Andoni Arabaolaza

Ukrainarrek sen berezia dutela erakutsi dute

Viacheslav Plezhaiko, Mikhail Fomin eta Nikita Balabanovek Annapurna III-ko (7.555 m) hego-ekialdeko ertza lehen aldiz igotzea lortu dute. Jarduera horren joan-etorrirako 18 egun behar izan zituzten. Jaitsiera gogor baten ondoren erreskatatu zituzten.

Vichaeslav Polezhaiko, Mikhail Fomin eta Nikita Balabanov ukrainarrek Annapurna III-ko (7.555 m) hego-ekialdeko ertzean egin berri duten jarduera txapela kentzeko modukoa da. Sasoia, eraginkortasuna eta sena. Hiru eite horiek lapiko berezi batean sartu eta erdietsi duten emaitza ikaragarri ona izan da. Izan ere, duela lau hamarraldi egin zen lehen ekinalditik burutu gabe zegoen nortasun handiko eskalada hori biribildu dute. Hots, lehenak izan dira zazpimilako horren ertz ikusgarri eta arras zail hori gainditu dutenak.

Horretarako, 18 eguneko joan-etorria behar izan dute. Hori gutxi ez, eta jaitsiera epiko baten ondorioz, 5.000 metrora helikoptero batek erreskatatu zituen.

Baina jar dezagun testuinguruan ukrainar hauek esku artean izan duten xedea. Alde guztietatik begiratuta, igo duten ertza, ederra izateaz gain, oso zaila eta nahasia da. Betidanik izan da lehen lerroko alpinisten erronka. Lehen ekinaldia Steve Bell, Nick Colton eta Tim Leach britainiarrek egin zuten. 1.981. urtea zen, eta 6.500 metroko kotara heldu ziren.

Bigarrena, berriz, duela bost urte izan zen. Eta protagonistak honakoak izan ziren:Hansjorg Auer, David Lama eta Alex Bumel austriarrak. Bost astez saiatu ziren “buru-hausgarri” horri irtenbide bat bilatzen. Nahiz eta gaintasun handiko alpinista teknikoak izan, britainiarrek eginiko kota ezin izan zuten gainditu. 6.500 metroan hiru gau egin zituzten, eta ekaitz bortitz batek atzera egitera behartu zituen.

Beraz, 3.000 metroko desnibela duen ertz ikusgarri horren lehen igoera ukrainarrek lortu dute. Emaitza bikaina izan da, baina esan behar da 2019. urtean saio bat egin zutela: 6.300 metrora zeudela atzera egin zuten.

Sasoia, eraginkortasuna eta sena aipatu ditugu, eta, agian, ahantzi egin zaigu hirukote horrek izaera horretako jarduera teknikoetan eskarmentu handia duela esatea. Duela bost urte, adibidez, Balabanov eta Fominek Urrezko Pioleta irabazi zuten; hain zuzen ere, Talung mendiko (7.348 m) ipar-mendebaldeko zutoinean zabaldutako bideagatik: “Dady Magnum Force” (ED, M6, A3, 1.700 m).

Zalantzarik gabe, aitor dezakegu ukrainarrek Annapurna III-ko hego-ekialdeko ertzean izan duten abentura letra larriz idatz daitekeela; hots, Himalaiako eskalada alpino zein teknikoen artean txoko berezi bat izatea lortu dute. Hitz batean esanda, historia idatzi dute.

18 eguneko jarduera aipatzen dugunean, argi eta garbi geratzen da protagonistok erabat hustu direla. 12 egunetarako gasa eta janaria zeramatzaten, eta, eskalada gehiegi luzatu zitzaienez, lau egunetan barra energetiko bakarra ahoratu zuten. Eta azken bi egunetan ez zuten ezer jan.

Zailtasun teknikoak, berriz, beldurtzeko modukoak dira:M6, 6a, A3, 90° elurrean eta 90° izotzean. Horrek guztiak, jakina, sekzio batzuetan mantso joatera behartu zituen. Egun batzuetan 100 metroko tarteak gainditu zituzten. Gainera, eguraldiak ez zien batere lagundu: iragarri ez zizkieten elurteak eta haizete indartsuak (80 eta 100 kilometro ordukoak), goizeko hamarretatik arratsaldeko seietara. Baina eragozpen horiek guztiak gainditu eta joan hilaren 6an gailurra iritsi zuten.

