Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Elezkano-Zabaleta bikotearen sendotasunak Laso eta Imazen intentzio onak zapuztu ditu

Unai Lasok asko arriskatu du erremateetan eta hasiera batean fin aritu bada ere, akats batzuek gorrien garaipena erraztu dute (22-11). Zabaletaren sendotasuna giltzarri izan da partida hausteko. Hirugarren puntua batu dute Aspekoek eta sailkapenaren gorenean daude. 

Jose Javier Zabaleta nagusi izan da atzealdeko lehian; irudian, Azkoitiako partidan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jose Javier Zabaleta nagusi izan da atzealdeko lehian; irudian, Azkoitiako partidan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Saiatu eta arriskatu bai, baina ezin. Halaxe aritu da Unai Laso, Imaz atzelariarekin batera, Elezkano II.a eta Zabaletaren aurka Binakako txapelketaren laugarren jardunaldian. Etxarriko atzelariaren sendotasuna eta Zaratamokoaren erremateek –batez ere partidaren bigarren zatian– garaipenerako bidea markatu dute. 

Zabaleta jaun eta jabe izan da hasieratik, berari esker 4-1eko partziala sinatu dute gorriek hasi eta berehala. Orduan suspertu da Laso eta pare bat tanto eginda, Elezkano urduri jartzea lortu du. Bizkarretakoa arriskatzeko prest zegoela argi eta garbi geratu da hasiera-hasieratik baina arriskatze horrek ez dio saririk eman, guztira 10 pilota galdu baititu. 

Etxarrikoa gozatzen zegoela 12-8ko markagailuarekin iritsi da partida bigarren erdira eta atzelariaren sendotasunari, Elezkano II.aren unerik gozoena iritsi da. Zaratamokoak parrtida amaitu bezain laster onartu bezala, «momentu zailetan bata besteari laguntzen saiatzen gara» eta halaxe funtzionatu du bikote honek. Elezkanok huts egiten zuenean, Zabaleta agertuz; eta Zabaletak galdu dituen pilota bakanetan aurrelaria fin arituz. 

Lehia parekatua izan dadin estutu dute Laso eta Imazek baina bigarren erditik aurrera, 22 tantoak begiz jota eduki dute Aspekoek. Hala, 10-3ko partziala sinatu dute. Azkenerako, amore eman behar izan dute Baikokoek, nahiz eta 20-11rekin Laso saiatu den tantoa bereganatzen. Alde batetik bestera ibili da Bizkarretakoa eta pilota zail bat eraman du baina azkenerako amore eman behar izan du. 

«Hasieratik esan nuen txapelketako bikoterik indartsuena iruditzen zaidala», adierazi du partida bukatu bezain laster Imazek. Elezkano II.a eta Elezkano sailkapenaren gorenean daude lau partidatik hiru irabazita, Irribarria-Rezusta bikotea legez –ostiralean Urrutikoetxea-Aranguren hartu zuen mendean–. 

FITXA TEKNIKOA:

Pilotakadak: 510. Partidaren iraupena: 58 minutu eta 44 segundu. Markagailua: 02-1, 6-5, 12-8, 15-10, 20-11, 22-11. Jokoan eginak: 9 Elezkanok eta 2 Zabaletak, 5 Lasok eta 0 Imazek. Galdutakoak: 3 Elezkanok eta 3 Zabeletak, 10 Lasok eta 1 Imazek. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekuan jokaturiko partida. Binakako Txapelketaren ligaxka, laugarren jardunaldia.