NAIZ

Abian da Euskariana Liburutegi Digitala, 750.000 erreferentzia baino gehiagorekin

Euskariana EAEko Liburutegi Digitala jarri du abian asteazken honetan Lakuako Gobernuak. Euskal kultura ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten euskal erakunde publikoen, unibertsitateen eta erakunde pribatuen lankidetza estuaren emaitza izan da.

Euskarianaren aurkezpena, asteazken honetan Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Euskarianaren aurkezpena, asteazken honetan Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lakuako Gobernuak EAEko Liburutegi Digitala, Euskariana, jarri du abian, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat erakunde eta datu-basetako artxibo digitalizatuetako 750.000 erreferentzia eta objektu digital eta multimedia baino gehiagorekin.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valekin, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari Begoña de Ibarrarekin, Bilboko Udaleko kultura zuzendari Iñaki López de Aguiletarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari Mari Jose Telleriarekin eta Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin batera aurkeztu du Euskariana Bilbon, EAEko Artxibo Historikoan.

Euskariana euskal kultur erakunde, artxibo, liburutegi eta museo guztiek parte hartzen duten elkarlaneko proiektua da. Gaur egun, hainbat katalogo kolektibotatik (EAEko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa) eta biltegietatik datozen funtsak biltzen ditu eta horrek hainbat erakunderen (Lakuako Gobernua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, udalak eta unibertsitateak) eta Eusko Ikaskuntza, Eresbil edo Sancho el Sabio, Labayru eta Lazkaoko Benediktinoen fundazioen, beste batzuen artean, ahaleginen bilgune bihurtzen du.

Euskal autoreek sortu duten guztia, EAEko argitaratu den guztia eta munduko edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jasotzea du helburu. Era berean, Euskarianak arreta berezia eskaintzen dio euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukiei. Liburutegi digital hau ez da ohiko liburutegia; izan ere, 750.000 multimedia objektu baino gehiago biltzen ditu, euskarri fisiko oso desberdinak dituzten materialen kopia digitalak; liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak eta ikus-entzunezko materialak.

Euskarianak ate digitala izan nahi du, euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki sarean bilatzea ahalbidetu eta erraztuko duena. Horretarako, ahalik eta baliabide digital gehien bildu nahi ditu euskal kulturarekin lotuta, eta bereziki, bibliografikoak, erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz. Bai esteken bidez, bai bere biltegiaren bidez, aipatutako materialen edukiaren zati handi bat eskuratzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen du.

Gainera, kalitatezko zerbitzu publiko bat eman nahi du, publiko orokorraren edota publiko espezializatuagoaren beharrei erantzungo diena, hau da, informazioa eta irakurketa atsegina bilatzen dutenetan zein ezagutza berriak sortzea helburu duten ikertzaileetan pentsatua.

Elkarlanaren emaitza

Euskariana erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioan garatutako proiektua denez, dozenaka iturri ditu, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko liburutegiak, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa edo espainiar eta frantziar estatuetako liburutegi nazionalak, British Library eta Deutsche Nationalbibliothek.

Euskariana, 185 urte dituen historia

1836an, euskarienne terminoa erabiltzen lehenak izan ziren Antoine d'Abbadie eta Agosti Xaho. Arturo Campion politikari, idazle eta hizkuntzalari euskaldunak Euskariana terminoa aukeratu zuen, lehenago euskal gaiei buruz egunkari eta aldizkarietan argitaratutako bere hainbat idatzi bateratu eta elkarrekin kaleratzeko. Euskarianaren lehen saila 1896an inprimatu zen, azkena, 1936an.