Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Vanesa Fernandez Guerra
Zinebi jaialdiko zuzendaria

«Zoritxarrez oraindik harrigarria da emakume askoko egitaraua»

Vanesa Fernandez Guerrak unibertsitate mundutik eman zuen Zinebiren zuzendaritzara jauzia 2018an. Pandemiarekin garai nahasiak egokitu zaizkio, baina, halere, zinema independentearen topagune bihurtuko da berriro Bilbo.

Vanesa Fernandez Guerra, Zinebi jaialdiko zuzendaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Vanesa Fernandez Guerra, Zinebi jaialdiko zuzendaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Bilbon da gure Margarethe!». Ostegun arratsaldean Vanesa Fernandez Guerrangandik jasotako whatssap mezu horrek laburbil dezake zinema jaialdi baten antolaketak dakarren eromena eta kezka. Edozerk, pandemia garaian batez ere, zapuztu dezakeelako urte osoan egindako lana.

Ostirala 12an Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldiarekin hasiko da Zinebiren 63. edizioa. Bertan Margarethe von Trotta zinemagile aleman borrokalariak jasoko du aurtengo Ohorezko Mikeldia eta galan bertan zazpi euskal film labur, egile ezagunek eginak zenbait, ikusiko dira. Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiari buruz mintzatu gara bere zuzendariarekin, haize berriak ekartzera etorri zen emakumearekin.

Nola zaude? Barruko kiribilak dantzan?

Pozik, ze azken batean urte osoko lana plazaratzen da hamar egun hauetan. Pozik ere jendea datorrelako eta egoera desberdina delako. Iaz lortu genuen jaialdia presentziala izatea, eta harro nago horretaz ere, nahiz eta osasun neurrien eraginez bakarrik Bilboko jendea gerturatu ahal izan zen aretoetara. Baina aurten panorama guztiz desberdina da. Gomendioak mantentzen ditugu, noski, musukoa eta distantzia, baina egoera desberdina da, kanpotik datozelako zuzendariak pelikulak aurkeztera, hainbat ekitaldi eta topaketa egin ahal izango ditugulako, eta hori garrantzitsua da jaialdiarentzat.

Hala eta guztiz ere, egoera ez da erabat normala.

Guztiz-guztiz ez, baina gero eta egoera normalizatuagoan gaude. Urtarrilean, pelikulak aukeratzen hasi ginenean, oraindik ez genekien zer gertatuko zen bidaiekin, txertorik ez zegoen oraindik, eta gero hasi zen covid pasaportea martxan eta horrek ahalbidetzen du jendea etortzea, zeren nazioarteko gonbidatu asko ditugu guk.

Bi jaialdi prestatzen ibili zarete. 'B planik' izan al da?

Agertoki desberdinak planteatu behar dituzu, eta horregatik erabaki genuen aurten ere jaialdi hibridoa egitea eta online jaialdia mantentzea. Horrek esan nahi du Filmin plataforman nazioarteko hainbat pelikula topatuko dituzuela.

Sarean egoteak ikusgarritasuna ematen dio gainera jaialdiari hemendik kanpo, ezta?

Hori da nire ustez pandemiaren alderik positiboena, baina nik beti azpimarratzen dut jaialdiak presentzialak izan behar direla, zeren azkenean jaialdiok gara elkar topatzeko eta ezagutzeko gune bat, bai profesionalentzat eta baita ikusleentzat ere. Gonbidatu guztientzat Bilbo izango da hamar egunetan elkar topatzeko puntua.

Irakurri dut glamourra falta zaiola Zinebiri. Baina, esaterako, Mikeldi saria jasotzen Margarethe von Trotta izango duzue. Egia da profil berezia duela: ezkertiarra, zinema feminismoaren ikuspegitik landu duena... Glamourraren kontzeptuaren inguruan agian hausnarketa egin beharko genuke komunikabideok?

