Athleticek eta Alavesek Lehen mailan inoiz jokatu duten lehen derbia zuri-gorrientzat izan da. Garaipen hauetako kutsu berezia ez da izan bizkaitarrek eskuratu duten sari bakarra, hiru puntuei esker talde zuri-urdin bera gainditu eta laugarren postura igotzen baitira, bihar jokatuko duen Atletico de Madriden puntu bakarrera kokatuz.
Merezimendu osoz bereganatu du norgehiagoka Iraia Iturregiren taldeak, bere nagusitasuna nabarmena izan baita, batez ere lehen zatian. Golak ere azkar sartu ditu.
Laugarren minutuan heldu da lehena. Istillartek aukera ederra fabrikatu du eskuinaldetik eta are ederragoa izan da Yulema Corresen errematea, baloia, boleaz, zutoinaren albotik sartuz atean. Jo ta ke jarraitu du Athleticek bigarrenaren bila eta hamar minutu beranduago topatu du. Ezkerretik heldu da oraingoan asistentzia, Lucia Garciarena, eta Azkonak Cornejoren hanka artetik bidali du baloia bere taldearen abantaila handitzeko.
Etxekoak ez dira konformatu eta Alavesek ezin izan du erreakzionatu. Eta, horren ondorioz, lehen zatiko aukera guztiak babazorroen arean gauzatu dira. Oso garbiak kasu batzutan baina Cris Cornejo fin ibili da, bere taldea partidan barruan mantenduz.
Eskertu dituzte gasteiztarrek bigarren zatian, bai Cris Cornejok gelditutako gol-aukera horiek, bai Mikel Crespok atsedenaldian egindako aldaketak. Erosoago sentitu da taldea eta jokoa zein markagailua orekatzetik gertu egon da. 56. minutuan, bigarren zatian zelairatu den Carla Armengol arean trastabilatu du Morazak eta Miriamek penaltia 2-1ekoan bihurtu du.
Golak Alaves suspertu du baina bere aurkaria, bere abantaila txikia babestearekin konformatu ez eta hirugarren gola bilatu du. Horri esker, partida parekatuagoa egon da hurrengo minututan. Edozein kasutan, aukera garbienak etxekoenak izan dira oraingoan ere eta, bukaera gerturatu ahala, Athleticek nagusitasuna nabarmentzen joan da berriro ere.
Markagailuan isladatu du ere, azken minutuetan sartutako golekin. 87.ean, Erikak baloia berreskuratu eta eskumara zabaldu du, Lucia Garciak handik erdiratu eta Azkonak 3-1ekoa errematatu du. Eta lau minutu beranduago Lucia Garciari egin dio penaltia Mikuk eta asturiarrak berak, Cris Cornejo baloia ikutu badu ere, bere taldeko laugarren gola sartu du.
Athletic: Quiñones; Oihane, Valdezate, Garazi Murua, Moraza; Istillart, Itxaso; Azkona, Yulema (Erika, 80.min.), Lucia Garcia (Paula Arana, 92.min.); eta Peke (Unzue, 57.min.)
Alaves: Cris Cornejo; Cris Auñon (Urru, 46.min.), Ohale, Majarin, Garazi; Alba Aznar (Gema Soliveres, 80.min.), Miriam, Jordan Clark (Miku, 46.min.); Lice Camorro (Carla Armengol, 46.min.), Sanadri (Sara Carrillo, 69.min.) eta Ane Miren.
Epailea: Suarez Gonzalez (Gaztela eta Leon). Garazi Muruari erakutsi dio txartel oria (73').
Golak: 1-0, 4. min.: Yulema. 2-0, 13.min.: Azkona. 2-1, 56.min.: Miriam, penaltiz. 3-1, 87.min.: Azkona. 4-1, 91.min.: Lucia Garcia, penaltiz.