NAIZ

Tornadoetatik ihes egin nahi zuten langileak kaleratzearekin mehatxatu zituzten

AEBetako Kentucky estatuko Mayfield herriko lantegi bateko arduradunek ez zieten utzi langileei kalte izugarriak eragin zituzten tornadoetatik babes hartzen. Areago, alde egiten bazuten kaleratu egingo zituztela esan zieten. Amazon erraldoiaren biltegi batean sei behargin hil ziren, harrapatuta.

Kandela usaintsuen fabrika horrela geratu zen tornadoen eraginez. (Chandan KHANNA/AFP)
Kandela usaintsuen fabrika horrela geratu zen tornadoen eraginez. (Chandan KHANNA/AFP)

«Alde egiten baduzue, litekeena da kaleratuak izatea», esan zien Mayfieldeko kandela fabrika bateko arduradunak beharginei herria txikitu zuten tornadoak iristear zeudela. Hala adierazi dio NBC kateari McKayla Emery langileak, ospitaletik. Beste hiru beharginek berretsi egin dute haren salaketa.

21 urte dituen Emeryk kaskote baten kolpea jaso zuen buruan eta sei ordu eman zituen hondakinen azpian harrapatuta. Hanketan erredura kimiko larriak ditu, giltzurrunak ere kaltetuak ditu eta bere gernuak kolore beltza dauka.

Gabonetako jaien bezperatan, kandela usaintsuak ekoizten dituen fabrikan 110 pertsona zeuden lanean tornadoek erabat suntsitu zuenean.

Bob Ferguson enpresako bozeramaileak azaldu zuenez, 8 behargin hil egin ziren eta beste 40 hondakinetatik erreskatatu zuten. Gainerakoak onik lokalizatu dituztela ziurtatu du.

Asteburuan 70 langile inguru hondakinen azpian egongo ote ziren beldur azaldu zen Andy Beshear Kentuckyko gobernadorea. «Gabonetako miraria dirudi», esan du, pozik, gobernadoreak, baina langile guztiei agintariekin kontaktuan jartzeko eskatu die. Haietako bakoitzarekin banan-banan hitz egin nahi dutela gaineratu du. 

Txandaka topera lanean

Fabrika topera ari zen lanean, txandaka eta makinak gelditu gabe, jaietako eskaera asetzeko. Tornadoaren lehen abisua larunbatean goizaldeko 5.30ean jaso zuten, alarmak jo zuenean.

Arduradunen mehatxuak zirela medio, langileak beharrera itzuli ziren baina gutxienez 15ek arriskutik babesteko etxera joateko baimena eskatu zieten. Arduradunek ezetz esan arren, batzuk alde egin zuten.

Lau ordu geroago langileek komunetan eta pasilloetan babes hartu behar izan zuten baina orduan ere ez zieten ateratzen utzi. Arriskua amaituta zegoela uste izan zutenean lanera itzuli ziren eta handik gutxira iritsi zen fabrika suntsitu zuen tornadoa.

Enpresako zuzendaritzak gezurtzat jo ditu salaketa hauek. Bob Fergusonek ziurtatu duenez, «covida hasi zenetik langileek edozein momentutan joan daitezke eta hurrengo egunean itzuli», esan du NBC katean.

Paperik gabeko etorkinak

Iturri batzuen arabera, baina, langileetako asko paperik ez duten etorkinak dira.

Momentuz 74 hildako eragin dituzte tornadoek Kentuckyn eta 100 pertsona inguruk desagertuta jarraitzen dute. Beste 14 hildako daude inguruko estatuetan. Illinoisen, Amazon merkataritza elektronikoko enpresa erraldoiaren biltegi bat erori egin zen, eta gutxienez sei hildako eragin zituen.

50 tornadotako oldea 2011. urtetik AEBetan izan den hilkorrena da. Urte hartan, 324 pertsona zendu ziren 360 zurrunbilo izan zituen tornado-oldeak Alabama, Arkansas, Misisipi, Tennessee eta Ipar Karolinako estatuak jo zituenean.

Gaur bertan espero dute Mayfielden eta kalte handiak ere jasan dituen Dawson Springseko herrian Joe Biden presidentearen bisita.

Hildakoez eta zauritutakoez gain, ezbeharrak 18.000 milioi dolarretako kalte materialak eragin ditu.