Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Antzinako bizimodua kontatzen duten paperak topatu dituzte Goizuetan

XVIII. mendeko bizimodua ezagutzeko euskaraz idatzitako dokumentuak topatu dituzte Goizuetan. Merkataritza, abeltzaintza eta beste jarduera batzuen berri ematen dituzte kutxa batean, maindireen azpian, topaturiko paper hauek. Liburu batean bildu dituzte  Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak.

Topatu diren dokumentuen artean abereen zerrenda hau dago. (Iñigo URIZ/FOKU)
Topatu diren dokumentuen artean abereen zerrenda hau dago. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Nagusi jauna» esamoldea bat-batean eta ezustean azaldu zitzaion Goizuetako Pilar Untxalori lehengusu batzuen etxean topatu zuten paper zahar mordoa aztertzen hasi zenean. Euskaraz idatzita zeuden eta XVIII. mendeko bizimodua kontatzen zuten.

Lehengusu batzuen etxe zaharrean, Paskoltzenean, topatu zituzten paperak. «Gure amari entzuna nion paper asko zeudela etxe horretan. Baina nik uste nuen Elizakoak eta horrelakoak izango zirela. Baina ezustekoa hartu nuen. Matematika erakusteko 1778ko liburua dago, adibidez. Eta komertziora dedikatzen zirenez, euren kontuak daude. Eskuizkribuak dira, munduan bakarrak, ez dago  horrelakorik», azaldu du. Eskuz idatzitako paper horietako asko euskaraz daude eta XVIII. mendeko Euskal Herrian bizimodua nolakoa zen zuzenean ikusteko tresna ezin hobea dira.

«Kutxa handi bat zen salan eta han maindireak izaten ziren. Harizko maindireak. Husten hasi ginen, maindireak atera eta izugarrizko paper pila atera zen. Urteotako bizimodu osoa zegoen han. Hoberena  herriari ematea zela erabaki genuen», kontatu du Pilarrek. Etxe zaharretik Goizuetako Herriko Plazan zegoen liburu-denda zenera eraman zituzten paperak.

Idazkiak miatzen hasi zenean topatu zuen «Nagusi jauna esaten diot berorri» Pilarrek. «Berorika idazten zuten. Eta kontuak zirela ikusi nuen. Takikardiatik gertu izan nintzen», dio. Gaua zen, baina ez zen ohartu eta Whatsappeko mezuak bidaltzen hasi zen.

318 dokumentu
Orotara, 318 dokumentu dira. Pilarrek azaldu duenez, gehiago dira baina asko zatika agertzen dira. Beste batzuk, berriz, osorik daude eta euskaraz idatzita.

Idazki horietako batzuk Jose Ramon Minondok Oiartzungo Olaberri burdinolaren gestioari buruz 1790. eta 1807. urteen artean idatzitako gutunak dira. Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu duten liburuan bildu dituzte eskutitzok. Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberri dira argitalpen horren arduradunak.

Oiartzungo Olaberriako kontuak ez ezik, Arranbidekoak eta beste ola batzuen dokumentuak ere agertu dira. «Ola horietako bizimoduak, kontuak, eta abar luze bat azaltzen da bertan», esan du Pilarrek. Paper bat hartu eta kontatzen hasten da: ikazkinak, itzainak, harginak, ... «Ofizio guztiak azaltzen dira eta bakoitzari zenbat ordaindu dioten», azaldu du. Garai horietan egindako lanen parteak ere agertzen dira orain plastikoz babesturik dauden dokumentuetan. «Gu bulegoan lanean aritzen ginen bezala, hauek ere berdin egiten zuten. Eta euskaraz», azpimarratu du.

Gehienak 1790. eta 1807. urte artekoak
Paper gehienak 1790. eta 1807. urte artekoak badira ere, badira bakan batzuk are zaharragoak direnak, 1723koak, minondotarren belaunaldi desberdinetakoak. Oletako arduradunaren semearen agiriak ere badaude. «Semea komertziora dedikatu zen gehiago eta hemen agertzen da norekin izaten zituzten tratuak». Liburu horietako baten azalean «Copiador de cartas» agertzen da, garai haietako dokumentuen segurtasun kopiak egiteko erabiltzen zuten tresna. Egun disko gogor batean edo sarean gordetzen diren bezala, orduan gutunak eskuz kopiatzen ziren liburu mardul batean. Eskutitz horiek  gazteleraz daude. Euskal Herritik burdina  saltzen zuten eta bueltan kakaoa, tabakoa eta horrelakoak ekartzen zituzten.

