NAIZ

EAJk PSOE eta Podemosi ohartarazi die babesa behar dutela Mozal Legea aldatzeko

Diputatuen Kongresuan EAJren bozeramailea den Aitor Estebanek PSOE eta Unidas Podemosi gogorarazi die Mozal Legea aldatzeko babes gehiago behar dutela. Ez du ondo hartu beren kabuz hitzarteak. Ertzaintzak askotan erabili du araua, Legebiltzarrak horretaz ohartarazi ondoren ere.

Mozal Lege honen aplikatzaile sutsu izan da Ertzaintza, Rajoyren Gobernuak onartu zuenetik. (Juan Carlos RUIZ-FOKU)
Mozal Lege honen aplikatzaile sutsu izan da Ertzaintza, Rajoyren Gobernuak onartu zuenetik. (Juan Carlos RUIZ-FOKU)

Herritarren Segurtasuneko Legeak, Mozal Legea bezala ezagutzen denak, hautsak harrotzen ditu Diputatuen Kongresuan kontrako akordioa azalerazi ondoren ere. Ostiral honetan Aitor Estebanek, EAJko kongresuko bozeramaileak, PSOE eta Unidas Podemosi ohartarazi die aldaketak egiteko babes gehiago behar dutela oraindik, ostegunean iragarritaka akordioaren ostean. Horrezaz gain, Estebanek koalizio gobernuko kideei aurrehitzarmenaren edukiaren nondik norakoak EAJri azaldu ez izana aurpegiratu die.

Zehazki, Kongresuko prentsaurrekoan Estebanek Mozal Legearen inguruko eztabaida «etengabe» luzatzen ari direla deitoratu du. Ildo beretik, koalizio kideek beraien arteko akordio batekin «dena konponduta» dagoela iradokitzea gaitzetsi du. «Podemos eta PSOE ados jarriko ziren, baina parlamentu honetan beste gehiengo batzuk behar dira», abisatu du jeltzaleak.

Horren ostean, Estebanek gogorarazi du EAJk Mozal Legearen inguruko proposamen bat egin zuela, «eztabaidatuko denaren oinarria», hain zuzen ere. Estebanek defendatu du EAJ izan zela «ideiaren bultzatzailea» eta orain kexu da PSOE eta Unidas Podemos ez omen direlako beraiekin harremanetan jarri erreformaren zehaztapena bururaino eramateko.

UPk eta PSOEk egin nahi duten aldaketa garrantzitsuena, Mozal Legeak barnebiltzen dituen ‘berehalako kanporatzeak’, espainiar Estatura era irregularrean iritsitako pertsonen itzularaztea alegia, legetik at uztea izango litzateke. Hori horrela, Herritarren Segurtasunerako Lege berriak kanpoan utziko lituzke atzerri eta mugen inguruko aferak eta Atzerritarren Legea soilik arduratuko litzateke zeregin hauetaz.

Aldaketa honetaz gain, atxilotuek identifikazio prozesuetarako komisaldegian gehienez eman dezaketen denbora kopurua bi ordura jaistea dute onetsi dute PSOEk eta Unidas Podemosek.

Ertzaintza, Mozal Legearen aplikatzaile sutsu

Estebanen aldarria azken urteetan EAEn Mozal Legeak izandako aplikazioaren testinguruarekin osatu beharra dago. Izan ere, nabarmena da iragan den urtean, EAJk eta PSEk osatzen duten Lakuako Gobernuaren mandatupean, 6.167 isun ezarri zirela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arau honetan oinarritua.

2020ko isun kopurua 2018an eta 2017an ezarritakoena baino hamar aldiz handiagoa izan zen, 699 eta 638 aldiz aplikatu baitzen Mozal Legea 2018 eta 2017an hurrenez hurren. Horregatik, pandemiaren testuinguruan, Ertzaintzak, «desobedientzia» eta «autoritateari erresistentzia» egitea argudiatuz, inoiz baino erabilera handiagoa eman zioten legeari.