Alessandro Ruta

Flauberten obsesioak

Burgesa, maniakoa, misteriotsua, kontraesankorra: Gustave Flaubert literatura unibertsalaren idazle handienetako bat izan zen. Pertsonaia aski famatuak sortu zituen, Madame Bovary esate baterako, nahiz eta eztabaidagai izaten jarraitzen duen.

Gustave Flaubert, Eugene Girauden margolanean. (WIKIPEDIA)
Gustave Flaubert, Eugene Girauden margolanean. (WIKIPEDIA)

Larousse hiztegiak halaxe dio: «Bovarismoa: ametsen bitartez ihes egitea bizitzaren atsekabea sufritu eta gero». Hori izan zen benetan Emma Roualtek, Charles Bovaryren emazteak, egin zuena? Egin zuen, baina horrez gain, azpimarratu behar da Flaubertek berak aitortutakoa: «La Bovary c'est moi», hau da, idazlea bera erabat identifikatuta zegoela bere pertsonaiarekin.

Hori da behintzat legendak dioena, baina hainbat ikerketek argitu dute esaldi hori ez dela benetakoa. Askoz autobiografikoagoa, aldiz, Frederic Moreau da, ‘L'education sentimentale’ lanaren protagonista.

Flaubertek figura hilezkorra sortu zuen, baina une berean nobelan askotan Emma gorroto duela nabaritzen du. Ez du argi esaten, baina ziurrenik ez dago emakumearenganako enpatiarik, are gehiago hiltzen duenean.  

‘Madame Bovary’ idazketa metodiko eta oso neurtu baten ondorioz sortu zuen Flaubertek. Roueneko idazlea 1851n hasi zen obra hori idazten eta bost urteetan zehar hainbat eta hainbat aldaketa egin zituen, ahalik eta bertsiorik onena lortzeko. Egunero asko jota 5-10 lerro zehazten zituen, hitz perfektu eta estilo ezinhobearen bila.

Adituek askotan ezdabaidatu dute euren artean pertsonaia horri dagokionez: Bovary andrea nor da, heroi bat edo inozo bat? Mario Vargas Llosa Nobel Saridunak bere ‘La orgia perpetua’-n adierazten du Emma literaturako lehen pasionaria izan dela, «ilusioaren eta errealitataren arteko amildegian» dagoelako. Beste batzuen ustez, ordea, erabat «superfiziala» da. Eztabaidagai izaten jarraitzen du, beraz, Bovaryren atzean ezkutatutako izate horrek.    

Flaubert idazle handi bat bilakatu zen, nahiz bere lana ez zen oso emankorra izan. Lau nobela luze idatzi zituen (‘Madame Bovary’, ‘L'education sentimentale’, ‘Salammbo’ eta ‘Bouvard et Pécuchet’, bukatu gabe utzi zuena, 1880an hil baitzen), hiru labur (‘Memoires d'un fou’, ‘Novembre’ eta ‘La tentation de Saint Antoine’), gehi ‘Hiru kontuak’.

Ez zuen zerikusirik Balzacekin edota Zolarekin edota Victor Hugoarekin, hirurak ‘grafomanoak’ ziren; kasik lan guztiek porrot egin zuten, bai kritikoen bai lagunen artean. Pribatuan, berriz, agian bere lankideak baino emankorragoa izan zen. Milaka gutun idatzi zituen Flaubertek, egun-egunero, lagunei, lankideei eta familiari bidaliak.

Roueneko Unibertsitateak bere webgunean bildu ditu gutunok, eta irakurketa hauek idazlearen alde ezkutura garamatzate. Gutunei esker ikus dezakegu Flauberten benetako nortasuna.