NAIZ

Bizkaiko zenbait trenbide moztu dituzte, pentsio duinen aldeko egunaren testinguruan

Ekintzaileek pentsio duinen alde deitu diren mobilizazioekin bat egin nahi izan dute Euskotren eta Renfeko lau linea moztuz, asteazken honetan. Renfek, bere aldetik, mozketak euriteen ondorio izan direla adierazi du.

Ekintzaile anonimoek moztutako trenbide batean utzitako mezua. (NAIZ)
Ekintzaile anonimoek moztutako trenbide batean utzitako mezua. (NAIZ)

Gaur asteazkenean pentsio duinen aldeko mobilizazio eguna dela eta, kausarekin bat egin nahi izan du talde anonimo batek eta protesta moduan Bizkaiko hainbat trenbide moztu ditu.

Guztira lau izan dira erabilgaitz utzi dituzten lineak, NAIZi jakinarazi diotenez: Euskotreneko Donostia-Bilbo eta Bermeo-Bilbo lineak, Bedian moztu dituztenak; eta Renfeko Bilbo-Balmaseda eta Balmaseda-Bilbo, Alonsotegin eten direnak.

Ekintzaileek eskuorriak utzi dituzte tokian bertan mozketak aldarrikatzeko. Horietako batean irakurri daiteke «Bizitza duinak borrokatu! Euskal Herria kalera!», eta beste batean lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko defentsa egin dute.

Ekintza «Euskal Herrian piztuta dauden borroka ezberdinak hauspotzeko ekarpen bezala» kokatzen du taldeak, «herri sektoreak kaleak hartzeko beharrarekin bat eginez, eta balizko greba orokor baten aurrean mugimendu ezberdinen indarrak batzeko asmoz».

Eguraldi txarra aitzaki

Renfek Bilbo eta Balmaseda arteko tren guztiak bertan behera gelditu direla informatu du, baina arazoak eguraldi txarrari egotzi dizkio. Bilbotik Laudio eta Urduñarako bidean atzerapenak ematen ari direla ere esan du.

Izan ere, igande eta asteleheneko euriteek Balmasedako linean eragin zutela adierazi du trenbide konpainiak. Asteartean geraleku batzuetan arazoak izan zirelaren berri eman du, eta gaur bidaia guztiak bertan behera utzi behar izan dituztela.

«Balmasedako bide estua Kadaguako ibai-ertzetik pasatzen da, azken egunetan hainbat tokitan gainezka egin zuena», esan dute funzionamendu eza azaltzeko.