NAIZ

Ximo Navarro Alaveseko jokalariak ezkerreko belauneko lotailuaren zati batean haustura du

Klubak ez du osatzeko datarik eman, baina jokalari andaluziarrak tratamendu kontserbadorea jarraituko du eta egunero osatzen duen berreskurapenaren arabera, taldera bueltatuko da.

Ximo Navarro Alaveseko atzelariak aste batzuk geldirik egon beharko du. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ximo Navarro Alaveseko atzelariak aste batzuk geldirik egon beharko du. (Raul BOGAJO/FOKU)

Deportivo Alavesek ez du albiste onik jaso asteazken honetan. Izan ere, Ximo Navarroren lesioaren berri jakin dute babazorroek gaur bertan. Klubak adierazi duenez, atzo asteartea, IMQ-n egindako frogen emaitzek »bere ezkerreko belaunaren lotailuaren zati baten haustura» duela esan dute.

Atzelariak tratamendu kontserbadorea egingo du eta egunero osatzen duen berreskurapenaren arabera, taldera bueltatuko da.

Bartzelona eta Deportivo Alavesen arteko norgehiagokaren lehen zatian, 19. minutuan hain zuzen ere, Ximo Navarrok zerbait nabaritu zuen bere beualnean. Jokatzen jarraitzen ahalegindu zen Granadako atzelaria, baina aldageletara joan behar izan zuen ezkerreko belaunan zuen mina zela-eta. Bere ordez, Martin Agirregabiria zelairatu zen.

Kolpe latza izan zen eta izan da Ximo Navarroren lesioa, Javier Callejaren eskeman sartzen den jokalaria baita. Orain arte jokatutako hamaika paridetan, bederatzietan jokatu du andaluziarrak eskuineko hegalean. Gainera, neurketa guztietan titular gisa aritu da, eta zazpi partida osatu ditu.

90 minutuak jokatu ez dituen partida bakarrak Elx eta Bartzelonaren aurkakoak izan dira. Lehenengoen aurkako neurketan 60. minutuan izan zen aldatuta, eta katalanen aurka 20. minutuan aipaturiko lesioagatik.

Minutu gehien jokatu dituen taldeko bosgarren jokalaria da Ximo Navarro, Luis Rioja (907), Laguardia (900), Duarte (852) eta Pachecoren (804) atzetik.

Alaveseko atezaina lesionatuta dabil momentu honetan baita ere, eta klubak gaur jakin behar ziuen azterketa medikuen emaitzak, baina oraingoz ez du horren berri eman.

Gaurko Mendizorrotzako lan saioan Pachecok eta Ximo Navarrok ezin izan dute parte hartu. Callejaren taldea larunbat honetako partida prestatzen hasi da dagoeneko (18.30etik aurrera Levanteren aurka). Beroketa, abiadura, defentsako mugimenduak eta partidatxoak egin dituzte babazorroek.

Bihar, osteguna, lan saio berri bat egingo dute gasteiztarrek Ibaian, 11.00etatik aurrera.