NAIZ

Giedraitisen azken hirukoak eta erreboteak laugarren garaipenera eraman dute Baskonia (92-89)

Lehen laurden makal baten ostean, behetik gora etorri da Baskonia. Ivanovicek pibotik gabe jokatzeko hautua egin du atsedenalditik bueltan eta hobeto aritu dira gasteiztarrak. Azkenean, Giedraitisek sartu du garaipena balio izan duen azken hirukoa. 

Jayson Granger izan da partidan puntu gehien lortu dituen jokalaria. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Jayson Granger izan da partidan puntu gehien lortu dituen jokalaria. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Baskonia garaipenaren bidera itzuli da Unicaja 92-89 markagailu estuarekin garaitu ostean. Bai bata zein bestea bolada txar baten erdian iristen ziren bederatzigarren jardunaldira –hiru porrot jarraian jasota eta hiru garaipen soilik eskuratuta– eta aurreikusi legez, neurketa estua eskaini dute. Azken segundora arte ez da erabaki norgehiagoka eta azken minutuetan egon den hirukoen elkartrukean, Giedraitisen azkena izan da erabakigarriena, baita horren osteko errebotea ere. Ordura arte, Sedekerskis-ek pistan ondo kokatzeko duen gaitasunean (35 puntuko batez-bestekoarekin bukatu du) eta Granger-en erasoko fintasunean (24 puntu lortu ditu, 7 hiruko sartuta) oinarritu da Baskoniaren jokoa. 

Unicaja hobeto sartu da partidan. Kanpoaldekoak jokoan sartu bezain pronto 2-16ko partziala ezarri dute andaluziarrek. Axel Bouteilleren eta Tim Abromaitisen jokalarien egun ona baliatu du Unicajak markagailuan aldea handitzeko baina hauek desagertzean, Baskoniak partidan sartzea lortu du. 

Vanja Marinkovic serbiarrak zortzi puntu egin ditu jarraian eta hala, markagailua apur bat estutzea lortu dute etxekoek, lehen laurdenean jada maldan gora jarri baitzaio neurketa (14-22). 

Nolanahi ere, Jonathan Barreiroren bi hirukoek zuloa ireki duteberriro, eta konfiantza eta sendotasuna eman diote Unicajari. Minutuek aurrera egin ahala hobeto sentituz joan da baina Simone Fontecchiok Vanja Marinkovicen lekukoa hartu eta Baskonia ere hazten hasi da Arthur Kurucs letoniarrak emandako abiadurari eta defentsa-lanari esker.

13-2ko partzialak etxekoak partidan sartu ditu berriro eta Tadas Sedekerskis lituaniarraren jokaldiak atsedenaldirako markagailua itxuratu du (36-41). 

Erreboteak Unicajari bizitasuna ematen jarraitu du aldageletatik igaro ondoren eta Dusko Ivanovicek pibotik gabe jokatzearen aldeko apustua egin du, Tadas Sedekerskis bosteko osatzen. «Hiltzera baldin bazoaz, konfiantzazko gizonekin hilko zara», adierazi zuen Ivanovicek berak, Movistar-eko kameren aurrean, partida bukatu bezain pronto. 

Fotis Katsikarisek bere gizon altuak pistatik kentzea erabaki du eta Tadas Sedekerskisek bere legea ezarri du indarrak berdintzeko, 57-57. 

Dusko Ivanovicek gizon alturik gabeko boskotearekin jarraitu du eta Jayson Granger eta Tadas Sedekerskisen bi hirukok 10-0eko partziala ezarri eta aurretik jarri du etxeko taldea.  

Bouteillek bere taldea bizirik mantendu du eta bukaerarako bost minuturen faltan, markagailuan berdinketa zela, hirukoen elkartrukean sartu da partida. Azkenean, 43 segundoren faltan Giedraitisek sarturikoa eta bere azken errebotea erabakigarriak izan dira Ivanovicen taldeak laugarren garaipena eskuratu zezan. 

Fitxa teknikoa: 

Baskonia: Granger (24), Giedraitis (11), Fontecchio (13), Sedekerskis (22) y Costello (8) -hasierako bostekoa-, Nnoko (-), Marinkovic (13), Baldwin (1), Enoch (-) y Kurucs (-).

Unicaja: Norris Cole (11), Brizuela (11), Bouteille (23) Abromaitis (17) y Eric (8) -hasierako bostekoa-, Alberto Diaz (3), Jaime Fernandez (2), Barreiro (11), Alonso (-) Nzosa (2), Carlos Suarez (-) y Ruben Guerrero (1).

Epaileak: Carlos Peruga, Francisco Araña eta Alberto Baena. Falta pertsonalengatik kanporatu dituzte Fontecchio eta Granger Baskoniaren aldetik eta Eric Unicajaren aldetik. 

Gertaerak: 6.206 ikusle hurbil dira Buesa Arenara ACB ligako bederatzigarren jardunaldia ikusteko.