Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Antzerkiaren iragana, oraina eta etorkizuna batu ditu Ganbila bildumak argitalpen berriekin

‘39 lore’, 99 pauso ganorabakoen aldamenean’ eta ‘Porno vs Afrodita’ dira Ganbila antzerki bildumako ale berriak, horretarako espreski sortutako testua, duela 15 urte idatzitako antzezlan ezezaguna eta une honetan taulagainean dabilen umorezko lana, hurrenez hurren.

Patricia Urrutia, Peru Calabaza, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan. (Iñigo URIZ / FOKU)
Patricia Urrutia, Peru Calabaza, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan. (Iñigo URIZ / FOKU)

Susa argitaletxeak Ganbila antzerki bildumari segida eman dio beste hiru argitalpen berrirekin. Oier Guillan editoreak aurkezpenean azaldu duenez, «antzerkiaren iragana, oraina eta etorkizuna denbora bakarrean biltzen duen proiektua da» bilduma, eta printzipio horri erantzuten diote ale berriek: Amancay Gaztañagaren ‘39 lore’, Peru Calabaza Sabanen ‘99 pauso ganorabakoen aldamenean’ eta Benetan Be Teatroko Patricia Urrutia Urietaren ‘Porno vs Afrodita’.

‘39 lore’ izango litzateke etorkizunari begiratzen dion lana, antzeztu gabeko lana baita baina noizbait taularatu daitekeena, Ganbilarako espreski idatzia. Gaztañagaren esanetan, «triptiko bat da». Lehenego zatian bere bizi esperientziak bildu ditu, sortzaile emakume bezala eta, batez ere, unibertsitatean arte dramatikoa ikasi zuenean bizi izan zituen esperientzia batzuk, eta nola horiek markatu zuten bere ibilbidea.

Saiakera hori idazten ari zela sortu behar zuen antzezlana nolakoa izango zen prentsatzen hasi zen: normalean lana egiten duen moduan idaztea –aktoreak, aurrekontua, atrezzoa kontuan izanik– edo lehengo dramaturgoek bezala, mugarik gabe? Bigarren aukeraren alde egin zuen, noski. «Valle Inclanek esaten zuen ze pribilegiatua zen uzten ziotelako idazten nahi zituen erokeri guztiak», aipatu du egileak.

Bigarren zatian, beraz, ‘39 lore’ antzezlana bera jasotzen da, aukera posible asko dituen testua. Zuzendari batek hartuko balu moztu, zaztitu, tokiz aldatu, zati batzuk bakarrik erabiltzeko balioko luke. «Aktoreekin jolasteko aukera asko emango zituen testua nahi nuen, oholtzara eramanez gero norbaiten buruan itxia dena, baina irakurria izaterakoan irekia dena», adierazi du Gaztañagak.

Hirugarren zatia piztiario bat da, Arrate Rodriguezekin egin duena. ‘39 lore’ lanean agertzen diren emakume guztien deskripzio bat da. «Bakoitzak badu testu klasikoetako jatorria, batzuk mitologikoak. Gaur egunera ekarri ditugu. Piztiario horretan emakume bat falta da, Nausika, protagonista. Bera azalean jarri dugu», argitu du.

Umore txotxoloa

Iraganarekin parekatu dezakegu ‘99 pauso ganorabakoen aldamenean’, nahiz eta hau ere ez da inoiz taularatu. Calabazak duela 15 urte idatzi zuen eta orain arte gordeta izan du plazaratzeko aukera sortu zaion arte. «Idatzi nuenean esaldi bat nabarmendu nuen: ‘Munduan zehar poeta edo maisu deitzen zioten. Bere herrian ganorabako’. Honek adierazten du literaturan bizi ditugun mundu fantastikoen eta egunerokotasunean jendeak duen seriotasunaren arteko saltoa. Mundu koloretsu horien aldeko aldarrikapena presente dago lanean. Jolasteko eta aske sentitzeko gonbidapen bat da», baieztatu du egileak

Testu soltez osatutako antzezlana da eta horregatik ez dauka antzerki klasikoaren egitura. Poesia bezala irakurri daiteke, inolako ordenik gabe, tarteka. Eta antzeztu ere horrela egin daiteke. Konpainiaren batek oholtzara eramatea erabakiko balu, pieza batzuk bakarrik hautatu ditzazke, edo konpainia desberdinek antzezlan desberdinak moldatu.

«Lantaldean lana egin dudanean testu batzuk proposatzen dituzu, batzuk aurrera ateratzen dira, beste batzuk berregin egiten dira. Prozesua amaitzean testu pila bat dituzu, batzuk erabiliak eta beste batzuk ez, baina oso politak iruditzen zaizkizunak hala ere», kontatu du Calabazak. Hori izan zen testu hau idazterakoan jarraitu zuen bidea. Bere hitzetan, umore arin eta «oso txotxoloa» gordetzen du. «Oso harro nago hau idatzi izanaz, orain ez dakit gai izango nintzen hau idazteko», aitortu du.

#gorkaurbizu

Oraina ‘Porno vs Afrodita’ lanari egokitu zaio, une honetan antzokietan ikusgai dagoen pieza baita. Hori gorde, transmititu eta berriro erabili ahal izateko erabaki dute liburu bilakatzea. Kasu honetan ere umoreak pisu handia du, Benetan Be Teatroa konpainiaren ildotik jarraituz. Urrutiak etxean idatzi bazuen ere, gero konpainiako kideek ekarpenak egin zizkioten eta hirugarren pauso batean antzezten ari diren lana sortu zuten.

Abiapuntua gazteen hezkuntza sexual-afektiboa da, edo horren beharra. «Gazteen artean hain zabaldua dagoen pornoaren kontsumoaren inguruko kezka somatu nuen, eta fikzioan ikusten duten hori errealitatera eramaten saiatzean ematen den desfase larria –kontatu du Urrutiak, gaiari buruz informazioa biltzen hasi zena–. Gizarte moduan erronka bat ikusi nuen. Nortzuk eta guk lagunduko diegu gazteei euren harreman sexuak eta afektiboekin!», esan du. Izan ere, Urrutiak berak porrot sexual eta afektibo bat jasan berri zuen. «Gu, antzerkilari eta pailazo, porrotak indar kreatibo bezala erabiltzen ditugu», aipatu du.

Musikak ere garrantzia handia du istorioan (egoera soinu proba bat da). Sortzerako garaian musika entzuten zuen eta testua erreferentzia ugari daude. Bertsioak aipatzen dira, oholtzarako ere abesti originalak sortu dituzte, eta testuak berak badu egitura musikala (estrofak eta estribilloa), eta testua erritmikoa da.

Antzezlanaren «azpitilua» ‘I (love) #gorkaurbizu’ da, musikariari eta sare sozialei erreferentzia eginez. Izan ere, obra gazteengan zentratzen bada ere, helduek egun dituzten harreman motei ere keinu bat egin nahi dien horrekin. Eta Gorka Urbizu aipatzearen arrazoia euskal «rock star» bat sortzeko premia zen, nahiz eta Urbizu bera «nahiko antirock star» den. Urrutiak adierazi duenez, lanak aurrera egiten zuela ikusi zuenean, atzera bueltarik ez zuela konturatzean, Berri Txarraken abeslariari galdetu zion ea bere izena erabili zezaken. Honek testua eskatu zion irakurtzeko, eta barre asko egin zuela esan ostean, baimena eman zion.