Eta jaitsierari buruz zer esan dezakegu? Bada, epikoa eta oso arriskutsua izan zela. Beste abentura bat abentura handi baten barruan. Berez, Manang izeneko isurialdetik jaitsi behar zuten, baina haizeteek eta ertzaren zailtasunak Annapurnako hego aurpegian dagoen kanpaleku nagusira bideratu zituzten. Antza denez, Polezhaikok jaitsiera horretan izan zuen ikuspen gaitasuna giltza izan zen handik onik ateratzeko. Nolanahi ere, 5.000 metrora zirela, izozte arinekin, janaririk gabe eta leher eginda, helikoptero batek ebakuatu zituen.

Historikoa

Arestian aipatu dugu hirukote horrek duela pare bat urte ekinaldi bat egin zuela. Bederen, 6.300 metrora arte dagoen ibilbidea ezagutzen zuten, eta bide beretik igotzea erabaki zuten:«Guk aukeratutakoa austriarren marraren eskuinaldean hasten da. Eta onartu behar dugu gurea teknikoki zailagoa dela; batez ere, behealdean. Haatik, arrisku objektiboetatik uste dugu seguruagoa dela. Bide horrek dituen ezaugarriei dagokionez, esan behar dugu 4.600 metrora hasten dela eta, beraz, 3.000 metroko desnibela gainditu behar dela. Beheko sekzioak mistoko tarteak, elur bertikal asko eta aseguratzeko leku gutxi ditu. Baina zailtasun ertainekoa da. Marraren giltza, berriz, 6.000 eta 7.100 metroen artean dago. Gutxi gorabehera esanda, misto gogorra, arroka tentea eta ertzetan elur aldats pikoak ditu. Ondoren, hego-ekialdeko ertzak hegoaldekoarekin bat egiten du. Eta amaiera horretan aldatsak zein ertza askoz ere lasaiagoak dira».

Ezaugarri horiek guztiak aipatu ondoren, hurrengo azpimarra ukrainarrek erabilitako estiloan egin behar dugu. Arina eta erabat garbia. Horixe da alpinistok aldarritzen duten estiloa. Gainera, ekinaldi bakar batean igo dute, eta soka finkorik eta aldez aurretik antolatutako kanpalekurik gabe.

Hortaz, benetako erronka batean murgildu dira; besteak beste, ibilbide luze eta zail hori oso gutxi ezagutzen zutelako. Eta ildo horretatik jarraituz, esan behar dugu ukrainarrok bide horri “Patience” deitu diotela:«Ez da zaila zergatik jarri diogun ulertzea. Bide batez, jarduera honekin Lama eta Auer zendutakoei omenaldia egin nahi diegu; egin zuten ekinaldia guretzat inspirazio-iturri izan zen».

Hirurentzat denda bat, hiru soka, 10 friend, izotzerako 7 torloju, fisurero joko bat eta iltze asko. Horixe izan da eskalada horretarako protagonistek eraman zuten tresneria:«Arin joatea gustuko dugu, hori baita alpinismoaren esentzia. Bide batez, adierazi behar dugu aurtengo baldintzak nahasiak izan direla oso. Ez zitzaigun egun bakar batean eguraldi egonkorra egokitu. Berez, iragarpenek zioten eguraldi oskarbi eta ona izango genuela. Nahiz eta elurteak eta haizeteak mendian iltzatu ziren, gure irtenbide bakarra eskaladarekin jarraitzea izan zen. Hilaren 5ean, adibidez, gailurra erdiesteko itxaropena genuen. Baina han goian haizeteak oso indartsuak ziren, eta 7.100 metrora bibaka egin behar izan genuen. Elurretan eginiko zulo batean igaro genuen gaua. Biharamunean, bai, tontorrera heldu ginen».

Egun asko eskalatzen, zailtasun tekniko gogorrak gainditzen, baldintza zailak kudeatzen... Egoera hori egunero bizi behar izan zuten. Horregatik guztiagatik, hiruko honek dio Annapurna III-ko hego-ekialdeko ertzean eginiko lanak buruari asko eskatu diola:«Psikologikoki egin berri dugun jarduera hau oso intentsoa izan da. Egunero oztopo berriei aurre egin behar izan diegu. Bidearen giltza gainditu ostean, ohartu ginen handik jaistea ia ezinezkoa izango zela. Eta horregatik balizko istripu baten mehatxuak larritu gintuen. Jaitsiera beste kontu bat izan zen. Inolako informaziorik gabe, mendebaldeko isurialdetik jaitsi ginen».