Ostiralean estreinatu zuen Netflixek ‘La casa de papel’ telesailaren bosgarren denboraldiko bukaera. Bost atal, mundu osoan banaturik dituen zaletuek takada batean erantsi dituztenak, telesail honen inguruan gertatu den guztia planetarioa izan delako, izugarria, telebista plataforma hauek iritsi arte ezezaguna. Datu bat: Estatu Batuetan Neflixen titulurik ikusiena izan zen ostiralean.
Itziar Ituño basauriarraren izena sareetan bilatzean, bertigoa eta guzti ematen du. India, Brasil, Iran... fan uholdea ikaragarria da. Raquel Murillo ‘Lisboa’ pertsonaiarekin lortu duena 50. hamarkadan Hollywoodeko izarrek eragiten zuten fan fenomenoarekin aldera daiteke zalantzarik gabe.
«Izugarria da, itzela. Telesailaren bitartez eduki dudana itzela izan da, zeren azken finean lanaren errekonozimendua bada, baina hori baino gehiago ere: maitasun itzela, kariñoa, laudorioak... Halere uneko gauzak direla badakit, ni ez nintzelako atzo jaio. Badakit nola funtzionatzen duen mundu honek. Hau aprobetxatu behar duzu, badakigulako gero etorriko dela bakea, lasaitasuna eta agian langabezia. Hori niri pasa zait askotan».
Mintzatzen ari dena Itziar Ituño da. Azokan ‘Zorrotz’ argitaletxe eta hedabide digitalaren stand-aren atzean dago asteartean eta seguruenik asteazken goizean, proiektu honen hastapenei bultzada ematera etorri baita aktorea.
Igor Meltxor kazetariak martxan jarri duen proiektu honen lehen emaitza da, eta seguruenik salduenetarikoen zerrendan sartuko dena. Online bederen eskaera dezente jasotzen ari dira nazioarteko jarraitzaileek liburuaren sorreraren berri izan zutenetik.
«Hau Igorren liburua da [Igor Meltxor kazetaria da elkarrizketa liburuaren egilea], nik berba baino ez dut egin, inpresioa ematen dit liburu baten azalean nire burua ikustea, ‘gauza’ ematen dit, film batean baino gehiago, filma ikusi egiten delako une batean baina liburua dago hor, ukitu ahal duzu, eta inpresioa ematen du. Nik ditut nire ideia propioak, nire iritzi eta esperientziak, beste edozein pertsonak bezala», aipatzen du.
Ospeak zabaldutako ateak
Oinak lurrean mantentzen saiatzen dela aitortzen du; ez da gaur jaiotakoa, berak dioen bezala. Telesail honen arrakastak, dena den, ezustean harrapatu zuen. «Ez genuen espero, inondik inora. Estreinatu zen Antena 3 katean, handik pasa zen ‘sin pena ni gloria’ eta halako batean Netflixen estreinatu zenean sekulako fenomeno bihurtu zen. Guk flipatu egin dugu. Zelako adikzioarekin ikusi duen jendeak, maratoi hutsak egin dira! Beste serie batzuetan ikusten duzu atal bat eta uzten duzu hurrengorako, baina oraingoan, bata bestearen atzetik, amaitu arte ikusi dituzte», dio.
Eta ospea nola darama, noizbait gaindituta sentitzera arte? Hauxe dio: «Hau ez zegoen nire planen barnean, nik beste plan batzuk nituen eta bizitzak, berriz, beste batzuk zituen. Ni joan nintzen Madrilera zortzi hilabete pasatzera hau grabatzeko eta, begira, bost urte bihurtu dira. Esperientzia itzela izan da, intentsoa eta batzuetan, gogorra. Polita eta gogorra, asko eman dit eta asko kendu, baina pozik nago lanaren arloan zabaldu zaizkidalako beste ate batzuk».
2022an estreinatuko duten Paul Urkijoren ‘Irati’ bukatu berri dute. «Oso ona da, ikusiko duzue! Parte hartu dugunok gaude zirrararekin azalean, egiten ari ginenean ere. Jean Mixel ere badago [Kalakan taldeko partaidea, Ituñok gibelean duen standean] eta berak gauza bera zioen».
Glamourretik, etxera. Nola izaten ari da, etxera itzultzea legez? Hauxe dio: «Ni beti etorri izan naiz gauzak erostera eta kontzertuetara. Nire lehengo aldia da stand baten atzean, eta beste ikuspegi batetik ikusten da. Aurten nabaritzen dut desberdin: lasaitxoagoa, jende gutxiago, zeren hau izaten da zoramena, baina pozik nago etxean nagoelako, jendea ikusten, ezagunei besarkatzen... Hemen nago nire saltsan, bestean ez hainbeste».