NAIZ

Donostiako hirigunea 2023tik aurrera zirkulazio pribatuari ixtea proposatu du Udalak

Alde Zaharrean, Bulebarraren eta Arabako Parkearen artean «bizitegitarako lehentasunezko eremu» bat sortu asmo du Udalak 2023tik aurrera, eta soilik bertan bizi direnak eta baimendutako ibilgailuak sartu ahal izango dira autoz.

Donostiako Bulebarreko trafikoa gutxitu nahi du Udalak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Donostiako Bulebarreko trafikoa gutxitu nahi du Udalak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Udalak mugikortasun eskema berri bat prestatu du, ‘Datorren Donostia’, hiriaren erdigunea trafiko pribatuari ixteko eta 2023tik aurrera bizilagunei eta baimenduei mugatzeko.

Eneko Goia hiriko alkateak eta Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak eredu berriaren berri eman dute prentsaurrean ostiral honetan. Beraien esanetan, eztabaidarako eta herritarren partaidetzarako irekita dagoen eredu honek «oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoaren erabiltzaileen mugikortasuna jartzen du arreta».

Berritasun nagusiak hiriaren erdigunean eta Parte Zaharrean du eragina, Bulebarraren eta Arabako Parkearen artean. Bertan, mugikortasun plan berriaren lehenengo fasean, «bizitegitarako lehentasunezko eremu» bat sortuko da, eta soilik bertan bizi direnak eta baimendutako ibilgailuak sartu ahal izango dira autoz.

Gainerako trafiko pribatuak «errotazioko aparkalekuetan sartzeko egokitutako» perimetroko ibilbideak baino ezin izango ditu erabili, baina ezin izango dira kaleetan sartu.

Udalak kamerak jarriko ditu inguruko toki batzuetan, baimendu gabeko ibilgailurik ez dadin ibili ez dagokion bideetatik.

Askatasunaren hiribideak, seguruenik, bizikletentzako errei bat izango du, eta garraio publikoko bide nagusi bihurtuko da. Bulebarreko trafikoa mugatu egingo da, eta kale hau handitzeko asmoa iragarri du alkateak.

Auzoetara zabaltzeko asmoa

Goiak esan duenez, Udala «ez da erdigunearekin konformatuko» eta eskema hori beste auzo batzuetara zabaltzea aurreikusten du, hala nola Grosera.

Planteamendua «aurreratuta» dago Gros auzorako, segur aski proiektuaren hurrengo fasea izango baita. Hala, «oinezkoentzako eremu berriak ezartzea eta Jose Maria Soroa bezalako kaleak oinezkoentzako bihurtzea» proposatu dute.

Udalak berdegune berriak sortu nahi ditu Antiguako tunelaren inguruan eta Zurriola pasealekuaren amaieran, baita Araba parkea eta Loiolako Erriberetako Oroimenaren Lorategia handitu ere.

«Donostiarako mugikortasun diseinu berria nahi dugu, hain zuzen ere, emisio kaltegarriak murrizteko eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoarekin bat datorren diseinua, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko gai izango dena. Pertsonak erdigune diren hiria nahi dugu, osasungarriagoa, inklusiboagoa, bizitzeko egokiagoa, biziagoa, eraginkorragoa eta ederragoa», agertu du alkateak.

Metroa, «zentral»

Udalak adierazi duenez, herritarren artean polemika sortu duen Metroaren lurpeko pasantea hiriko garraio publiko urbanoaren elementu «zentral» bihurtuko da; izan ere, gainerako baliabideekin batera, esan du erabiltzaile guztiei aukera emango diela hiriko edozein lekutatik ordu erdira iristeko.