NAIZ

Nafar eskoletako jantoki osasungarri eta jasangarriek 450.000 euroko itzulera dakarte sektorera

Eskoletako 11.500 menuen elikagaiek 450.000 euroko itzulera dakarte sektore ekologikora ikasturte batean, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak jakinarazi duenez. Elikaduraren inguruan sentsibilizatzeko lanean ere ari dira hainbat ikastetxetan.

Eskolen ostean, ospitalak edo espetxeak dira elikadura aldatzeko hurrengo erronkak. (NNPEK)
Eskolen ostean, ospitalak edo espetxeak dira elikadura aldatzeko hurrengo erronkak. (NNPEK)

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) bost urte daramatza jantoki kolektiboetan menua aldatzeko prozesuak eredu osasungarri eta jasangarriagoetara eramateko laguntza lana egiten. Gero eta eragile gehiagok trantsizio hori hastearen alde egiten dute, Nafarroako elikagaien erosketa publikoa irizpide osasungarri eta iraunkorrekin erabaki dadin.

«Gure lehen sektoretik datozen elikagai ekologikoak, tokikoak, freskoak eta sasoikoak elikadura-ohiturak birbideratzeko, ingurumena errespetatzeko eta landa-garapenean eragin positiboa izateko tresna dira», nabarmendu du NNPEK ohar baten bidez.

Aurten, NNPEK-ek lau mahai sektorial egin ditu ekoizleekin, akordioak ezartzeko eta salmenta kanal horretan sakontzeko. «Izan ere, ekoizpen txikiak kanal honetara iritsi eta jantoki kolektiboak hornitzeko modua taldekatuz eta produktu anitz eramanez lortzen da, eskuragarriak ziurtatuz eta planifikatuz». Bide horretan olioaren, barazkien, lekaleen eta haragiaren sektorearekin lan egin da, «profesionalizatzeko eta ekoizleei kanalerako sarbidea ahalbidetzeko». 

Lan horretaz gain, eragileak laguntzen ditu menu osasungarri eta jasangarriak lortzeko bidean. Aurten nabarmendu beharreko mugarri bat Iruñeko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren lizitazio-plegua da, 600 erabiltzaileri zerbitzua ematen diena.

Nabarmentzekoa den eta sektore ekologikoan ondorio zuzenak izan dituen beste egitate bat da Hezkuntza Sailak lizitaziora atera duela 2021/2022 ikasturterako eskualdeko eskola jantokien kontratazioa, ingurumen irizpideak txertatuta. Horrek tokiko elikagai ekologikoak eguneko 8.000 menutan sartzea ekarri du.

Ekoalde eguneko 1.800 menuetako elikagaiak hornitzetik 11.500 menu hornitzera igaro da aurten. Horren ondorioz, elikagai ekologikoak, freskoak eta hurbilekoak ageri dira osagai nagusi gisa. «Maila ekonomikoan, sektorean izan duen eragina funtsezkoa da: 11.500 menuen elikagaiek 450.000 euroko itzulera dakarte sektorera ikasturte batean», nabarmendu dute.

«Zifrek erakusten dutenez, gero eta pisu handiagoa hartzen ari den kanala da, eta lizitazioetan izandako irizpide aldaketek ‘traktore-efektua’ dute kolektibitateen kanaleko elikagai ekologikoen kontsumoan, eta, aldi berean, eragin positiboa dute tokiko sektore ekologikoan, bai salmenten bolumenean, bai kanal berriak irekitzean, bai inkorporazio berrietan edo negozio lerro berrietan. Kontratazio Publikoaren Behatokiaren arabera (2017), erosketa publikoa 130.000 milioi eurokoa da urtean espainiar Estatuan (BPGren %20), eta horietatik 3.000 elikagaien erosketa publikora bideratuko direla kalkulatzen da», gehitu dute.
 
Eskoletan sentsibilizazioa

Menu osasungarri eta jasangarri baterantz joateak eskoletan «aldaketa sakonak» eragiten dituela nabarmentzen dute. Bide horretan, Harvardeko platerean oinarritutako plater interaktibo bat ere banatu dute 10 ikastetxetan, elikaduraren inguruan sentsibilizatzeko, Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoko Institutuarekin lankidetzan.

NNPEKek lan honetan aurrera egitearen alde egiten du, «administrazioen inplikazioarekin, Nafarroako elikagaien erosketa publikoa jasangarritasun-irizpideekin egin dadin». Eta hurrengo erronkak ere zehaztu dituzte; Ospital publikoetako, egoitzetako edo espetxeetako jantokiak. «Horrela, elikadura birkokatzeaz gain, dieta jasangarriak eta osasungarriak eskaintzen dizkiegu pertsona guztiei, elikadura osasungarria izateko eskubidea bermatuz».