NAIZ

400 lan baino gehiago aurkeztu dira Emakunderen ‘Beldur Barik’ lehiaketara

400 bideo baino gehiago jaso ditu Emakundek aurtengo ‘Beldur Barik’ lehiaketan, iaz jasotakoen bikoitza. Ostiral honetan Agurainen eginen dute sari banaketa, streaming bidez jarraitu ahal izango dena.

2021eko ‘Beldur Barik’ lehiaketaren aurkezpen ekitaldia, Agurainen. (EMAKUNDE)
2021eko ‘Beldur Barik’ lehiaketaren aurkezpen ekitaldia, Agurainen. (EMAKUNDE)

Emakundek jakinarazi du 400 lanetik gora jaso dituela aurtengo ‘Beldur Barik’ lehiaketak, iaz jasotakoen bikoitza. Asteazken honetan izan da 2021eko edizioaren aurkezpen ekitaldia, Aguraingo Harresi aretoan, eta bertan iragarri dute sari banaketa ostiral honetan, azaroraren 26an, bertatik eginen dutela eta streaming bidez emititu, nahiz eta hasiera bateko asmoa presentzialki egitea zen. Hala ere, Arabako udalerriko egungo osasun egoera dela-eta, antolatzaileek sari banaketarako programatuta zituzten tailer eta jarduerak bertan behera utzi dituzte.

‘Beldur Barik’ bideo lehiaketa bat da, non parte hartzaileek indarkeria matxista eta berdintasunaren kontzientziazioa landu behar duten. 12 eta 26 urteko gazteei dago zuzenduta eta aurtengo lanetako asko ikastetxeetan sortu dituzte parte hartzaileek. Jorratutako gaiak rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikote harremanetan, kaleko jazarpena, ahalduntzea eta berdintasunaren aldarrikapena izan dira, besteak beste.

Aurkeztu diren 400 lanetatik 336 sartu dira lehiaketan, gainerakoek ez baitzituzten lehiaketaren oinarriak betetzen. Horietatik 100 12 eta 13 urte bitarteko sortzaileenak dira, 173 14-18 urtekoenak eta 63 19-26 urtekoenak. Lurraldeka, 39 lan aurkeztu dira Arabatik, 172 Bizkaitik eta 125 Gipuzkoatik.

Ikastetxeen ekarpenaz gain, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, lanen sortze prozesu hutsaren garrantzia nabarmendu du: «Aurkeztutako pieza sortzeko prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gogoeta bateratuaren eta eztabaidaren prozesu bihurtzen da».

«Beldur Barik programak neska-mutilei beren harremanetan eta bizi diren gizartean eta lehiaketara aurkezten dizkiguten lanetan desberdintasun-jarrerak hauteman ahal izateko tresnak eskaintzen dizkie, eta urtetik urtera gero eta argiago ikusten dugu indarkeria horren jatorria zein den, emakumeen aurkako indarkeria-kasuak eragiten dituen desberdintasuna dela ikusten baitute», goretsi du Landaidak.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria den Miren Elgarrestak nabarmendu du ikus-entzunezko lanen lehiaketa bide ona dela gazteengana genero indarkeriaren aurkako kontzientziazioa helarazteko: «Ziur asko, hori da modurik eraginkorrena indarkeria sexista prebenitzeko, egitura, rol eta estereotipo horiek desikasteko, bai eta adin txikitan gertatzen diren, desberdintasuna sortzen duten eta emakumeei kalte egiten dieten jokabide matxistak ere».

Sari banaketa

Sari banaketan Kai Nakai abeslari gasteiztarrak hartuko du parte. Izan ere, bera izan da aurtengo edizioko kanta ofizialaren egilea. Hortaz gain, tokiko bi talde feministak, Inguma deituriko Aguraineko talde feministak eta Dulantziko talde feministak, hartu dute parte sari banaketaren antolakuntzan.

Ekitaldiaren aurkezpenari dagokionez, Bea Clown, Libe Pradera eta Julen Portillok izango dute hitzordua gidatzeko ardura. Bestalde, Uxue Bereziartuak, Hernaniko artista feministak, egin zuen edizioko irudia eta, hortaz, hau ere galan izango da.