Iker Gurrutxaga-Maite Bidarte

Su Ta Garren kantuak, komiki bihurtuta

Azaroaren 15ean ikusiko du argia Su Ta Gar taldearen letrak oinarri dituen ‘Sua’ komikiak. Alex Tellorena da gidoia eta Julen Ribasenak marrazkiak. Astelehenetik aurrera, GARAko eta NAIZeko harpidedunek aukera izango dute liburua inork baino lehen eskuratzeko.

Audio_placeholder

Su Ta Garren kantuak, komiki bihurtuta

Loading player...
Xabi Bastida eta Alex Tello, ‘Sua’ komikia esku artean dutela. (Gorka RUBIO/FOKU)
Xabi Bastida eta Alex Tello, ‘Sua’ komikia esku artean dutela. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kantu batek arrakasta lortzeko formula zein den jakiterik ez dago, bai, ordea, kantu batzuk herri baten ereserki bihurtzen direla ia oharkabean. Hamarkadaz hamarkada, belaunaldi batetik bestera transmititzen diren kantuak dira, herri baten erradiografia egiteko balio dutenak. Bada, Euskal Herriko ondare ukiezin izendatu beharreko kantuen artean daude, adibidez, Su Ta Gar taldearen asko. Eibarko taldearen kantu bakoitzak istorio bat gordetzen du atzean, eta kantu horien guztien hitzak hartuta, istorio bakarra sortu dute Alex Tello gidoilariak eta Julen Ribas marrazkilariak komiki batean: ‘Sua’. Alex Tello, Julen Ribas eta Xabi Bastida Su Ta Gar taldeko gitarra jotzailea NAIZ Irratian izan dira ‘Sua’ proiektuaz hitz egiteko.

Alex Tello aktore eta zuzendariak 12 urterekin ikusi zuen lehen aldiz Su Ta Gar zuzenean. Anaiak eraman zuen agertoki aurrera, eta, geroztik, bere bizitzako parte izan dira euskal heavy talde ezagunaren doinu eta hitzak. Duela hamar urte otu zitzaion ‘Sua’ komikiaren ideia: Eibarko taldearen letrak oinarri hartuta istorio bat idatzi zuen, baina tiraderan gordeta izan du ia hamarkada batez.

Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida musikariekin zenbait aldiz elkartu bazen ere, Tellok sekula ez zien eman tiraderan gordetako harribitxi horren berri. Azkenean, baina, Dani Fano lagunarekin hitz egin zuen izandako ideia zer iruditzen zitzaion jakiteko, eta honek animatu zuen Su Ta Gar taldekoei komikia kaleratzeko proposamena egitera. Hori, azkenean, 2017an gertatuko zen.

Bastidaren esanetan, Su Ta Gar taldeari kanpotik proposamen asko iristen zaizkio eta gehienetan ezetza ematen dute, nahiago izaten baitute indarra taldean bertan jaiotako proiektuak aurrera ateratzen jarri. Baina Alex Telloren ideiaren berri izan zutenean, «ganberrada» interesgarria eta bitxia iruditu zitzaien.

‘Sua’ gaztea da komikiko protagonista. Su Ta Gar taldeko seigarren kidea izan zitekeen arazorik gabe. «Sua ezagutu genuenean identifikatuta sentitu ginen erabat», aitortu du Xabi Bastidak NAIZ Irratian. Betiko errutinan murgilduta bizi den gaztea da Sua, inguruan gertatzen diren injustiziekin kezkatuta dagoena eta bere bizimoduarekin atsekabetu samar. Orduak ematen ditu tabernan eta parranda da bere ihesbidea. Drogen mamu beltza ezagutuko du, poliziaren aurrean korrika egitea tokatuko zaio... baina musikak salbatuko du. Hori guztia ez da kontatzen liburu grafikoek baliatu ohi dituzten elkarrizketa eta bunbuiloekin, Su Ta Gar taldearen kantuen pasarteen bidez baizik.

36 abesti

Mikel Sotok ‘Sua’ komikiaren gibel-solasean dioen moduan, Su ta Garrek lortu du sortutako disko eta kanta bakoitza ezberdina izatea eta, hala ere, Su Ta Garrena izatea: «Iragan mitologikotik altxatutako arbasoen mendekua, laztanarengandik urrun dagoen maiteminduaren kantua, diruaren esklabotzaren salaketa, euskal preso zaharren rebel song berria, heroina zaldun gupidagabearen kontakizuna, eguen buruzuri bateko parranda, gure asaben jainkosa Mariren omenezko ahaire askatzailea... Ezberdinak guztiak eta, hala ere, guztiak gureak izateko jaioak», aipatzen du Sotok.

Dudarik gabe, kantuen pasarteak aukeratzea eta horiekin istorio bat sortzea lan mardula izan da. Pentsa, 1988ko abuztuaren 14an jo zuten lehen kontzertua Ondarroako gaztetxean Napalm taldearekin batera. Urtebete geroago grabatu zuten lehen maketa, eta, lortutako arrakastari esker, lehen diskoa grabatzera animatu ziren: ‘Jaiotze Basatia’ (Zarata, 1991). Hiru hamarkadako bidean 11 estudioko lan osatu dituzte, 120 kantu baino gehiago. 120 kantu horietatik, 36 erabili dira ‘Sua’ komikian. Baina inork ez dezala pentsa Su Ta Garren biografia errepasatzen duen liburua dugunik esku artean, ez, Su Ta Garren kantuak baliatuz eraikitako istorioa da.

«Egia da, hartu ditugun hitzek abestietan badutela zentzu bat, eta gero komikian beste bizitza bat hartu dutela», dio Julen Ribas marrazkilariak. «Baina zirriborrotik azken emaitzaraino Su Ta Gar da erabat. Hori da komikiaren esentzia eta hor kimika bat sortu da», nabarmendu du.

Artisau lana da ‘Sua’. Ribasek eskuz egin ditu, banaka-banaka, irudi guztiak. Taldea bera harrituta geratu da prozesuarekin, lehen zirriborroetatik zuri-beltzera eta ondoren kolorera egindako bidaiarekin. «Gero eta gehiagotan irakurri, orduan eta gehiago harritzen nau», aitortu du Bastidak.

Funtsezkoa izan da Julen Ribas marrazkilariaren lana. Lapitza bisturi moduan hartu eta Alex Tellok sortutako testuaren disekzioa egin du. Nobela bat balitz bezala jaso baitzuen lehengaia, eta hori komiki gisa moldatzea lan zaila izan baitzen hasieran. Hala ere, ‘Sua’ egitea pribilegioa izan dela dio. «Hasieran enkarguzko lan bat izan zen, baina hain kutuna den talde batentzako lan egitea pribilegio hutsa da. Komiki honen atzean lan asko dago, baina motibatuta egin dut, eta, horrela, lana ez da lana», aipatu du.

GARA eta NAIZeko harpidedunek, lehenago

‘Sua’ liburua azaroaren 18an iritsiko da dendetara, baina GARAko eta NAIZeko harpidedunek azaroaren 8tik 14ra lortu ahal izango dute komikia, inork baino lehenago eta prezio berezian: 17 euro bidalketa gastuak barne. Harpidedunak ez direnek NAIZ webguneko dendan sartuta izango dute liburua lortzeko aukera, baina, kasu horretan, bidalketa gastuak ordainduta.