Kulturaren eta ETAren gaineko erakusketaren «bide luze eta malkartsua», metafora gisa

Afera leuntzeko ahaleginen gainetik, Gipuzkoako Aldundiak euskal kulturaren eta ETAren arteko harremanaren inguruan antolatutako erakusketan parte hartzeko jasotako ezezkoak dira memoriaren eta errelatoaren «bide luze eta malkartsuaren» adierazgarririk egokienak.

 Erakusketaren antolatzaile eta komisarioak. (Jon URBE/FOKU)
Erakusketaren antolatzaile eta komisarioak. (Jon URBE/FOKU)

Ez da beti gertatzen, baina batzuetan, gehiago esaten dute erakusketa baten inguruan falta direnak, jasotako ezezkoek eta hura aurrera ateratzeko zailtasunek, bertan azaltzen direnek baino. Eta ematen du halaxe gertatu dela oraingoan, Gipuzkoako Aldundiak antolatuta, Koldo Mitxelena Kulturunean jarri duten erakusketarekin. ‘Bide luze eta malkartsua’ lemapean, ETAren jardunaren «deslegitimazioan» euskal kulturak jokatu zuen papera aztertzen duen esposizioaren aurkezpenean, erakusketa aurrera ateratzea «oso zaila» izan dela aitortu du Harkaitz Millan Kulturako foru diputatuak. 

Egile eskubideei loturiko kudeaketak oztopo nagusi izan direla argudiatu badute ere, parte hartzeari uko egin dioten pertsonen kasuak ere aipatu ditu Millanek, erakusketa antolatzeko zailtasunen berri eman duenean. ETAren jarduna amaitu eta hamar urtera halako erakusketa bat antolatzea errazagoa izango zela uste zuela ere esan du. 

Otsailaren 26ra arte egongo da erakusketa Koldo Mitxelenan. (Jon URBE/FOKU)

Millanek berak eta bertan izan diren esposizioaren bi komisarioek, Aritz Gorrotxategik eta Javier Baldak (hirugarrenak, Felipe Juaristik, ez du aurkezpenean parte hartu), ez dute gero ezezko horietan sakondu nahi izan, kazetari batek galdetuta ere, eta kontua egile eskubideak kudeatzeak dakartzan zailtasunetara mugatu dute.

Xehetasunik eman ez badute ere, agerian gelditu da erakusketan parte hartu nahi izan ez duten sortzaileak badaudela. Eta, zein da, bada, erakusketaren muina? ETAren jardunaren aurrean euskal kultura «isilik» egon zela dioen ‘mantra’ horrekin haustea, eta jada desagertua dagoen erakunde armatuaren «deslegitimazioan» parte aktibo izan zirela sortzaileak, izan zinematik, literaturatik, musikatik edo bertsolaritzatik. Hainbat eremu eta diziplinatako sortzaileen lanetik hasi eta intelektual nabarmenek herritarren mugimenduetan izan duten parte-hartzera arteko ibilbidea jorratzen dute. 

‘Vaya Semanita’ saioari eta ‘Patria’ telesailari aipamena, ikus-entzunezkoei eskainitako atalean. (Jon URBE/FOKU)

«Berunezko urteetan, kulturgintzak paper garrantzitsua izan zuen ETAren terrorismoaren porrotean eta demokraziaren eta askatasunaren defentsan, eta ezinbestekoa da hori ezagutzea eta baloratzea», esan du, ildo horretan, Millanek.

«Bakerako oztopoak»

Beste hainbat ekimenek bezala, baina, hutsune garrantzitsua sumatzen zaio erakusketa honi: ETArena azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den indarkeria ia bakar gisa agertzea. Jurramendiko gertaerak, Martxoaren 3ko sarraskia, 78ko sanferminetan jazotakoa edota Lasa eta Zabalaren kasuak aipatzen dira bai, baina denak «bakerako oztopoak» aztertzen dituen atalean sartuta, nahas-mahasean, eta hor ere, ETAren «atentaturik latzenak» eta Ortega Lararen bahiketak sartu dituzte.

Nolanahi ere, antolatzaileek nabarmendu dute erakusketa hau ez dela «historiko-dokumentala»: «Kultura-ariketa sortzailea da berez, originala, behin-behinekoa eta eraikitzen ari dena», adierazi du Millanek. Gaineratu duenez, honakoa «oroitzapenez egindako eta oroitzapenerako» esposizioa da. Bistan da, baina, ez dela denon oroitzapenez eta denon oroitzapenerako.