Olatz Osa (Elkar): «Positiboa izan da, baina ez da nahikoa»
«Baldintzak kontuan hartuta, ez zaigu iruditzen Azoka txarra izan denik. Baina hau euskal kulturarentzat ez da nahikoa behar dugunerako. Aurtengo esperientziak balioko digu datorren urteari begira», dio Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak. Helduen literatura eta musika arloetan salmenta «txukuna» izan dute; batez ere, egileak sinatzen egon direlako –Jon Maia, Lander Garro, Alaine Agirre, Korrontzi...– eta «hori ere, nahiz eta dena oso arraro joan den, aurten ere nabaritu da».
Gazte literaturan ikusi da jaitsiera nabarmen: «Lehen egunetik ikusi genuen zerbait pasatzen ari zela: ‘Ez dago gazterik!’, esan genuen».
Eta online denda? «Argi esan daiteke jendeak apustu egin duela aurrez aurrekoagatik, nabarmen. Guk hori oso positibo baloratzen dugu, salmentaz gain, kultura beste modura arnasteko plaza delako hau. Gainera, garrantzitsua da liburu eta diskoen katea ez etetea, eta jendeak denda fisikoen alde ere apustu egin dezakeela, hori iruditzen zaigu klabea».
Leire Lopez Ziluaga (Susa): «Espero baino gehiago saldu dugu»
Aurtengo literatura uzta ona izan da, eta Susa argitaletxeak Azokara ekarri duena horren adierazle. Leire Lopez Ziluaga editoreak sentsazio kontrajarriak zituen atzo, dena den: «Gu salmenta aldetik ondo ibili gara, baina jende kopuru handirik ez egoteak markatzen du asko. Gehiago saldu da aurrez aurrekoan, guk espero genuena baino gehiago, gurera datozenek oro har argi dutelako zer nahi duten. Orduan gugan ez du horrenbeste eragin. Nik uste dut eragin handiagoa izan duela musikan eta gazte literaturan; orduan pena horrekin gaude, zeren, azken finean, denok ondo egotea da garrantzitsua», esan zuen.
Pello Elzaburu (Pamiela): «Jendearen soziologia aldatu da»
Pamiela argitaletxeak erakusmahai kopurua murriztu zuen; ohikoaren %40ra, zehazki. «Aforoa herenera jaitsi izanak eragina izan du salmentetan. Hori horrela da», aitortu du Elzaburu editoreak.
«Aurten ere kolpetxoa da, zeren iaz ez genuen gasturik izan; aurten bai, eta orduan kontuak egin behar dira; seguru iaz baino gehiago saldu dugulako, baina kostuak ere handiagoak izan dira». Benetako datuen faltan, 2019arekin alderatuta, orduko %50 saldu delakoan dago Elzaburu, Pamielako editorea. Eta bere ‘poltsikoko teoria soziologiko propioa’ bota zigun: «Etorri den jendearen soziologia aldatu egin da, oso burusoil eta ile urdin askoz gutxiago etorri da. Behetik eta goitik egon da jaitsiera: 25-30 urtetik 50 urterako tarte horretako jendea etorri da. Haurrak desagertu dira neurri handi batean. Guk bi ildo editorial oso garbi ditugu: memoria historikoa eta Nafarroako historia. Horiek 50 urtetik gorako irakurleak dira gehienak. Asko nabaritu da».
Jon Jimenez (Txalaparta): «Esperimentu soziala interesgarria da»
Txalaparta argitaletxeko editoreak ez zuen ezer espero: «Orduan, edozer gauza da ona. Aurtengoa ez da izan orain dela bi urtekoa, 2019koa guretzat azken hamarkadetako onena izan zelako. Orduan hamaika stand genituen, aurten zazpi hartu ditugu. Agian salmentak ez dira proportzio horretan jaitsi; ikusiko ditugu datu zehatzak». Iazko online salmenta «ikusgarriaren» ondoan, aurten «jaitsiera ikaragarria» izan da.. eta bisitarien soziologia ere aldatu da erabat, esan zuenez: «Beldurra egon da, koronabirusagatik, eta gero sarrerak online atera beharra. Adineko gutxiago etorri da. Hurrengo urterako pentsatu beharko lukete beste sistema bat bretxa digital hori egon ez dadin».
Igor Meltxor (Zorrotz): «Stand-ak prezio berean, murrizketak egonik?»
‘Zorrotz’ hedabide digitalaren editoreak sentsazio gazi-gozoak ditu. «Bigarren egunean amortizatu genituen gure bi standak, baina Itziar Ituñorekin beste egoera batean hiru aldiz gehiago saldu izango genukeen», aipatu zuen. Salmenta ez da txarra izan, baina aurrez aurrekoa eta beraien web propiotik. Azokaren webean ezer gutxi. «Lehenengo egunean 11 liburu, gero 5, gero 3, gero 4 saldu genituen. Ilara bat egiten zen Landakon iluntzean, non guztiok gindoazen gure online salmentekin, eta guztietan produktu gutxi ikusten zen».
