Maitane Aldanondo

Jokoa, nork bere gaitasunak ezagutzeko eta lantzeko tresna

Gaztetxoei euren trebeziak atzematen laguntzea xede du 404 karta jokoak. Hiru ekintzaile gipuzkoarrek garatu dute LEINN graduan osatutako Duiit elkartearen barruan. Urtebeteko lanaren emaitza irailean kaleratu zuten eta 150 ale saltzea dute helburu.

Laia Polo, Ainhoa Mugerza eta Joseba Astigarraga dira Konekta egitasmoaren arduradunak. Heziketa eraldatzeko produktu eta zerbitzuak eskaintzea dute helburu. (KONEKTA)
Laia Polo, Ainhoa Mugerza eta Joseba Astigarraga dira Konekta egitasmoaren arduradunak. Heziketa eraldatzeko produktu eta zerbitzuak eskaintzea dute helburu. (KONEKTA)

Hezkuntza sisteman sumatu duten gabezia bat bete nahian, 404 joko didaktikoa diseinatu eta garatu dute hiru gazte gipuzkoarrek. Horietako bi Mondragon Unibertsitateko Lidergotza, Ekintzailetza eta Berrikuntza (LEINN) graduko 4. mailako ikasleak dira, Laia Polo oñatiarra eta Joseba Astigarraga elgoibartarra. 2018an eratutako Duiit enpresa elkartearen barruan garatu dute proiektua,  Ainhoa Mugerza pedagogo elgoibartarraren parte hartzearekin. Irailean hasi zuten lehen 150 aleen salmenta.

404 erroreak aurkitu ez izana adierazten du Interneten. Norberaren trebezia edo gaitasunekin gauza bera gertatzea saihestu  xede du jokoak, horiek atzematen lagundu nahi baitie gaztetxoei. Abiapuntua Polok eta Astigarragak diseinu inklusiboaren inguruan proiektu bat egin nahia izan zen. Zenbait arazo aztertu eta Hezkuntzan topatu zuten aukera. «Gazteengan, orokorrean, autoezagutza falta handia dago eta horrek beraien gaitasun, abilidade edo talentuak ez ezagutzera daramatza, beraien etorkizunari eraginez. Ez dakite zertan diren onak; beraz, ez dakite nola aurre egin etorkizuneko erronkei edo hartu beharreko erabakiei», laburbildu du Polok. Arlo horri lotutako profil bat gehitzea pentsatu zuten, eta hala, Mugerzarekin harremanetan jarri ziren elkarlanean aritzeko.

Gazteen autoezagutza bultzatzeko proiektu eta zerbitzuak sortzeko asmoz martxan jarri zuten Konekta, iazko irailean. Izen hori du bateragarri diren bi teoriaren uztarketa duelako oinarri. Batetik, Osasunaren Mundu Erakundearen bizitzarako trebetasunen teoria –garapen pertsonala, gizarteratzea eta arrisku psikosozialen prebentzioa sustatzea helburu duten hamar abilezia–, eta bestetik, Howard Gardener psikologo eta ikerlariaren adimen anitzen teoria. Lehenengotik bost aukeratu dituzte: enpatia, egoera larrien kudeaketa, sormena, komunikazioa eta autoezagutza; bigarrenetik, berriz, adimen espazio-bisuala, musikala, korporala eta linguistiko-berbala.

Taldean jokatzeko karta jokoa da 404. 104 karta dira; batetik, erronkak daude eta bestetik, baliabideak. Dinamika nahiko sinplea da: Jokalari bakoitzak karta bat hartzen du eta proposatutako erronkari irtenbidea aurkitu behar dio aukeran dituen lau baliabideetatik gutxienez bat eta gehienez hiru erabilita. «Eguneroko egoerak dira», azaldu du Polok, eta adibide hau jarri du: «Etxera sartu behar duzu, giltzarik ez duzu eta ez dago inor. Baliabide gisa, lego fitxak, pentagrama bat, mimika eta biribil bat. Bada, pentagrama eta legoekin eskailera bat egingo dut. Konexio abstraktuak egin behar dituzte».

Jokoak erregistro taula bat du eta bertan jasotzen da erronka bakoitzean emandako pausoak eta erabilitako baliabideak. Gutxienez hamar erronda jokatzea gomendatzen dute; hala, amaieran, grafiko bat margotu eta bisualki ikus dezakete zein inteligentzia edo gaitasun baliatu duten gehien. Asmoa, ordea, ez da erantzun zuzen bat ematea, galderak sortu eta hausnarketa sortzea baizik. Ebaluazio taularekin batera, eskuorri bat ere badakar. Bertan, bost trebetasunak eta lau inteligentziak era sinple batean azaltzeaz gain, horiek nola garatu eta zein lanbiderekin lotura izan dezaketen ere deskribatzen du. 11-14 urte arteko gazteei zuzendu diete, Lehen Hezkuntza eta DBH arteko aldaketa unea baita. Garai horretan etorkizunari buruzko lehen erabakiak hartu behar dituzte eta ezagutza falta hori agerikoa egiten da.

Astigarragak zehaztu duenez, eskola batean testatu zuten eta erantzuna «polita» izan zen; jasotako iritziekin moldaketak egin zituzten eta bide horri jarraitu diote prozesu osoan, «sektoreko jendearekin, maisuekin, profesionalekin, gure artean...». Salmenta eskolei bideratu diete nagusiki, baita gurasoei ere seme-alabekin joka dezaten. Horrez gain, gaztelekuak, psikopedagogia edota psikologia elkarteak...

Irailean hasi dute salmenta. Lehen tirada 150 alekoa izan da, euskaraz; gerora, agian, beste hizkuntza batzuetara itzuliko dute.  24 euroko salneurria du eta, saltokietan eskuragarri izan dadin lanean ari badira ere, oraingoz Konekta.duiit.es webgunearen bidez soilik eros daiteke.