NAIZ

LABek enplegua suntsitzen eta prekarizatzen duten enpresei aurre egiteko kanpaina hasi du

LAB sindikatuak ‘Haien kontura! ¡Esta ronda que la paguen ellos!’ kanpaina jarri du martxan industria sektorean. Kanpainaren helburua enplegua suntsitu eta lan baldintzak prekarizatu nahi dituzten enpresei aurre egitea da.

Iratxe Azkue eta Zorion Ortigosa LABen industria sektoreko kanpainaren aurkezpen ekitaldian, Bilbon. (LAB)
Iratxe Azkue eta Zorion Ortigosa LABen industria sektoreko kanpainaren aurkezpen ekitaldian, Bilbon. (LAB)

LAB sindikatuak kanpaina berri bat aurkeztu du astearte honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan: ‘Haien kontura! ¡Esta ronda que la paguen ellos!. Sindikatuak azaldu du kanpainaren helburua «edozein aitzakia aprobetxatuz» enplegua suntsitu eta «lan baldintzak prekarizatu» nahi dituzten enpresei aurre egitea dela.

LAB sindikatuko Iratxe Azkuek eta Zorion Ortigosak industria sektorearen inguruan egin duten balorazioaren baitan «kezka» plazaratu dute Lakuak patronalarekiko hartu duen jarreraren aurrean: «Kezkaz ikusten dugu patronalak erakundeen bermearekin abian jarri duen erasoaldia, bereziki Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, bere etekinak handitzea beste helbururik ez duena».

Sindikatuak gogoratu du pandemia heldu arte hazkunde ekonomikoko urteak izan diren arren, hori ez dela islatu lan baldintzen hobekuntzan. «Inposatutako lan erreforma erabiltzen jarraitu da, langileak erabili eta botatzeko kleenex gisa erabiltzeko helburu bakarrarekin», arbuiatu du LABek.

Horretaz gain, urtea hasi zenetik beraueb lanpostuetan 52 langile hil direla salatu du sindikatuak: «Inporta duen gauza bakarra enpresa berekoikeria da, enpresa etekinak beste edozeren aurretik jartzea, langileen bizitzaren gainetik ere bai».

«Enpresa berekoikeria» horri aurre egiteko modu bakarrak antolaketa eta borroka direla defendatu dute sindikatuko bozeramaileek. Hori horrela, Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren kasua azpimarratu dute, non sektoreko hitzarmena, sindikatuaren aburuz langile guztientzako eskubideak bermatzen dituena, arestian azaldutako antolaketa eta borrokaren bidez eskuratu ziren.

Hori gutxi balitz, argindarraren prezioaren igoera eta hornidura kateko eskasiak langileek ordaintzen dituztela eta testuinguru honetan ABEEAk, aldi baterako erregulazio espedienteak, eta behin-behineko kaleratzeak normalizatzen ari direla salatu du LABek. Adibide moduan Volkswagenen eta Mercedesen 2020ko irabazi garbiak jarri ditu, 66 eta 276 milioi euro, hurrenez hurren: «Multinazional handiek bidea ireki dute, baina badakigu patronalaren estrategia bat dagoela egoera aprobetxatzeko eskubideak murrizteko eta enplegua suntsitzeko».