NAIZ

Laudioko hiltegiaren aurkako salaketa ezetsi egin du epaileak

Laudioko Udalak udal hiltegiaren aurka jarritako salaketa ezetsi egin du epaileak, ez baitu ikusi Nerbioi ibaira ustezko isurketa zantzurik. Asteazkenean Hiltegia Ez Itxi plataformako bi kidek Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egingo dute hiltegiaren ixteak dakarren «zentzugabekeria» salatzeko.

Laudioko udal hiltegiak bost hilabete baino gehiago daramatza itxita. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Laudioko udal hiltegiak bost hilabete baino gehiago daramatza itxita. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Epaileak ez du zantzurik aurkitu Laudioko Udalak udal hiltegiaren aurka jarritako salaketan, Nerbioi ibaira egindako ustezko isurketengatik. Uztailaren 2an Laudioko Udaleko arduradunek hiltegiaren zerbitzuaren amaiera erabaki zuten, Nerbioi ibaira ustez egindako isurketa bat tarteko. Arduradun horietako batek, gainera, salaketa jarri zuen Polizia autonomikoaren komisaldegian.

Joan den astean salaketa honen ondorioz ireki zen auziaren emaitza ekarri du, eta Hiltegia Ez Itxi plataformaren arabera, «emaitza ezin argiagoa izan da: ezetsi egin da». Hau da, epaileak ez du ustezko isurketa horren zantzurik aurkitu.

«Epai honek, zalantzarik gabe, Udalaren bilakaera judiziala baldintzatuko du datozen hilabeteetan, isurketarena izan baita hiltegiko zerbitzua eteteko argudio giltzarria. Horren ondoren, litekeena da Laudioko Udalak epaiketa gehiago eta kalte-ordain oso garrantzitsuak egin behar izatea hiltegiaren azken kontrata kudeatzailearekiko. Horri gehitu beharko genioke zerbitzurik eskaini ez duen baina lizitazioa aktibo mantentzen zen aldiak sartzeari utzi diona», azaldu plataformak ohar batean.

Bestalde, asteazken honetan, hilaren 22an, Hiltegia Ez Itxi plataformako bi kidek agerraldia egingo dute Gasteizko Legebiltzarrean, eta bertan azalduko dute udal hiltegia ixteak dakarren «zentzugabekeria» eta baserritarrentzat eta saltoki txikientzat dagoeneko izaten ari den ondorioak, «oraingo honetan erabaki judizialek indartuta».

Bitartean, Gabonetako kanpainan, plataformak salatu du baserritarrek eta saltoki txikiek ehunka kilometro egin behar izaten dituztela euren jarduerarekin jarraitu ahal izateko. «Errepidean Km0 kontzeptua galtzen ari gara gure administrazioen pasibotasunaren aurrean», kritikatu du Hiltegia Ez Itxik.