Halere, Meltxorrek zioenez, «merezi du Azokara etortzea, nahiz eta aurten oso arraroa izan den. Hori bai, niretzat ez du zentzurik stand-ak prezio berean ordaindu izana bisitarien kopurua murriztu denean. Ez da normala stand bakoitzeko 1.000 euro ordaintzea. Jendea haserretzen bada eta hurrengo urtean ez badator...».
Maren: «Zergatik San Mamesen %100ean, eta hemen ez?»
Maren kantariarentzat lehen urtea izan da Azokan. «Ni ezin naiz kexatu, zeren salmenta ona izan da, apaltasun horrekin. Baina zera galdetzen dut: zergatik San Mamesen %100 eta hemen %30? Hori pentsatu dugu askok, baina nik balantze positiboa egiten dut eta ea datorren urtean gauzak hobeto doazen. Nik stand erdia hartu nuen eta eskerrak hori ordaintzeko atera dudan. Buelta eman diot honi, baina kezkatuta nago beste musikariekin».
Mikel Urdangarin (Zart): «Azokaren barnean arnasa falta izan da»
Zart kolektiboko partaidea da Mikel Urdangarin musikaria. Bateko eta besteko sentsazioak ditu. Batetik, «jendeak neurri batean Azoka bizi ahal izan du»; bestetik, aforoen murrizketak min handia egin die musikariei: «Azoka oso arrotza izan da alde horretatik. Nik arroztasunez bizi izan dut. Nolabaiteko pena sortzen dizu, zeren Azoka, topaketa erabat ezohikoa eta ospakizun bat izatez gain, arnasgune bat da. Esaten da covidaren gaixoari arnasa falta zaiola, baina aurten Azokan barruan arnasa faltatu izan da, eta hori kontuan hartzeko beste errealitate bat da. Stand guztietan ez da errealitate bera bizi, Euskal Herriko gizartea bezain anitza da hemengo errealitatea. Geure stand-en kontuak atera dira, baina pentsa ezazu, esaterako, 5-6 aldiz gutxiago saldu izan duzula. Kalkulua hori da, eta hori asko da».
Musikagintza une erabakigarrian dago, euskarrien krisiarekin eta pandemiak zuzeneko ikuskizunetan ekarri duen geldiunearekin. «Liburugintza musikagintza baino fuerteago dago eta, objektu legez, liburuak hobeto eusten die garai berriei –zioen–. Etorkizun zailagoa du CD batek. Musikan askoz gehiago eraldatzen ari da gure mundua, eta gu ere moldatu beharko gara errealitate horretara. Auskalo euskarri berri bat sortuko ote den, ez dakigu zer geratuko den. Baina nolabait orain garai baten azken arrastoak ikusten ari gara».
Haimar Arejita (Gatibu): «Honek musikarioi egin digu kalte»
Gatibu taldeak ez zekarren nobedaderik, baina bi stand izan ditu Azokan. Ondo saldu dute; batez ere, biniloak. Halere, Haimar Arejita kezkatuta zegoen oso sektorearen egoerarekin. «Jende gutxi sartu da eta guri horrek kalte handia egin digu; batez ere, musikarioi. Gure bezero gehienak gazteak dira eta gazte gutxiago sartu da, txanda hartzeko agian gazteak joera gutxiago daukatelako gauzak aurreikusten, antolatzen».
Egoera honetan standen prezioak mantendu izanak haserrea sortu du: «Ez gaude oso pozik Azokarekin, jende askok sufritu egin duelako, standa ordaindu egin behar duelako. Online denda oso gaizki joan da. Aurten online testimoniala da; ez dakit egunean bost CD saldu ote ditugun. Eta nik uste dut jende askok standa ezin izango duela ordaindu, eta tristea da. Hori ezin da pasatu, ezin gara etorri Durangora standaren gastua estaltzera. Beste era batera ezin izan dela egin? Ados, baina ahal izan da bilatu formula hoberen bat, zeren hemen protagonismoa guk, saltzaileok, eduki beharko genuke, ba ez sangratzeko hainbeste».
Ritxi Aizpuru (Baga Biga): «Jende askok dirua galduko du»
Baga Biga agentziak bi stand hartu zituen Azokan. Ritxi Aizpuru bertako ordezkariak argi du «oso positiboa da irekitzea, hau egotea presentziala eta abar, baina zergatik du Plateruenak 400 inguruko edukiera eta Landakok 1.200ekoa? Desoreka izugarria da». Aizpuruk gutxienez bi milioi euroko fakturaziorik eza kalkulatzen dio aurtengo Azokari, 2019ko datuekin alderatuta.
Ez da makala. Aurten izan den «atomizazioa» aipatzen du, «lehen diskoetxe batek zituelako hamar erakusmahai eta gaur egun, ordea, kantarien eta pertsona bakarren stand mordoa dagoelako. Orduan horiek datorren urtean pentsatuko dute bi aldiz aurtengo zuloa nola bete. Norberaren kontua bada, esaten duzu: ‘Galdu dut, baina kontzertu batean emango diot buelta honi’, baina bi aldiz pentsatuko dute ea pasatu behar duten peaje horretatik. Inbertsio handia dago, eta nik uste jende askok dirua galduko duela».