Idoia Eraso

Hiru emakume eta hiru gizon Xilabaren txapela irabazteko lehian

Xilaba bertsolari txapelketaren finala Donibane Lohizunen ospatuko da larunbatean. Finalistak Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren dira; hau da, hiru emakume eta beste hainbeste gizon.

Xilaba bertsolari txapelketaren finalean parte hartuko duten sei bertsolaritik bost. (GUILLAUME FAUVEAU)
Xilaba bertsolari txapelketaren finalean parte hartuko duten sei bertsolaritik bost. (GUILLAUME FAUVEAU)

Hiru emakume eta hiru gizon ariko dira Xilaba txapelketaren finalean norgehiagokan. Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolarien artean txapela nork jantziko duen erabakiko da Donibane Lohizuneko Jai Alaian azaroaren 13an. Finalean parte hartuko dute Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren, eta Patxi Iriart Hiribarren.

Donibane Lohizuneko Jai Alaiaren eszenatoki gainean saioa gidatzen emazte bat eta gizonezko bat ariko dira, Amaia Castorene eta Aritz Bidegain, lehiakideak ere erdia eta erdia izanen dira, baita behetik taula gainean begira egongo diren epaileen artean ere horrela izanen da. Horrekin pozik agertu da antolatzailea den Bertsularien Lagunak elkarteko Ortzi Idoate.

Andoni Iturriozek jantziko dio txapela irabazleari. Bertsularien Lagunak elkarteko Ortzi Idoatek Iturrioz hautatu izanaren arrazoia horrela azaldu du astelehen honetan Donibane Lohizunen finala aurkezteko egin den prentsaurrekoan: «Bertsularitza, eta oro har, euskal kultura eta euskal nortasuna, itzaleko lanetik hainbeste lagundu duelako».

Jende gutxiago

Aurreko edizioan baino ikusle gutxiago bildu da seigarren Xilaba honetan. Horretarako arrazoiak ezberdinak izan daitezkeela aipatu du Idoatek:. «Ohikoa baino entzule gutxiago ibili da, osasun ziurtagiria eskatzeak eta, osasun egoerarekin loturiko debekuen ondotik, beste antolakunde anitzek une berean ekimenak antolatzeak eragina izan dute segur aski».

Aldi berean, Euskal Herrian beste bi txapelketa ospatzeak ere eragina izan ahal duela baieztatu du; izan ere, une honetan Bizkaiko eta Nafarroako bertsolariak ere haien lurraldeko txapela lortzeko lehian ari baitira.  

Xilaba 2020an ongi abiatu zen baina, pandemia dela eta, bertan behera utzi behar izan zen, eta aurten berriz berreskuratzea deliberatu dute, besteak beste heldu den urtean ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira joango diren Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako ordezkariak hautatu behar direlako.

Lehiaketan parte hartu duten bertsolariak ere gutxiago izan dira, 28tik 24ra pasa baita kopurua. Hori dela eta, ibilbide trinkoagoa izan da eta zortzi saiotan antolatu da. Makean abiatu zen irailaren 18an, ondotik Muskildi, Hiriburu, Gabadi, Maule, Bardoze eta Izpuran izan dira saioak, larunbateko finalaren aitzinetik.

Sarrerak salgai

Finaleko sarrerak jadanik salgai dira bertsosarrerak.eus atarian. Zuzenean eros daitezke ere Senperen Larraldea baserrian Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, Baionan Elkar dendan, Hazparnen Xuriatea ostatuan, Donibane Garazin Irulegiko Irratian, Pausun Xaia ostatuan, eta Itsasun Herriko etxean.