NAIZ

Bi denboraldi gehiagorako berritu du Juan Bar atezainak Helvetia Anaitasunarekin

Talde nafarrak jakinarazi duenez, kontratua luzatu dio 34 urteko atezainari eta, beraz, iragan udaran iritsitako Juan Barrek 2024ra arte jokatuko du Iruñean.

Juan Bar atezainak bi urte gehiagorako berritu du Anaitasunarekin. (HELVETIA ANAITASUNA)
Juan Bar atezainak bi urte gehiagorako berritu du Anaitasunarekin. (HELVETIA ANAITASUNA)

Helvetia Anaitasunak ofizial egin du astelehen honetan Juan Bar atezainaren berritzea. Hala, 34 urteko argentinarrak, gutxienez, 2024ra arte jokatuko du talde nafarran. Ekainean iritsi zen jokalaria Lujaneko Unibertsitate Nazionaletik, eta beste bi urte berritu ditu, 2022rako sinatu baitzuen.

Patrick Bols daniarraren tokia hartzeko iritsi zen Juan Bar udaran eta segituan egin zen titular. Orain arte jokatutako hamaika partidetan, 94 geldialdi egin ditu, %30eko eraginkortasunarekin.

«Poztasun handia ematen dit 2024ra arte Anaitasunan geratzea. Klub ezin hobea da, denak ondo funtzionatzen du eta jokalariak hobetzeaz eta entrenatzeaz arduratu besterik ez du egin behar», adierazi du 97 kilo pisatu eta 190 zentimetro neurtzen dituen argentinarrak.

«Poztasun handia da baita ere Iruñea bezalako hiri polit batean jarraitzea. Berezia da, bai bere fisionomiagatik eta baita bere jendearengatik. Era berean, poztasun handia da klubak nire kontratua hain goiz berritu nahi izana. Bide onetik noan seinalea da eta horrek asko motibatzen nau ahaleginak egiteko eta gehiago hobetzeko», azpimarratu du Juan Barrek.

Quique Dominguez entrenatzaileak berritze honen inguruan ere bere iritzia eskaini du. «Taldearen ideia oso barneratua du eta bere aportazioak taldea handitzen du. Oso pozik nago berritze honekin eta taldearentzat oso albiste ona dela uste dut», adierazi du.

Bestalde, Carlos Garcia Anaitasunako kirol zuzendariak beste gauza batzuk azpimarratu ditu: «Iraunkortasuna eta segurtasuna emango zizkigun atezain bat bilatzen genuen eta denboraldi honetako hasierako partidetan Juan Barrek bi alderdi hauek izatea erakutsi digu. Beraz, berritze honekin taldeko piezarik garrantzitsuena ziurtatzen dugu».