteke.

Batak azken bi ligako neurketak irabazi dituen bitartean –Cadiz eta Elxen aurka garaile atera zen Alaves–, besteak porrot bana eraman zuen Real Madril eta Rayo Vallecanoren aurka. Ligako azken lau neurketetatik, soilik garaipen bakarra eskuratu du. Irregularitate honen ondorioz, Bartzelona ligako bederatzigarren sailkatua da 15 punturekin, Alavesek baino sei puntu gehiago ditu eta babazorroek baino neurketa bat gehiago irabazi dute bakarrik. 

Liga txapelketako lehen laurdena jokatuta, ezin esan daiteke Bartzelona ondobidean egotea. Gasteiztarrak ere ez daude inori lezioak emateko bezala, baina azken neurketetan bere bertsiorik onena eskaini izanak –eta jaitsiera postuetatik atera izanak–, hauspotu egin du taldea eta Javi Calleja. Inoiz ez da erraza Camp Noutik puntuak ateratzea baina larunbatekoa aukera aproposen artean onena izan daiteke. Duela bost urte bertan eskuratutako hiru puntuak lortzea inork gutxik espero zuten beraz, zergatik ez amestu. 

Azken asteetan Alaves berreskuratzen joan da min hartuta zeuden jokalariak –Lejeune eta Pons guztiz errekuperatuta ikusten dira– baina azken egunetan Pachecoren lesioa ezagutarazi du. Horixe izango da Callejaren taldeko berritasun eta hutsune handiena. Nolanahi ere, Siverak beti erakutsi du bere gaitasuna atepean. 

Bost defentsako lerroa osatzearen alde egin lezake prestatzaile madrildarrak, Agirregabiria eta Duarte hegaletan eta Ximo Navarro, Laguardia eta Lejeunek osatutako erdiko-lerroarekin. Loum senegaldarra, Elxen aurkako golegilea, ere hasieratik arituko da Toni Moyaren laguntzarekin. Rioja alde batean, bestean Edgar Mendez eta aurrean Joselu izan daitezke jokalari erasokorrenak. 

«Beldurrik gabe»

«Beldurrik gabe eta ilusioz beterik goaz», adierazi du Javi Calleja Alaveseko entrenatzaileak. Astea aho zapore onez bukatzeko helburu argiarekin bidaiatuko dutela ziurtatu du. Nolanahi ere, argitu nahi izan du Bartzelona bere momentu onenean egon gabe, nahibeste baliabide dituela partida aurrera atera ahal izateko. 

«Talentu handikoa» eta nagusitasuna «baloiarekin» islatzen duen talde gisara deskribatu du Bartzelona eta adierazi du ez dakiela ziur entrenatzaile aldaketa zein modutan eragingo dion. 

Hori horrela, bere taldea atzean sendo egotea espero du eta baloiarekin ateratzerako orduan, irizpide zuzenak baliatzea ahalik eta eraso arriskutsuena osatu asmoz: «Taldea kontraerasoan ateratzen denean seguru sentitzen da, guretzako trantsizioak oso garrantzitsuak dira».