NAIZ

Fagor Taldeak 2021eko Abbadia Saria jasoko du euskararen normalizazioan egindako lanagatik

Fagorrek 1970ko hamarkadan kooperatibak euskalduntzeko prozesua hasi zuen eta Euskara Batzordeak jarri zituen martxan. Gero euskara planak hasi zituen, eta ordutik beharginek lana euskaraz egiteko aukera bermatzeko lanean daude.

Mondragon taldeko Fagor Ederlan kooperatibak Bergaran duen lantegian ateratako irudia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Mondragon taldeko Fagor Ederlan kooperatibak Bergaran duen lantegian ateratako irudia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria euskararen normalizazioaren alde egiten duen lana txalotzeko. Horrela iragarri du gaur Eider Mendoza, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak. Ohitura den bezala, abenduaren 1ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, jasoko du irabazleak saria, Foru Jauregian egingo den ekitaldian. «Sari honekin, Fagor Taldeari aitortza egin nahi zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak», azaldu du Mendozak.

Mendozak adierazi duenez, alde batetik, Fagorrek euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri du, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. «Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa», esan du.

Gaur egun 8 kooperatibak osatzen dute Fagor Taldea, eta 4.000 langile baino gehiago ditu. Hauetatik, 150 lagun daude Euskara Batzordeetan. 70. hamarkadan abiatu zuen kooperatibak euskalduntzeko prozesua, eta Euskara Batzordeak jarri zituen martxan, euskara eskolak bultzatzen lan handia eginez. 90. hamarkadan, lehen euskara planak abiatu zituen eta 10 urteko bidean kooperatiba guztietan martxan zeuden.

Azken urtetan kooperatibetako langileek lana euskaraz egiteko aukera bermatzeko lanean dihardute. Horretarako, estrategia ezberdinak jarri dituzte martxan: ulermena ziurtatzea, arnasguneak bultzatzea, euskarari funtzio propioak ematea, euskara enpresako sistemetan txertatzea... «Fagor Taldearen ibilbideak eta gaur egun bizi duen errealitateak argi zuten du erreferentzia bat dela euskararen arloan, egin duenagatik, egiten ari denagatik eta aurrera begira adierazten duen konpromisoagatik», azpimarratu du Mendozak.

Sariaren historia

Mendozak gogoratu duenez, Anton Abbadia saria Gipuzkoako Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. «Badira euskararen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan ari dira, eta gaian adituak diren pertsonei zuzenduta daude. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak leku handiagoa bete nahi du, euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi baitu», esan du.

«Anton Abbadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau ematearekin batera, euskararen inguruan lan egiten duten pertsona guztien harremanak indartu eta berritu nahi ditugu, giro hurbil, bero eta alaian», nabarmendu du foru arduradunak.