NAIZ

Jakes Esnalek 71 urte bete dituen egunean mobilizazioa egin dute Donibane Lohizunen

Kartzelaldiaren 31. urtean sartu den Jakes Esnal presoak 71 urte bete ditu gaur. Horren karietara bere askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioa egin dute, eguerdian, hamarnaka lagunek bere sorterrian, Donibane Lohizunen.

Esnalen urtebetetze egunean Donibane Lohizunen egin duten ekitaldian urtarrilaren 8an Baionan izanen den martxan parte hartzeko deia zabaldu dute. (@Artisans_Paix)
Esnalen urtebetetze egunean Donibane Lohizunen egin duten ekitaldian urtarrilaren 8an Baionan izanen den martxan parte hartzeko deia zabaldu dute. (@Artisans_Paix)

Jakes Esnal presoak 71 urte bete dituen egunean, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian presoaren sorterrian, Donibane Lohizunen.

Mobilizazioa Louis XIV plazan iragan da. Hamarnaka lagun bildu dira euskal presoei ezarritako «heriotz zigorra» ez dutela onartzen agerian uzteko.

Kartzelaldiaren 31. urtean sartu den presoaren askatasuna beste behin ere eskatzeko balio nahi dute bere urtebetetze kari antolaturiko mobilizazioa

Oroitzearren 1990. urtean atzeman zituzten Jakes Esnal, Ion Kepa eta Unai Parot, eta Frederic «Xistor» Haranburu.

Azken hau iazko azaroan baldintzapeko askatasunean libre atera zen Lannemezango espetxetik. Izan ere, gainerako hirurek espetxean dituzte oraindik.

Hain zuzen ere "Le temps presse. Ion, Jakes, Unai gurekin" izanen da urtarrilaren 8an Baionan antolaturiko martxara joanen diren herritarrek haizeratuko duten mezu nagusia.

Bake Bidea elkarteak eta bakegileek hitzordu hori prestatzeko goiz lanaldia antolatu zuten, abenduaren 5ean, Hiriburun.

Abenduaren 16an, berriz, Luhuson badira bost urte desarmatzea ahalbidetzeko jardun zuten bost herritarren aurkako polizi operazioa gogoan izanik, hiru hamarkada luze kartzelan daramaten presoen askatasuna lehenbaitlehen lortzeko xede «ekimen azkarragoak» plantan emateko engaimendua galdegin zuten bakegileek.

Baionako mobilizazioari begira

Urtarrilaren 8an, 15.00tan, Baionako hiru tokietatik -Lauga kiroldegitik, tren geltokitik eta Euskaldunen plazatik- abiatuko da presoen egoerari behingoz irtenbide emateko «ekintza indartsuagoz» osaturiko fase berri batendako abiapuntu izan nahi duen martxa.

Parisek preso eta iheslarien auziari «ez diola inolako konponbiderik atzeman» salatu zuten, Hiriburuko agerraldian, Anaiz Funosas eta Jean-Daniel Elichiry bakegileek.

Harea erlojua sinbolotzat hartu duen martxak mugarri berria markatzeko duen xede irudikatuz Anaiz Funosasek eta Luhusoko ekimenean atxilotutuetako batek Txetx Etxeberrik «pario berriari» aurre egiteko jendartearen sostengua eskatu zuten Suprefeteturaren egoitzaren aurrean eginiko ekintzaren baitan.

Dinamika berriari lotu nahi duen orok «aktiboki izen emateko parada izanen duela» urtarrilaren 8an Baionan eginen den manifestazioaren denboran iragarri zuten.