NAIZ

«Patronalaren erantzun ezaren aurrean», Bizkaiko autoeskolak berriro greban

Patronalaren erantzun egokirik jaso ez dutelako Bizkaiko autoeskoletako langileek berriro grebari ekin diote, ELA sindikatuak azaldu duenez. Hilaren 17ra arte luzatuko da greba. Gaur lehen mobilizazioak egin dituzte Bilbon eta Barakaldon.

Bizkaiko autoeskoletako langileen mobilizazioa. (ELA)
Bizkaiko autoeskoletako langileen mobilizazioa. (ELA)

Bizkaiko autoeskoletako langileak grebari ekin diote berriz gaur eta hilaren 17raino mantenduko dute. ELAk azaldu duenez, joan den ostegunean sindikatu honek deitu zuen negoziazio mahaiaren bileran Apavi patronalak ez zuen inolako proposamenik egin eta sindikatuak egin zuenari ez zion erantzun.

«Apavik proposatu duen bakarra honako hau izan da: oinarrizko soldataren %14ko igoera (hots, aurreko %13,6ko eskaintza baino %0,4 gehiago, besterik ez). Hau da, hitzarmeneko soldata taulak 2010etik hona metatu den KPIaren arabera eguneratzea baino ez du nahi, soldata irregularrak erregularizatu gabe edota kolektiborik prekarizatu eta feminizatuenen soldata kaskarrak hobetzeko ezer egin gabe», gaineratu du ELAk.

«Halaber, patronalak aipatu du urteko lanaldia finkatu eta ordutegiak malgutu daitezkeela, baina proposamena zehaztu gabe. Beste edukiei buruz ez du ezer ere esan, eta, ondorioz, ez dago akordioren batera iristeko aukerarik. Horregatik, ELAk idatziz erantzun bat egin dezala eskatu dio», erantsi du sindikatuak.

«Patronalak posizioak hurbiltzeko borondaterik ez izateak areagotu egiten du greba egiteko beharra, ahalik eta hedapen handienarekin, sindikatuaren proposamenari eman beharreko erantzuna baldintzatzeko», aldarrikatu du ELAk.

Grebaren lehen egunean kotxe karabana izan da Bilbon zehar. Artxandan elkarretaratzea egin dute gero langileeki eta Barkaldorako bidea hartu du karabanak.