NAIZ

Ekintza soziosindikala indartzeko Abiatu tresna berria sortu du LABek

Lantokiez gaindi antolatzeko eta ekintza soziosindikala indartzeko Abiatu tresna berria sortu du LABek. Ziklo mobilizatzailearen testuinguruan horrelako tresna baten beharra nabarmendu dute.

Garbiñe Aranburu Abiatu tresna berriaren aurkezpenean. (LAB)
Garbiñe Aranburu Abiatu tresna berriaren aurkezpenean. (LAB)

Lantokiez gaindi antolatzeko eta ekintza soziosindikala indartzeko Abiatu tresna aurkeztu du gaur LABek. «Prekarizazio eta pobretze prozesuak ez dira soilik lantokietan ematen, langileon bizi-baldintzen okertze orokor bat ematen ari da, lantoki barruko eta kanpoko errealitateak elkarloturik daudelarik. Horregatik, bide berriak esperimentatu eta saiakera berriak egiteko unea dela deritzogu. Abiaturen bidez LABen jardun sozio-sindikalean lantokitik lurralderako jauzia eman nahi dugu alde batetik, eta bestetik, bizi-baldintzen inguruko lanketetan arreta jarri», azaldu dute.

«Kalean sindikalismoa egiteaz ari gara. Borroken elkarrekintza bultzatu nahi dugu enplegua, lana bere osotasunean eta bizi-baldintzak ardatz hartuta. Lanketa ezberdinak egingo ditugu: lantokietako borrokei irismen soziala eman eta bizibaldintzen
eremuko borroka landu, etxebizitza eskubidearen lanketa, antirrazismoa, edota trantsizio ekosozialista izango dira landuko ditugun eremuetako batzuk. Horretarako, lantokietan antolatzen garen bezala bizitokiaren araberako sareak eraikitzeko apustua egiten dugu, langileon eguneroko bizitza gertatzen den eremu horietara hurbiltzeko», gaineratu dute.

«Langileon bizi-baldintzak hobetzeko eta eraldatzeko tresna izatea, horixe da Ekintza Sozialeko Komunitatearen bidez jorratu nahi dugun erronka. Parte hartu nahi duten afiliatu guztiei irekitako sarea izango da, urratsez urrats osatu eta aberastuko dena. Euskal Herrian aldaketa sakonak posible egiteko borroka egitea da LABen hautua. Indar harremanak langileon bizitzak erdigunean jartzen dituzten politikak egin daitezen borrokatzeko eremu berriak eta borroka berriak ireki behar direlako sortu dugu Abiatu, sindikalismo borrokalariak urrats berri bat emateko proposamena», erantsi dute.