
«Azpijokoan eta gezurretan» ari da Bergarako EAJ, EH Bilduk sare sozialetan zabaldutako ohar batean salatu duenez. Valogreene enpresak Bergarako Larramendi poligonoan kokatu asmo duen paper-hondakinen kudeaketarako plantari, «prozedura tekniko-administratibo bati, hirigintza bateragarritasun ziurtagiriari, intentzionalitate politikoa eman nahian ari da», Udal Gobernu taldeak jakitera eman duenez.
Oharrean, gogora ekarri du Lakuako Gobernuak, zehatzago Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, azaro hasieran babes osoa eman ziola proiektuari, oraindik ingurumen txostenik izan gabe ere. Bergarako Udalak alegazioak aurkeztu zizkion Valogreene Paper BC, S.L. enpresaren proiektuari, funtsean, herrian indarrean dagoen Plan Orokorrak ez duelako jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera.
Bergarako EAJk, ordea, alegazio horien aurka bozkatu zuen zegokion batzordean, inolako «ekarpenik egin gabe» eta alegazio horiek guztiz teknikoak zirela jakinda. Honen aurrean, EH Bilduk ulertzera eman du herriko jeltzaleek Lakuako interesak lehenetsi dituztela bergararren ongizatearen aurka eginez.
Informazio osoa du EAJk
EH Bilduk gogorarazi du, bestalde, azaroaren 29ko osoko bilkuran EAJko bozeramaileak agertu zuela Lakuari dagokiola proiektuaren inguruko balorazioa egitea. «Orain, ordea, ohar baten bidez, Udal Gobernuari botatzen diote ardura. Eusko Jaurlaritzatik deia jasoko zuten? Edo gezurrak jendaurrean esaten ez ziren ausartu? Jendea ez da inozoa, eta hala balitz moduan ez tratatzeko eskatzen diogu EAJri», agertu du ezker abertzaleak.
Udal Gobernuak argi utzi du ez duela Valogreeneren plantarik nahi ez dituelako betetzen hirigintza eta ingurumen baldintzak, eta EAJri galdera luzatu dio: «Eusko Jaurlaritzako zuen lagunekin batera proiektua babesten duzue? Bergararrok merezi dugu zuen postura zein den jakitea».
EH Bilduk gaineratu du EAJko taldeak momentuoro izan duela Udalak proiektuaren inguruan izan duen informazioa, are, zenbait kasutan, jeltzaleek lehenago jaso dutela informazioa, Lakuarekin «lotura zuzena» baliatuz. Valogreene enpresak Elxen duen proiektu pilotura bisitan ere izan zen EAJko ordezkari bat.

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA

Polígono de Tiro de Bardenas, «medioambientalmente sostenible» según el Ejército español

El portavoz del PNV en Getxo abre una crisis tras acusar al personal de una pérdida millonaria
