Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala larunbat honetan, abenduaren 18an, jokatuko da Bilbao Arenan, Bilbon. Hori horrela, gaur Miribillan egin den finalaren aurkezpen ekitaldian txapelketaren azken fasera sailkatu diren bertsolariek finalaren aurreko egunetan bizitzen ari diren sentipenen eta finalaren xehetasunen berri eman dute. Beraz, hortxe izan dira Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.
Hasteko, egin beharreko lanei dagokienez, orain arteko finalaurrekoak baino luzeagoa izango da finala. Izan ere, ariketak A eta B atalean banatuko dira. Lehenik eta behin, A atalaren baitan, bertsolariek hiruna bertso egin beharko dituzte zortziko nagusian, txikian eta hamarreko txikian. Hortaz gain, bakarkako lanean puntua emanda bertso bi egin beharko dituzte zortziko txikian eta ondoren, gaia emanda, beste hiru bertso kantatu beharko dituzte doinu eta neurri librean.
B atalean, aldiz, beste hiruna bertso abestu beharko dituzte ofiziotan bai zortziko txikian eta bai seiko motzean. Bukatzeko, kartzelako lanean hiruna bertso kantatu beharko dituzte finalistek doinu eta neurri librean.
Egin beharreko lanak zeintzuk izango diren ezagututa, bertsolariek beraien sentipenen berri eman dute. Hasteko, Etxebarriazarraga eta Pagonabarragak ekin diote adierazpen sortari, finalera sailkatzen diren lehen aldia baita. Etxebarriazarragak onartu du finalera sailkatzea «sorpresa ebidentea» izan zela eta finalak bere burua bertsolari bezala aitortzeko eta bere burua «balioan jartzeko» balioko diola.
Pagonabarragak ere sorpresaz hartu zuen finalerako txartela, Etxebarriako finalaurrekoko irabazlea izan arren: «Ez dut esango ez nuela final batekin amesten, baina ez nuen inondik inora espero aurten izango zenik».
Bizkarrarentzat, ostera, ez da estreinako finala, bigarrena baizik. Hori horrela, abadiñarrak adierazi du aurreko finalean ez bezala, ez dagoela «lotuta eta ikaratuta». Kontrara, tentsio puntu bat izan arren, «gogotsu» dagoela.
Bere aldetik, Enbeitaren helburua egun duen titulua mantentzea izango da. Beteranoetako bat da muxikarra eta, zentzu horretan, finalera lehenbizikoz datozenekiko inbidia puntu bat duela aitortu du lehenengo finala bizitzea «sentsazio ederra» dela argudiatuz. Era berean, Enbeitak azaldu du espektatibak eta presioa ere beteranoa izatearekin batera doazela.
Lekuek, kontrara, ez du uste nagusiagoa izateagatik gainerako finalistek baino pisu handiagoa izango duenik: «Ni berdin sentitzen naiz. Konbentzituta nago larunbatean saio eder bat egingo dugula guztiok».
Uria ere beteranoen taldean sartzen da, bere seigarren finala izango baita larunbatekoa. Uriak bat egiten du Lekuerekin eta berari ibilbide bat, esperientzia pilatuta izateak eta «zer demostratu askorik ez» izateak lasaitasuna ematen diola azaldu du.
Galletebeitiari dagokionez, honek esplikatu du berari pandemiak eta bertan bizitakoak final berri bat dela sentiarazi diola. «Pasa dena pasa eta gero nik balio eta garrantzi handia ematen diot hona heltzeari eta Miribillan kantatzeko aukera izateari», adierazi du. Finalera heltzearekin pozik dagoen arren lekeitiarrak argi utzi du finalera sailkatzearekin bakarrik ez dela «konforme sentitzen».
Bukatzeko Ibarzabalek, Larrabetzuko finalaurrekoko garaileak, hartu du hitza eta bere nahia finalaurrekoetan baino gehiago disfrutatzea dela azaldu du. Era berean, Enbeita, Uria eta Lekurekiko sentitzen duen miresmena azpimarratu du. Izan ere, markinarrak aitortu du berari ere gustatuko litzaiokeela «hasierako eferbeszentzia horri» eusteko gai izatea.
Txapel jartzaileak
Edizio honetako txapel jartzaileak Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria izango dira. Bitxikeri moduan, bi hauek Onintza Enbeita eta Etxahun Lekueren osabak dira hurrenez hurren. Bertsozale elkarteak erakundearen barruan urte luzetan egindako lana eskertu nahi izan die ardura hau emanez. Bai Enbeitak eta bai Etxebarriak bat egin dute irabazleari txapela jartzea «ohore» bat dela esanez.
Txapelketa luzea
Pandemiaren bilakaera tarteko, ia urte eta erdi luzatu da Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketa. Hori horrela, bai parte hartzaile eta bai antolatzaileentzat luze egin da txapelketa. Izan ere, Belate Olabarriak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, azaldu du tentsioa egon dela, egun batetik bestera erabaki asko hartu behar izan dituztela eta guztia antolatzea zaila egin zaiela.
Ildo horretan, txapelketa horrenbeste baldintzatu duen covid-19aren aurkako neurriak hartzeko xedez, Olabarriak Miribillara hurreratuko diren bertsozaleei denboraz joateko eskatu die. Izan ere, finala 17.00etan hasiko bada ere, Bilbao Arenako ateak 15.30etatik egongo dira publikoarentzat zabalik. Hortaz gain, musukoaren erabilera nahitaezkoa izango da.