Bidasoa-Irunek pausotxo bat gehiago eman zuen asteartean EHF European League txapelketako hurrengo fasean egoteko. Multzo faseko bosgarren jardunaldian, bere garaian gipuzkoarren taldean egondako zenbait covid kasurengatik atzeratutakoan, sekulako jipoia eman zion talde irundarrak Pfadi Winterthur suitzarrari (23-37).
Garaipen horri esker, sailkapeneko laugarren postuan daude lau punturekin, eta ostegun honetan talde oso sendoa den eta 8 punturekin bigarren doan Orlen Wisla Plocken aurka arituko dira (18.45, ETB4). Hala ere, Jacobo Cuetarak gaur bertan klubeko kameren aurrean adierazi duenez, «garaipen handiek beti errazten dute etorkizuna».
Eta etorkizun hori bihar bertan irudikatzen hasi beharko dute. Lehenik eta behin, jokalari irundarrak fisikoki nola dauden ikusi beharko da. Izan ere, covidarengatik bi aste elkarrekin entrenatu eta lehiatu gabe egon ondoren, atzokoa hirugarren neurketa izan zen beraientzat –aurreko biak gol batengatik galdu zituzten–.
Prestatzaile asturiarrak gazteei minutuak eman zizkien atzokoan –Eneko Furundarena, Julen Mujika eta Asier Nieto–, baina hori bai ziur, Leo Renaud eta Rodrigo Salinasen bajak izango ditu berriro ere ostegun honetan poloniarren etxean. Hainbeste partida jarraian jokatu beharrak, taldea dosifikitu beharko du Cuetarak. Atzo bikain atera zitzaion.
Gainera, animikoki taldea ehuneko ehunean dago, asteartean irabazi eta gero. «Guretzat oso garrantzitsua zen irabaztea, eta nola lortu zen are gehiago: joko on batekin, bai erasoan eta baita defentsan ere», azpimarratu du Cuetarak. Eta hala da. Xoan Ledo atezainak sekulako partida egin zuen. Hamar geldiketa egiteaz gain, bere atetik egindako hiru golekin amaitu zuen neurketa. Lehen aipaturiko gazteek, gainera, maila ona eman eta esperientzia hartzen joan ziren.
«Garaipena guretzat oso momentu zailean etorri zen. Taldea batu egin zen, extra bat eman zuen eta Bidasoaren bertsiorik onena eskaini zuen. Nork esango liguke egoera berezi honetan honelako bertsio hain ona emango genuenik… Talde osoari eskerrak eman behar dizkiot azken aste hauetan egin duen esfortzuarengatik», gaineratu du asteazken honetan Bidasoa-Irungo prestatzaileak.
Lehen itzuleko neurketan, iragan abenduaren 7an jokatutakoan, poloniarrek garaipena lortu zuten Artalekun, baina gol batengatik bakarrik (28-29) izan zen. Gainera, berrogeialdia bete eta lehenenego partida izan zen gipuzkoarrentzat. Beraz, itxaropena ez dute galtzen eta garaipen batek hurrengo faseko ateak gehiago irekiko lituzke.