Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Eskoziako independentismoak 2023an egin nahi den erreferendumerako kanpaina luzea suspertu du

SNPk balizko Eskozia independente bati forma emango dio hurrengo asteburuko konferentzian, ‘The National’ egunkariak ale berezi baten milioi bat kopia banatuko ditu doan eta musika jaialdiak edo kanpaina diseinatzeko konferentziak egingo dira datozen asteetan.

Marcha independentista en Glasgow durante la COP26. (Davy TOLMIE / AFP)O
Marcha independentista en Glasgow durante la COP26. (Davy TOLMIE / AFP)O

Glasgowko gailurra igarota, Eskoziako politikari eta aktibistak etxeko lanetara itzuli dira eta independentismoa fronte ezberdinetan antolatu da, datozen egun eta asteetan 2023an proiektatzen duten erreferendumeko kanpaina luze hori suspertzeko.

Nicola Sturgeon lehen ministroak bigarren independentzia-erreferendum bat egin nahi du 2023ko amaierarako, betiere koronabirusaren pandemia igaro bada. Irailean, Holyroodeko Parlamentuan egin zuen Gobernu programaren adierazpenean jakinarazi zuen funtzionario publikoei jarraibideak ematen ari zitzaiela independentziaren prospektua eguneratzeko. Eta duela gutxi, udaberrian zehaztasunak emango dituela baieztatu zuen.

Hala ere, Edinburgoko Gobernua martxan da dagoeneko eta lehen mezua funtzionarioei igorri die. SNPk konferentzia antolatu du azaroaren 26tik 29ra, baina gaur, dagoeneko, ezagutu da bertan eztabaidatuko den proposamenetako bat. Independentziak 35.000 lanpostu berri sortuko lituzke administrazio publikoan, eta departamentuak herrialde osoan banatuko lirateke. Eskoziarrek duten kritika zabalduenetako bat da boterearen zentralizazioa eta Sturgeonek proposamen honekin egin nahi dio aurre.

Gaur egun, eskoziar Gobernuaren funtzionario publikoak 7.500 inguru dira, eta Erresuma Batuak Eskozian duen zerbitzu zibilak 25.000 langile gehiago ditu. «Eskoziako Gobernuak 35.000 lanpostu inguru beharko lituzke». Honela jarraitzen du: «Eskoziako eremu guztiek independentziaren onuren zati justu bat lor dezaten bermatzeko, konferentziak proposatzen du SNPko Gobernu eskoziar batek bermatu behar duela administrazio publikoko oinarrizko lanpostu guztiak kontseiluko 32 arloetan banatzea, eremu horietako populazioaren proportzioan».

Mozioaren arabera, landa-eremu edo eremu behartsu batzuek (Dumfries eta Galloway, Scottish Borders, Highlands, Inverclyde eta An Na h-Eileanan nan Siar) «gutxienez egungo biztanleriaren %20ko haztapen gehigarria» jaso behar dutela. Ez dira kokapen zehatzak ematen Gobernuko departamentu berrientzat, baina jatorrizko proposamenaren egileetako batek, Tim Rideout doktoreak, iradoki zuen estatu berriko Defentsa Ministerioa Argyllen egon zitekeela, Hezkuntza Ministerioa Perthen, Kanpo Harremanetarako Ministerioa Falkirken edo Stirlingen, Arrantza saila Lerwicken eta Energia Ministerioa eta energia berriztagarrien konpainia nazionala Aberdeenen.

1.000.000 egunkari

Beste fronte batean, ‘The National’ egunkariak erronka handi bat hartu du bere gain, SNPrekin eta Believe in Scotland (Sinetsi Eskoziarengan) erakundearekin batera. Herrialde osoan zehar egunkariaren zenbaki berezi bateko milioi bat ale banatuko dituzte doan St Andrews egunean, azaroaren 30ean. Milioi bat ale, 5,5 milioira iristen ez den populazio batean.

Egunkariak Nicola Sturgeon lehen ministroaren jatorrizko piezak eta beste figura garrantzitsu batzuk bilduko ditu. Edizio bereziaren edukia ongizatean oinarrituko da, eta Eskozia independente batek Erresuma Batutik kanpo aurrera egin dezakeela jakinarazteko jomuga dauka.

Lehenago, larunbat honetan bertan, egunkariak 24 orrialdeko gehigarri bat argitaratuko du, pentsioak edo COP26ak Erresuma Batuari eta Eskoziako ekonomiaren kudeaketari buruz esan duena bezalako gaiak jorratuz.

Esan bezala, fronte ezberdinetatik ekin nahi diote lasterketa luze hau irabazteari. Zentzu horretan antolatu dute Glasgown, asteburu honetarako, YEStival musika jaialdia, independentziaren alde egiten den halako lehen ekimena.

Eta Glasgowtik, Aberdeenera. Mendabeldeko langile hiritik, ekialdekora. Aberdeeneko Yes mugimenduak konferentzia berezi bat iragarri du otsailaren amaierarako. Eta ordu gutxitan bete dira parte-hartzeko plaza guztiak. Honen helburu nagusia erreferenduma irabazteko kanpaina bera diseinatzea izango da. Horretarako Eskoziako zonalde guztietako ekintzaileak bilduko dira independentziaren aldeko kanpaina irabazle baten sorreran aurrera nola egin eztabaidatzeko.

Horrekin guztiarekin, independentismo eskoziarra etorkizuneko estatu eskoziarra bistaratzen saiatzen ari da, independentzia zerbait ukigarria izan dadin. Sturgeonen promesaren arabera, bi urte dituzte gizartea konbentzitzeko.