Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Dylan eta Glück nobel saridunen bi lan euskarara ekarri dituzte Garazi Ugaldek eta Xabier Payak

Garazi Ugaldek Louise Glücken ‘Basairisa’ itzuli du eta Xabier Payak Bob Dylanen ‘100 kantu’, Elkar argitaletxearekin, Jokin Zaitegi sarien baitan. Edizio berria martxan dago eta urtea amaitu bitarte aurkeztu daitezke Abdulrazak Gurnah tanzaniarraren ‘Paradise’ lanaren laginak.

Garazi Ugaldek Louise Glücken ‘Basairisa’ itzuli du eta Xabier Payak Bob Dylanen ‘100 kantu’. (Jon URBE / FOKU)
Garazi Ugaldek Louise Glücken ‘Basairisa’ itzuli du eta Xabier Payak Bob Dylanen ‘100 kantu’. (Jon URBE / FOKU)

Elkar argitaletxeak, Donostiako Udal liburutegian, bi Nobel saridunen lan euskaratuak aurkeztu ditu gaur goizean. Xabier Payak Bob Dylan ekarri du euskarara, ‘100 kantu’ lanean, eta Garazi Ugalde Pikabeak, aldiz, Louise Glücken, ‘Basairisa’.

Xabier Mendiguren editorearekin batera izan dira bi itzultzaileak aurkezpenean. Ugalde telematikoki, koronabirusaren ondorioz. Eta azken honek hartu du hitza bere lana aurkezteko, Glück zein den gogora ekarriz. «Idazkera oso argi eta soil baten alde egiten du baina gai da ur oso sakonetan barneratzeko. Bere obretan mitologiara jotzen du maiz, naturaren iruditegira, liburu honen kasu, gizakiaren kondizioaz zerbait esateko. Emozioak, desira, trauma, haurtzaroa edo familia harremana agertzen zaigu», azaldu du.

Hau da euskaraz argitaratzen den egile estatubatuarraren lehen lana. 1992an argitaratu zen lehen aldiz, ingelesez. 93an Pullitzer saria jaso zuen eta sona handia izan zuen. 54 poemez osatutako poema liburu bat da eta hari bati jarraitzen dio. «Lorategi bat aurkezten du galeraren sinbolo gisa eta bizitzaren sinbolo gisa. Metafora horren inguruan, natura bera da abiapuntua. Landareak oso presente daude, baina abiapuntu gisa, gizakiaz aritzeko. Lorategi horretan landareek hitz egiten dute, askotan, poemetan, lorezain bat ere agertzen da eta sasi-jainko bat ere badago», azaldu du.

Bidean hiru poema mota topatu ditu: landare izena dutenak eta zeintzuetan landareek zerbait esateko duten; lorezainak hitza hartzen dituenak eta gizakiaren errezoak edo hausnarketak biltzen dituztenak; eta izaki zerutarren bat edo jainko izan daiteken norbaiten ahotsak gidatutako poemak. «Itzulpen prozesua mantsoa eta luzea izan da», azaldu du. «Poema bakoitzak eskatu du bere erritmoa eta hizkuntzaren zuzentasunetik harago, jatorrizko tonua jasotzen saiatu naiz».

Nabarmendu duenez, «oso hiztegi aberatsa» lantzen da eta zailtasun erantsi bat izan du, batez ere landare izenekin. «Euskaraz ez dugu landare izen hiztegi bateratu bat. Alfontso Mujikaren laguntza izan dut horretan», eta Amaia Apalauza eta Iñaki San Romanek eskainitako laguntza ere ez du ahantzi.

Dylanen kantutasuna itzultzea

Xabier Payak, aldiz, Dylanen abesti batekin eman dio hasiera bere hitzartzeari. «Prentsaurreko hau kontzertu bat izan zitekeen». Aitortu du «sekula» ez diola aurre egin horrelako erronkari. Eta erronka horretan «sherpa bat» izan duela adierazi. Sherpa hori Joxerra Gartzia izan da, Dylanen jarraitzaile sutsua. «Jendeak ezagutzen duen zerbait gozatu dugunoi euskaraz ematera ausartu da Xabi», nabarmendu du Gartziak.

«Etsi zezakeen Dylanek zer kontatzen duen itzulita. Dylanen tono erregistroa euskaraz eraikitzea zen erronka. Nola hitz edo kantatuko lukeen Dylanek euskaraz. Desafioa ez zen 100 kantutan zer dioen itzultzea. Bere kantutasuna itzultzea zen», gaineratu du.

Eta Payari hitza itzuli aurretik, Dylanen jarraitzeleei «sekulako oparia» egin diela ere erantsi du, «Dylan Peio Joxepe bihurtzeko arriskua gaindituz». «Lehendik Dylan zale ginenoi Dylanen beste alde bat eskaini digu eta Dylan zale ez direnei, zaletzeko aukera. Eta euskarari ekarpen handia egin».

Payak, erronka horretan, Nobel Sari berezi baten aurrean gaudela gogora ekarri du. Izan ere polemika dezente piztu zuen sariak. «Itsasoari lurra jarri diot, Herbehereetako arkitektuek bezala. Ahalegindu naiz ekuazio bat egiten. Zer eta nola esaten zuen, non egiten zuen figura estetikoa eta, agian toki berberetan ez, baina pisu bera ematen itzulketan. Antzeko kardiograma bat izan dadin».

Honen adibide gisa Gartziak eta berak poemetako bat musikatu dute agerraldiari amaiera emateko.

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, azkenik, gogora ekarri du martxan dagoela Jokin Zaitegi sariaren ekitaldi berria. Aurten Abdulrazak Gurnah tanzaniarrak jaso du Nobel Saria eta 1994an argitaratutako ‘Paradise’ itzultzea izango da aurtengo erronka. Eta izen horrekin zehazki: ‘Erronka’. Abenduaren amaiera arte aurkeztu daitezke laginak.