Jon Ormazabal

Suaren gainean dantzan aritu den Bera Bera erre egin da eta agur esan dio Europari

Partida gehienean aurretik joan bada ere, 16-11 ere aurreratu da bigarren zatiaren hasieran, kanporaketari buelta emateko hartu beharreko arriskuek partida irabazteko aukerarik gabe ere utzi du talde donostiarra (27-29).

Maitane Etxeberriaren golak ez dira nahikoak izan kanporaketari buelta emateko. (Gorka RUBIO/FOKU)
Maitane Etxeberriaren golak ez dira nahikoak izan kanporaketari buelta emateko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kanporaketaren 120 minutuetatako askotan hurrengo fasean egoteko gaitasuna erakutsi badu ere, Eropari agur esan dio Bera Berak Valcea talde errumaniarraren aurka 27-29 galduta. Joaneko partidan sei tantuz galdu ostean, arriskuak hartzera behartuta zegoen Imanol Alvarezen taldea –minuturik gehienak erasoan zazpi jokalarirekin aritu dira– eta une askotan suaren gainean dantzan aritu badira ere –16-11 ere aurreratu dira bigarren zatiaren hasieran– azkenerako kiskali egin dira, hein handi batean aurkarien atearen aurrean asmatu ez dutelako. Atezainik gabe erasoan zirela zutoinen eta aurkarien atezainen aurka egin dute tupust eta kanpotarrek gol errazak izan dituzte, lehendik ere zaila zena are gehiago zailduz.

Erronka handia bazen ere, burua hotz eta bihotza bero zutela ekin diote partidari Imanl Alvarezen neskek. Hasiera-hasieratik izan dute markagailuaren kontrola, lehen lau minutuetarako aldearen erdia janda zuten 3-0 aurreratuta, baina argi zuten kanporaketa ez zela bost minututan erabakiko eta partida oso orekatua beharko zutela kanporaketari buelta emateko.

Joaneko partidan horrenbeste min egin zion 5-1 eko defentsa ondo landu dute astean zehar donostiarrek eta baloia ondo mugitu dute erasoan, aurkarien zenbait kanporatze ere behartuz, baina azken jaurtiketetan erginkortasun pixka bat gehiago falta izan zaie markagailuan alde egin ahal izateko. Eta defentsan, kontraeraso asko bideratzeko modurik izan ez duten arren, nahiko ondo eutsi diete lehen zatian Liscevic erreferentzia gabe aritu behar izan duten errumaniarrei.

Liscevicen erantzuna

Hala, pazientziaz jokatuta, eskuin hegaletik min handia eginda eta atsedenaldiaren aurreko azken erasoetan 7 jokalarirekin arituta, markagailuan aldea egite lortu dute, pena azken segunduan jasotako gol batek markagailua 14-10 utzi duela.

Aldageletetatik bueltan, Valceak erdi lesionatuta zegoen Liscevic kantxaratu badu ere, gauzak oso alde jarri zaizkio Bera Berari (16-11) aurretik jari direnean, baina kanporaketa berdintzetik inoiz baino gertuago egon diren une horretan egindako huts pare batek oso gol errazak –atezainik gabe– eman dizkie bisitariei eta egindako lan guztia erori zaie (16-15).

Min hartuta egon arren, Valceako izar serbiarra izan bada errumaniarren erasoa berpiztu duena, gipuzkoarren artean Maitane Etxeberria izan da, eskuin hegaletik min handia eginez, erantzunkizuna hartu duena, Fernandesen ezinaren aurrean.

Markagailuan alderik egiteko ezintasunak arrisku are handiagoak hartzera eraman du Imanol Alvarez, erasoan zein defentsan eta zirt beharrean zart egin dute donostiarrek, gehienbat ate aurrean asmatu ez dutelako. Errumaniarrek atean egindako aldaketek ere asko eman diote Valceari eta hala, partida amaitzeko  lau minuturen faltan aurreratu dira lehen aldiz, 25-26, atezainik gabe lortutako bosgarren golaren ostean.

Kanporaketa ezinezkoa ikusi duten unean, nabarmen egin du behera talde donostiarrak eta partida irabazteko aukerarik ere ez du izan, azkenerako 27-29 galduta.

 

27 - Super Amara Bera Bera: Alice Fernandes, Gil (2), Boada, Cavo (3), Polonio (1), Oliveira Fernandes (1), Etxeberria (8), Arrojeria (3), Menéndez (1), O´Mullony, Cesareo (1), Ugartemendia, Hernandez (4, 3 penaltiz.), Loidi (3 de pen.), Moreno eta Bautista.

29 - Ramnicu Valcea: Hosu, Roch (1), Glibko (1 pen.), Klikovac (9), Bucur (2), Florica (1), Batinovic, Liscevic (1), Mireya González (2), Florica (2), Elghaoui (1), Gorshenina (4), Levchenko, Dache (3), Lupei, Dascalete, Nikolic (2  pen.)

Markagailua bost minutuero: 3-0; 5-3; 6-4; 8-5; 11-8; 14-10 –atsedenaldia– 16-13; 19-16; 22-19; 24-23; 25-24; 27-29.

Epaileak: Malgorzata Lidacka eta Urszula Lesiak (Polonia). Menéndez, Cavo, Cesáreo, Polonia, Dache, Florica, Lupei, Gorshenina, Klikovac, Mireya González kanporatu zituzten bi minutuz.

Gorabeherak: 1200 zale inguru Donostiako Josean Gaska kiroldegian.