Campus Prometek eta Lointek Gernikak igande honetan jokatu behar zuten Ligako 13. jardunaldiko partida bertan behera geratu da talde bizkaitarrean Covid-19ko bost kasu positibo atzeman baitira larunbat honetan egindako antigeno frogetan. Neurketa 18.00etan zen jokatzekoa, baina beste egun eta ordu bat bilatu beharko dute jokatzeko.
Lointek Gernikak jakinarazi duenez, positibo emandako pertsonek «ez dute sintomarik». Gainera, lehen taldeko kide hauek «bakartuak izango dira zenbait egunetan erakundeen eta klubaren barne protokoloa jarraituz froga berriak egin arte», azpimarratu du klubak.
Gauzak hala, datorren asteazkenean Eurocup txapelketan jokatu beharreko itzuleko partida ere atzeratu beharko dute gernikarrek. Gogoratu behar da joaneko neurketan, Malosten, 24 puntuko aldearekin irabazi zutela bizkaitarrek Cukurova BK Mersin talde turkiarraren aurka (83-59).
Hau ez da jardunaldi honetan jokatuko ez den partida bakarra. Izan ere, ostiralean Kutxabank Araski izan zen hiru positibo atzeman zituena. Azken ordura arte jokatzekoa zela esanagatik, eta Mendizorrotzara larunbat arratsaldeko 18.30etan covid agiria eta nortasun agiria eskuan eramateko agindua ere publiko egin ostean –PCR negatiboa agiririk ez duten horiek–, azkenean bertan behera geratu zen Kutxabank Araski eta Baxi Ferrolen artekoa.
Itxura batean hiruna PCR proba egin zituzten jokalari eta teknikariek, eta azken azken orduan jakinarazi zuten hirugarren positiboa. Bada, gaur arratsaldeko partida bertan behera geratu zen.