NAIZ

Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldarrikapena Bordelera eramanen du Seaskak

Azterketak Euskaraz! kolektiboak eta Seaskako Batzorde Eragileak bultzaturik ikasleek Brebet edo Baxoa bezalako frogak euskaraz egiteko duten eskubidearen defentsan giza kate bat eginen dute, abenduaren 10ean, Bordelen.

Brebet eta Baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko iazko ekainean Bernat Etxepare lizeoan eginiko agerraldia. (Bob EDME)
Brebet eta Baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko iazko ekainean Bernat Etxepare lizeoan eginiko agerraldia. (Bob EDME)

Murgiltze eredua arautuko duen frantses Hezkuntza Ministerioko zirkularraren esperoan, Azterketak Euskaraz! kolektiboak eta Seaskako Batzorde Eragileak giza kate bat antolatu dute, abenduaren 10erako, Bordelen.

Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna hautatu dute murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek Brebet edo Baxoa bezalako azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Jean-Michel Blanquer buru duen Ministerioa prestatzen ari den zirkularra dela-eta mesfidantza badute Seaskako ordezkariek. Araudiak Brebetaren azterketari buruz Historia-Geografia ikasgaia baizik ez du jasotzen, beraz Matematika eta Zientzien frogak euskaraz pasatzeko aukera airean litzateke gaur gaurkoz.

Baxoari dagokionez, «hitzik ez». «Gure beldurra da, Gobernuaren ele ederrez haratago, zirkular hori atzerakada bat izan dadin. Ele ederrak airatzen baitira, eta idatziak betiko egoiten», nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen sareko ordezkariek ohar batean.

Aipaturiko agirian oroitarazi dutenez, 2017an ikasleek Brebetako zientzia azterketa euskaraz egin ahal izan zuten eta normalasunez zuzendua izan zen froga.

Alta 2018an, frantziar Hezkuntza Ministerioak ikasleek idatzitako kopiak (azterketak) «bahitu» eta euskaraz ez zekiten zuzentzaileeen esku jarri zituzten. Geroztik, egoera tamalgarria hori urtero errepikatu da.

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoak eta Ministerioak izenpetutako hitzarmenak «Ahozko Handia» deituriko azterketa euskaraz egiteko aukera aurreikusten bazuen, iaz indarrean sartu zen unibertsitaterako ateak zabaltzen dituen azterketari buruzko erreformak ez zuen aukera hori bermatu.

Parisko Hezkuntza Ministerioak hemendik gutxira argitaratu beharko lukeen zirkularraren aitzinean hizkuntza gutxitueta, beti ere murgiltze eredua hobetsita, irakasten duten Eskolim eskolen sareko kideek Seaskak plazaraturiko kezka bere egin dute.