Notario bat ere bizi izan zen etxe horretan eta oposizioak egiteko ikastaroa ere agertu da Goizuetako paper zaharren kutxan. «Denetarik dago», nabarmendu du Pilarrek. Baita lapurtarrekin izaten zituzten tratuak jasotzen dituzten idazkiak ere.  Emakumeek idatzitzako agiriak ere badira. «Dezente gainera», azpimarratu du Pilar Untxalok.  

Abereen inbentarioa
Baserri bateko abereen inbentarioa ere agertu da Goizuetako paperen artean. «Zezentxoak, behor handia, adar motza, bildots hori, zezen lepo beltza, umezurtzaren umea, bi adats, zezen beltza eta horren umea, aretxea, behia bere txekorrarekin, adar motza...», irakurri du bi orrialdetan idatzitako zerrendatik.

Toponimiaren inguruan aipamen ugari ere badago. «Toki batetik bestera egurra eramaten dutela kontatzen dute. Beste nonbaiterik harria ekarri dutela azaltzen dute. Baba nondik ekartzen zen aipatzen dute. Gariarekin berdin. Garaiko bizimodua nola zen argi eta garbi erakusten da hemen, historia txikiak», azaldu du.

Garai hartan Frantzian izan zen Konbentzioaren Gerrak (1793-1795) izan zituen ondorioak ere aipatzen dira eskuz idatzitako gutunetan.

Eskuz idatzitako agiriekin batera, garaiko liburuak ere agertu dira. XVIII. mendean Iruñean inprimatutakoak, esaterako. Beharbada, ohikoagoak dira, baina garaiaren lekuko dira horiek ere.

Kontuak gazteleraz egin ohi zituzten, baina gero horien ondorioak edo iruzkinak euskaraz idazten zituzten. «Nik ere horrela egiten dut», onartu du Pilarrek.

Aurkitu orduko argi eta garbi izan zuen Pilar Untxalok esku artean zuena Euskal Herriaren ondarea zela. «Euskarazko dokumentu piloa zen. [Nafarroako Gobernuko] Euskara Zerbitzuko teknikariei deitu nien material hau noren eskuetan utzi ahal genuen galdetzeko. Etorri ziren eta hemengoa altxorra zela esan nien. Aztertu zuten. Euskaltzaindiak ere parte hartu du egin duten azterketan».

Ikerketa horren fruitua Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu duten liburua da. Asteartean Bilbon aurkeztu zuen Euskaltzaindiak eta bihar, ostirala, Goizuetan beste aurkezpen bat egingo da, 18.30ean udaletxeko ganbaran.

Euskal Herria eta Goizueta
Paperak Goizuetan izateak berebiziko garrantzia du Pilar Untxalorentzat. «Euskal Herriaren ondarea dira, baina Goizuetarena ere bai», zehaztu du. Izan ere, Nafarroako Artxiboko edo Unibertsitateko adituek paperak hartu eta zortzi urtez beren eskuetan izan nahi zituzten, horiek ikertzeko.

Kopiak eskaneatu ondoren, Goizuetara itzuli behar zituztela argi zuen Untxalok. «Asmoa ondare hau hemen, Goizuetan, erakustea da. Herriari ere balio bat emateko. Herriarena da ondare hori», esan du. Udaletxeko artxiboan, halere, toki gutxi dago. Bitartean, Herriko Plazan bertan ahizparen liburu-denda zenean ditu gordeak paperak Pilarrek, interesa duenari erakusteko prest, plastikozko zorrotxoetan babesturik. «Ez dago pegarik. Niri abisatzen badidate egun jakin batean goiz guztirako etorri nahi dutela esanez, etor daitezela».