Argi dago atzerriko taldeek oso gertutik jarraitzen dituztela euskal taldeen ibilbideak. Asteazkenean Bera Berak jakinarazi zuen Adriana Cardosok hitzarmena eten egin duela Donostiako taldearekin Txapeldunen Liga jokatzeko. Eta ostegun honetan, gizonezko jokalari batek agur esan dio Bidasoa-irun taldeari.
Kauldi Odriozola Yeregui Bidasoa-Iruneko jokalariak taldea utziko du denboraldi honen amaieran, atzerriko talde batek bere klausula ordaindu duela jakinarazi ondoren. Hala adierazi du jokalaria berak ostegun honetan eskainitako prentsaurreko batean.
Odriozolak (Zumaia, 1997) ibilbidea Pulpo Eskubaloian hasi zuen gaztetan eta 2015eko ekainean iritsi zen Irunera. Asobal Ligako hasiberri onenaren saria (2017) eta eskuin alboko onenaren saria birritan (2018, 2019) irabazi duen jokalariaren egungo kontratua 2023ra arte luzatzen zen.
Jokalariak berak esan ez badu ere, “Diario Vasco”k jakinarazi du Nantes talde frantsesa izan dela zumaiarraren klausula ordaindu duena. Iaz Frantziako Ligan hirugarren sailkatua eta laugarren izan zen Txapeldunen Ligan.
Odriozolak aitortu duenez, erabaki «zaila» izan da, eta Irunen eman dituen zazpi denboraldiak ekarri ditu gogora: «Oso denboraldi onak eta oso politak izan dira. 18 urterekin etorri nintzen Pulpotik, ume bat nintzen. Sekulako giroarekin lortu genuen Artalekuko igoera, eta kluba eta ni eskutik helduta hazi gara urte hauetan guztietan».
Hunkituta, Kauldi Odriozolak eskerrak eman nahi izan dizkie «jendeari eta zaleei, zuzendaritzari, senideei eta gertuko jendeari. Pena ematen dit, baina urrats garrantzitsua da nire karreran». Ia denboraldi osoa aurretik dela, hegal zumaiarrak «elkarrekin geratzen denaz gozatzera eta ezarri ditugun helburuak lortzen saiatzera» deitu du.
Prentsaurrekoan Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentearekin agertu da. Honek azaldu duenez, «operazio azkarra izan da, eta zuzendaritza-batzorde gisa oso argi geneukan zer den Kauldi, eta klubarentzat zer garrantzi eta balio duen. Beraz, gure ustez, aukera bakarra klausula osorik ordaintzea zen».
«Eskerrak eman nahi dizkizugu urte hauetan guztietan, Zumaiako Pulpotik etortzea erabaki zenuenean eta Bidasoa Irun taldeko jokalari garrantzitsua izan zarenean, bai zure inplikazio profesionalagatik, bai pertsonalagatik», azpimarratu du Bidasoako presidenteak. Aurrera begira, «hilabeteak geratzen dira elkarrekin gozatzeko, eta ziur gaude dena emango duela, beti bezala, taldearen helburuak lortzeko».