Jon Ormazabal

Mikel Urrutikoetxeak topatu du berriz ere frontoian gozatzeko bidea (22-16)

Partidaren erritmoa bereganatu eta erasoan zital aritu den Zaratamokoak eta Aranguren langile eta txukun batek bigarren puntua lortu dute presaka aritu den Peña eta agindu bai baina partida bere aldera ekartzen asmatu ez duen Albisuri gailenduta.

Puntu landu eta garrantzitsua lortu dute Urrutikoetxea-Arangurenek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Puntu landu eta garrantzitsua lortu dute Urrutikoetxea-Arangurenek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Badirudi hilabete luzez konfiantzarik gabe eta galdu xamar ibili den Mikel Urrutikoetxeak topatu duela frontoian berriz ere gozatu eta gozarazteko bidea eta, aurreko astean Galdakaon bezala, protagonismoa berreskuratuz, Binakako txapelketako bigarren puntua lortu du, Aranguren txukun eta langile batek lagunduta. Airez 10 tanto lortuta, gantxoari distira atera dio Zaratamokoak, baina batez ere aspaldi oso aurrelari gutxik egindakoa lortu, atzelari jotzaile bati partidaren agintea kentzea, eta horrek asko esan nahi du garaiotan. Txanponaren beste aldean, lehiaketari iazko bidetik ekin ziotela zirudien arren, Peña eta Albisuk ez dute iazko kimikarik erakusten, gaurkoan aurrelaria presaka eta aurrean asmatu ezinik aritu da eta puntu bakarrarekin amaitu dute enpresa bereko bikoteen arteko partiden lehen fase hau.

Hasieratik Jon Ander Albisu piloteoan nabarmen nagusitu den arren partida ezin hautsi aritu dira gipuzkoarrak, hein handi batean gorriek defentsa handia erakutsi dutelako, egungo txapeldun ordeek askoz huts gehiago batu dituztelako, baina baita ere izan dituen aukera urrietan Mikel Urrutikoetxea oso ausart eta eraginkor aritu delako ere.

Hasiera orekatua

Berdinketak bata bestearen atzetik etorri dira eta dozena bat tanto behar izan dira bikote batek bi tanto jarraian lortzeko. Zaratamokoa izan da, txokoan egindako lehen erremate batekin, tendentzia hori apurtu duena eta ordura arte sakeak txandakatuz aritu badira, oso denbora gutxian zuloa ireki dute gorriek, Urrutikoetxeak ezarritako erritmora jokatuz (12-6 eta 15-7). Ordura arte hasieran Albisu bazen agintzen zuena, denbora luzez bizkaitarra izan da bere gustuko erritmoa ezarri duena, urdinei zuzen jokatzea eragotzi eta bere gantxoari distira handia ateraz. 

Partida apurtzerik ez du lortu, ordea, eta Peñak sakearekin asmatuz eta Jon Ander Albisu berriz ere piloteoaren aginte makila berreskuratuta, markagailua berriro ere estutzea lortu dute. Tanto bakarrera urreratu dira (17-16), baina Peñaren erremate batek txapan jo du eta hortxe geratu dira beste tanto bakar bat ere egin ezinik. Zenbait tantotan, gainera, ez dute ondo ulertu eta tolosarrak berak partida amaitu eta berehala aitortu bezala, hausnarketa egitea dagokie.

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Aranguren: 22

Peña II.a-Albisu: 16

Pilotakadak: 491. Iraupena: 61,26. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-6, 12-6, 12-7, 15-7, 15-9, 16-9, 16-11, 17-11, 17-16, 22-16. Sakez: 2 Urrutikoetxeak eta 2 Peñak. Jokoan eginak: 12 Urrutikoetxeak, 1 Arangurenek, 6 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak, 2 Arangurenek, 4 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gertaerak: Ume asko Bizkaia pilotalekuko harmailetan Baikok antolatutako pilota festaren baitan.