Anaitasuna txapelketara itzuliko da larunbat honetan. 19.00etan Ademar Leon jasoko du, sailkapenean bera baino bi postu gorago dagoen taldea, puntu bakar bateko aldearekin eta partida bat gehiago jokatuta. Alegia, bi taldeen arteko lehia zuzena dela, iruindarrek irabaziz gero sailkapenean aurreratuko luketelako Gaztela eta Leongo taldea.
Nolanahi ere, erronka oso zaila dute Quique Dominguezek entrenatutako gizonek. Asteazkenean itzuli ziren entrenamenduetara jokalari guztiek PCR probetan negatibo eman ostean. Larunbateko partida prestatzeko egun gutxi izango zutela aurreikusita, atzeratzea eskatu zuten baina ezezkoa jaso zuten.
Hala, ligako azken bi neurketak atzeratu ostean, ikusi egin beharko da zer-nolako mailan dauden iruindarrak. Dominguezek adierazi zuen egun gutxi horiek ahalik eta gehien «optimizatu» beharko zituztela. Bi jardunaldiko geldialdearen aurretik, bi porrot segidan jaso zituen talde iruindarrak.
Orain, kasik hilabete bat beranduago, etxean jokatuko dute iruindarrek (azken partida urriaren 30ean izan zen, Cangasen aurka, 29-33).
Entrenatzaile galiziarrak arerioaren «kalitatea eta potentziala» nabarmendu zituen. Nolanahi ere, hasiera nahiko irregularra egiten ari da Ademar baina Gonzalezen ustetan, udan jasan duen aldaketa handiaren isla izan daiteke, 10 jokalari berri iritsi baitira taldera.
Ademar Leon ere pasa den astean «atseden» hartzetik dator, Benidorm-en aurka jokatu beharreko neurketa atzeratu egin baitzen, talde valentziarrean zeuden covid-19 kasuak zirela-eta. Behartutako atsedenaldiaren aurretik, Bada Huescaren aurka bolada ona etenda ikusi zuen. Asobal ligak astebeteko geldialdia egin zuenetik bi garaipen erdietsi baitzituen Gaztela eta Leongo taldeak.
Manolo Cadenas entrenatzaileak –zeinak ezin izango duen aulkian egon– lehen lerroko Marko Milosavljevic jokalaria berreskuratu du. Hala, Stjpan Jozinovic bosniarra izango da baja bakarra Anaitasuna pabilioian.
Bidasoa asteartean itzuliko da
Bidasoa-Irun taldean koronabirus kasua antzeman ziren aste honen hasieran eta horren ondorioz, Pfadiren aurkako EHF European Leagueko partida zein larunbat honetan aurreikusita zegoen Valladoliden aurkako dema atzeratu egin ziren.
Bidasoak ostiral honetan iragarri du, PCR probak egin ostean talde osoak eman duela negatibo eta beraz, asteartean itzuliko direla txapelketara. Kasu honetan, Orlen Wisła Płock taldea bisitatuko du EHF European Leagueko partidan.