Glamourra oso kontzeptu zabala da eta, nire ustez, pentsa dezagun ba Margarethe von Trotta guztiz 'glamourosa' dela! Azken finean gure apustua zinema independentean dago. Hemen izan dugu Apichatpong Weerasethakul [Cannesko Urrezko Palma jaso zuen 2010ean thailandiarrak 'Uncle Boonmee Who Can Recall His Past' lanarekin], aurten nominatuta egon dena Oscarretara 'Memoria' pelikularekin. Hemen egongo da ere Marco Bellocchio, aurten Cannesen Ohorezko Saria jaso duena… Hemendik jende asko pasa da: Claire Simmon, Hanna Schygulla bere garaian, Liliana Cavanni, Dardenne anaiak iaz ezin izan zuten etorri baina omenaldia egin genien…. Mikeldi sarien bidez zinemagile ospetsuen ibilbidea aitortu nahi dugu eta Bilbora bere filmografia gerturatu.

Kontatuko diguzu nola kozinatzen den Mikeldi saria eta nola egin duzuen Margarethe von Trotta ekartzeko?

Mikeldiak lortzea oso prozesu luzea da. Lehenik eta behin, kanpora joan behar duzu, jaialdietan egon, hainbat batzar izan, bai zuzendariekin zuzenean nola beraien ekoizle eta ordezkarien bidez. Jaialdia aurkeztu behar duzu, zure ibilbide osoa, saria zergatik ematen diozun azaldu. Margaretherenak, niri pertsonalki, sekulako ilusioa egin dit. Duela bi urte Marta Meszaros hungariarrak jaso zuen Ohorezko Mikeldi bat eta, bat Hungarian eta bestea Berlinen bizi diren arren, lagunak dira Meszaros eta Von Trotta. 70eko hamarkadan hasi ziren Europan zinema egiten  zuzendari legez, eta oso zaila egin zitzaien. Biek partekatzen dute zinemagintza politikoa, militantea eta feminista oso. Ez nuke esango ziklo baten amaiera denik, baina nik biak lotzen ditut.

Gurean beti Zinemaldiarekin alderatzen da Zinebi. Noski, Zinebiren kalterako...

Galdera hori jasotzen ohituta nago, baina guztiz jaialdi desberdinak dira. Zinemaldia Estatu mailan guztiz garrantzitsua da, lehenengo mailakoa baita nazioartean. Alderatzen gaituzte gu Bilbon gaudelako eta Zinemaldia Donostian, baina gu jaialdi ertaina gara, dokumentaletan eta film laburretan espezializatuta dagoena. Ulertzen dut horrelako konparazioak egiten dituztenean, baina zinematografikoki eta alde profesionaletik ezin dira alderatu.

Nik jaialdien mapan zuek non kokatzen zareten galdetu nahi nizun.

Dokumentaletan eta film laburretan espezializatuta gaude, A maila dugu 1994-1995etik aurrera eta horretan gara adituak.

Batzuetan gertatzen da bertakoak ez dugula etxekoa ondo ezagutzen.

Bai, eta orain gero eta gehiago ezagutaraztea espero dut. Halere, noan jaialdietan ikusten dut kanpoan Zinebik daukala errekonozimendua eta jendeak maite duela. Izan ere, Bilbora datozen gonbidatuek, jaialdiaren izena zabaltzen dute.

2018an heldu zenion zuzendaritzari eta hasierako urtean arraroak izan dira, pandemiak bete-betean harrapatu zaituelako. Baina norantz eraman nahi duzu Zinebi? Zein da zure erronka pertsonala?

Nik ditugun lerro berriak indartu nahi ditut. Sartu nintzenean argi neukan egitarau sendoa egin behar genuela, nazioarte mailan presentzia nabariagoa izan behar genuela, emakumeen presentzia handitu behar genuela zikloen edo topaketen bidez, eta, era berean, argi nuen industria sendotu behar genuela. Horregatik sortu genuen Zinebi Networking, hain zuzen ere, bertako zinemagileak, Euskal Herrikoak, babesteko. Aukera paregabea ematen zaie kanpoko ekoizleei beraien lana aurkezteko. Eta, nola ez, argi neukan ere euskararen presentzia indartu behar zela gure jaialdian; bertsio originalean ematen ditugu beti filmak, baina euskarazko azpitituluekin. Batzuetan esaten da Bilbon ez dela euskararik egiten, baina, eragile kultural bat izanik, gure erantzukizuna ere bada euskara sustatzea.

