Goi-mailako derbi berria jasoko du Lezamak

Lezamak, estreinakoz, Athleticen eta Alavesen arteko Lehen Mailako derbia hartuko du larunbat honetan (12.00). Gasteiztarrak laugarrenak dira, zuri-gorriak baino puntu bat gehiagorekin. Azken orduetako euriteek Eibarren eragindako lur-jausia dela-eta, Eibar-Granadilla Mintxetara leku aldatu dute.

Euskal Herriko Kopako finala jokatu zuten Athleticek eta Alavesek abuztuan. (Gotzon Aranberri/Foku)
Euskal Herriko Kopako finala jokatu zuten Athleticek eta Alavesek abuztuan. (Gotzon Aranberri/Foku)

Lezama aurretik ezagutu arren eta Athleticen kontra Euskal Herriko Kopako azken finala jokatu bazuen ere, larunbat honetan (12.00, Footters) Alaves lehen aldiz bertaratuko da Lehen Mailako derbi bat lehiatzeko. Berria izateaz gain, derbia goi-mailakoa ere izango da, denboraldi hasiera fina gauzatzen ari baitira talde biak. Horrela azpimarratu du Iraia Iturregik, «poztekoa da sailkapeneko lehenengo bost taldeetatik hiru euskaldunak izatea, horrek erakusten du nolako maila daukagun euskal futbolean», gaineratuz.

Bosgarren postuan dago bere taldea, hain zuzen ere, Alavesetik puntu eta postu bakarrera. Garrantzitsua da, beraz, partida. «Goialdean egon nahi dugun taldeontzat denak dira garrantzitsuak», esan du entrenatzaile bizkaitarrak, hala ere.

Irabazteko behar berezirik ere ez dio antzematen bere taldeari –azken bost jardunaldietan garaipen bakarra ospatu duen arren–, zuri-gorriek egin duten lanari eta eskaini dituzten sentzazioei garrantzia emanez. Horrela «Levanteren kontra sentsazioak onak izan» zirela eta Sportingen aurkako partidan «gauzak hobeto egiteko gai izan ginen arren, garaipena merezi izan» zutela esan du. Eta Bartzelonako neurketari dagokionez, «emaitza gehiegizkoa izan» zela uste du, «ondo eutsi baikenion, 86. minutura arte partidan egongo ginen. Atzo bertan Arsenalen eta Bartzelonaren Championseko partida ikusten duzu eta atsedenaldirako 0-3 doaz. Emaitzak ez gintuen pozik utzi baina nik uste dut sentsazioak nahiko onak izan zirela eta taldea indartuta irten zela».

Onartu du, hala ere, «Lehen Mailan, azkenean, garrantzitsuena garaipenak dira» eta ez dauka inolako zalantzarik bihar talde biak irtengo direla helburu garbi horrekin, hasiera-hasieratik. Horregatik, norgehiagoka polita espero du. «Nik uste dut gora goazen bi talde garela, ausartak. Gainera beraiek konfiantza handiz etorriko dira, gauzak oso ondo egiten dituen taldea da, zenbaki aldetik oso parean gaude… Partida polita eta irekia izango dela uste dut, talde biok irtengo garelako areara iristeko asmoz, aurrera joango garelako partida irabaztera. Ez dut uste inork espekulatuko duenik».

Arazo fisikoak gaindituta, zuri-gorrien deialdira itzuli dira Erika eta Nekane. Aste honetan Lezaman korrika egiten hasi den Leyre Monente da, beraz, baja bakarra. Alavesi dagokionez, bajarik ez baina Gema Soliveresen zalantza dauka Mikel Crespok. Xàbiako erdilariak Valentziaren kontrako partidaren azken minutuetan min hartu zuen eta bere entrenatzaileak oraindik ez daki bihar jokatu ahal izango duen.

Gainontzeko babazorro guztiak prest daude norgehiagoka «berezi» bat lehiatzeko, «derbiak beti direlako», esan du Crespok. Talde gasteiztarraren helburua, berriz, asterokoa izango da: «Anbizio osoarekin joango gara, garaipena lortzera, baina baita apaltasun osoarekin ere». 

Sarrera doan

Athleticek, bestetik, Lezamako ateak irekiko ditu berriro harmailak girotzeko asmoarekin. Sarrera doakoa izango da baina klubetik azaldu dutenez, segurtasun-neurriak betetzeko edukiera kontrolatu asmoz, beharrezkoa izango da partidaren aurretik Lezamako lehiatiletan gonbidapenak eskatzea. 

Eibar-Granadilla, Elgoibarko Mintxetan

Realak eta Eibarrek igandean jokatuko dute baina armaginen kasuan ez da izango ohiko zelaian. Azken orduetan botatako euriteek lur-jausi eragin du Unbeko instalazioetara doan errepidean eta ondorioz, bidea moztu egin dute. Bertan jokatzekoak ziren partidak eta entrenamenduak bertan behera geratu dira. 

Hala, jokatzeko leku berri baten bila hasi behar izan du klub armaginak –Alavesek segituan Ibaia eskaini dio– eta azkenean Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian jokatuko da Eibar-Granadilla aurreikusitako orduan (igandean, 11.30etan)

Realak, bai, Zubietan jokatuko du igandean. Oraindik garaipena ospatu ezin izan duen Huelvako Sportingen bisita hartuko dute txuri-urdinek (12.00), bigarren postuari eusteko asmoarekin.