NAIZ

Gutxienez 379 pertsona zendu dira munduan selfieak atera nahian 2008az geroztik

2008tik hona, batez beste, 13 egunean behin pertsona bat hil da munduan selfie bat atera nahian. Hortaz, gaur gaurkoz 379 dira jada hildakoak, 30 urtetik beherako gazte eta nerabeak gehienak.

Bi lagun selfie bat egiten, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bi lagun selfie bat egiten, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

2008ko urtarriletik 2021eko uztailera bitartean, gutxienez, 379 pertsona zendu dira mundu osoan beren buruari argazki bat atera nahian. Horrek esan nahi du, batez beste, 13 egunean behin hiltzen dela pertsona bat selfie bat atera nahian izandako istripu batengatik. Gehienak nerabe eta gazteak dira.

Datuak argitaratu dituzten ikerlarien arabera, heriotza kausa ohikoenak erorketak dira (216 kasu). Gero, garraiobideekin lotutako istripuak egongo lirateke (213), itota hildakoak (66), suzko armekin izandako ezbeharrak (24), elektrokuzioak (24) eta, azkenik, animalia basatiekin argazkiak atera nahian izandako istripuak (17).

Herrialdeka, India izan da selfieak tarteko heriotza gehien zenbatu dituen herrialdea. Zehazki, 100 heriotza jakinarazi ditu. Ondoren Ameriketako Estatu Batuak daude, non 39 heriotza zenbatu dituzten. Gero, Errusia egongo litzateke, zeinak arrazoi honek eragindako 33 heriotza zenbatu dituen bere lurretan. Sailkapenaren 6.postuan espainiar Estatua egongo litzateke, 2008tik hona 15 pertsona hil baitira.

Bestalde, nabarmentzekoa da hildakoen artean turista asko daudela. Hori horrela, 379 pertsona horietatik 141 turistak izan ziren eta gainerako 238ak herrialde horietako bizilagunak.

Adinari dagokionez, hildakoen batez besteko adina 24,4 urtekoa da. Hori horrela, hil direnen %41 19 urtetik beherako nerabeak dira. 20-30 urte bitarteko gazteak, aldiz, hildakoen %37 dira.

Emakume eta gizonen arteko kopuruari dagokionez, hildako 5 pertsonetatik 3 gizonezkoak izan ziren.

Adituek ohartarazi dute heriotza kausa honek goranzko joera duela. Itxialdian selfieak atera nahian batezbestekoa baino askoz pertsona gutxiago hil baziren ere, itxialdia bukatutakoan joerak gorantz egin du berriz.