Nola imajinatzen duzu Zinebi, esaterako, bost urte barru?

Agian dimentsio handiagoarekin. Ez dut uste pelikula gehiago sartuko direnik, baina, betiere, ezin dugu ahaztu gure helburua zein den: zinema independente hoberena Bilbora ekartzea. Eta batez ere egitaraua osatzen duzunean, sail ofizialez gain, zikloekin eta topaketekin nolabait koherentzia bat izan behar duzu; dena oso ondo pentsatuta izan behar duzu.
 
Jaialdi baten egitaraua asmoen deklarazio bat dela esan duzu noizbait. Aurtengoari so eginez, emakumeen presentziaren aldeko apustua nabaria da, ia jaialdi feminista bat dela pentsatu daiteke: epaimahaietan gehiengoa, filmetan ere zuzendari gehiago... Ez dakit aurtengo zerbait den edo ardatz nagusia izango den zure zuzendaritzapean?

Hasieratik ari gara joera horrekin. Egia da batzuek esan dutela emakume asko daudela, baina nik beti esaten dut egia dela emakume asko daudela baina nik ikusten ditudanak profesionalak direla, ez emakumeak. Gizonezkoak daudenean inork ez du esaten 'zenbat gizon!', baizik eta 'hainbat profesional etorri da'. Nik ikusten ditut profesionalak, eta, profesional horien artean emakumeak daudenez, nire ustez zoriona bikoitza da.

Ez zen kritika bat.

Halere, oraindik zoritxarrez harritu egiten gaituen zerbait da, baina nik espero dut hemendik bost urte barru, edo hamar... gauzak aldatzea. Ez, hori beranduegi da eta oso baikorra naiz!

Badakit zaila egingo zaizula,  baina edizio honetan zer ez genuke inolaz ere galdu behar? Egitarau begiratzean jendea galdu egiten da, eta nik bizpahiru titulu azpimarratzea eskatuko nizkizuke, edo ziklo bereziren bat aipatzea...

Ba, Ohorezko Mikeldiak, Margarethe von Trotta eta Helena Tabernarekin egingo den solasaldia, Imanol Uriberekin ostegunean egongo den topagunea... eta, horrez gain, oso garrantzitsua da jaialdiarentzat Focus Mexiko. Mexikotik datozen zinemagile eta aktibistekin igandean izango dugun mahai inguru publikoa oso garrantzitsua da. Eta zergatik da garrantzitsua? Iran eta Palestinako zinemagileekin egin genuen bezala, jaialdiak hausnarketarako paradak eman nahi dituelako. Pentsatu behar dugu zer den Mexikon bizitzea, zer den Mexikon zinema egitea emakumea izanik, are, zentralizazio gabeko zinemagintza egitea zer den. Bazterretan dagoen zinemagintzari buruz mintzatuko gara, erabat independentea, eta kontuan izanik horietako batzuek ere lan egiten dutela hizkuntza gutxituetan. Hori plazaratu behar dugu, jaialdira ekarri eta ikusleei esan: “Hau ere badago eta honen inguruan goazen hausnarketa bat bideratzera”.  

Euskal ekoizpenaren presentzia ere nabaria da. Gaurko inaugurazioan emango diren lanei begira, Zinemaldian film luzeak aurkeztu dituzten zinemagileak ikusi ditut. Harrobi bezala funtzionatzen duzue?

Polita da hori, zeren film laburrak egin dituztenean Zinebin aurkeztu dituzte. Gero luzeak egiten dituzte, dela fikzioa edo dokumentala, baina berriz laburretara itzultzen direnean berriz Zinebira bueltatzen dira. Maider Oleaga eta David Perez Sañudo daude, eta Txusko Poyo agian ibilbide artistikotik begiratuta… Baina badago jende bat joan eta etorri egiten duela film laburretara, eta hori oso aberasgarria da. Gainera, film laburrez aritzeaz ez dugu inolaz ere ahaztu behar istorio batzuek film laburrak izan behar dutela. Eta horrek ere badu bere xarma eta bere zailtasuna: zelan kontatu istorio bat modu labur eta erakargarri batean?