Asier Aiestaran

Ezkurdiak eta Tolosak lehen puntua eskuratu dute Urretxuko neurketa tristean (22-17)

Orain gutxi Eibarren San Andres egunez gertatu bezala, huts askoko partida izan da, eta distira falta horrek bat egin du ospakizun handirik gabe geratu den Santa Lutzi eguneko giro hotzarekin. Peñak eta Albisuk agindu duten arren, pilota gehiegi galdu dituzte.

Joseba Ezkurdia, pilota astintzen, Tolosa begira duela (Jon URBE / FOKU)
Joseba Ezkurdia, pilota astintzen, Tolosa begira duela (Jon URBE / FOKU)

Ezkurdiak eta Tolosak 22-17 menderatu dituzte Peña II.a eta Albisu Urretxun, Santa Lutzi eguneko jaialdian, eta lehen puntua eskuratu dute aurtengo Binakako Txapelketan. Orain gutxi Eibarren San Andres egunez gertatu bezala, neurketa tristea izan da, huts askokoa, eta distira falta horrek bat egin du ospakizun handirik gabe geratu diren Zumarraga eta Urretxuko giro hotzarekin.

Partidaren gidoiak aurrez espero zitekeenari erantzun dio. Jon Ander Albisu nagusi izan da atzeko koadroetan, agintea erakutsiz eta Xabi Tolosari lan asko egitera behartuz, baina aurrean Jon Ander Peñak ez du bere eguna izan eta inspirazio falta horretan huts gehiegi egin ditu. Azkenean Albisu bera ere nahastu egin da eta bien artean 13 pilota galdu dituzte, gehiegi gauza onerako.

Beste aldean, egia da hasieran Tolosak pilota batzuk galdu dituela –urdinen aurreneko bost tantoetatik lau atzelariak galdutakoak izan dira–, baina hortik aurrera asko zuzendu da anoetarra eta gutxienez partidari eusteko gai izan da. Aurrean, gaur ere Joseba Ezkurdiari ia beti behartuta eta urrunetik jardutea tokatu zaio, baina arbizuarra ere aurreko batzuetan baino sendoago azaldu da, gutxiago galduz, eta hori izan da 22ra iritsi ahal izateko gakoetako bat.

Sentsazioak ez dira batere onak bi bikoteetako inorentzat, sailkapenaren zuloan berdinduta geldituko dira biak puntu banarekin, baina Ezkurdiak eta Tolosak garaipena lortu izanaren poz txikia baliatu beharko dute hobetzen joateko. Peñak eta Albisuk, aldiz, azkar moztu beharko dute joera txarra ez badute sailkapena lortzeko gehiegi sufritu nahi.

Datorren jardunaldian, Peñak eta Albisuk larunbatean jokatuko dute Labriten Elezkano eta Zabaletaren kontra, eta Ezkurdia-Tolosak igandean Eibarren Laso eta Imazen aurka.

Pilotakadak: 459. Partidaren iraupena: 53 minutu eta 59 segundo. Markagailua: 0-3, 3-3, 3-8, 8-8, 8-10, 11-10, 11-11, 15-11, 15-13, 16-13, 16-17 eta 22-17. Sakez: 2 Ezkurdiak eta 1 Peña II.ak. Jokoan eginak: 7 Ezkurdiak eta 10 Peña II.ak. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak, 4 Tolosak, 7 Peña II.ak eta 6 Albisuk. Gertaerak: Sarrera erdi inguru Santa Lutzi eguneko jaialdian, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Binakako Txapelketaren laugarren jardunaldia itxi duen norgehiagoka.