NAIZ

Euskal presoei zuzendutako gutunak igorri dituzte gazteek Baionatik

Baiona erdiguneko posta bulegoaren aitzinean 20 bat gazte bildu dira euskal presoei idatzitako gutun bidalketa kolektiboa burutzeko. Adierazpen batean azaldu dutenez, «borroka armatuaren garaia ez dugu ezagutu. Haatik, oraino ere gatazkaren muina eta ondorioak konpondu ez diren aroa bizi dugu».

Azken egunetan euskal presoei idatzitako sostengu gutunak bidali dituzte gazteek. (Guillaune FAUVEAU)
Azken egunetan euskal presoei idatzitako sostengu gutunak bidali dituzte gazteek. (Guillaune FAUVEAU)

Hogei bat gazte bildu dira gaur asteartean goizean Baionako Jules Labat karrikan dagoen posta bulegoaren aurrean azken egunotan idatzi dituzten gutunen bidalketari ekiteko.

Iaz ekitaldi kulturala burutu bazuten, aurten gutun bidalketa kolektiboaren moldea hautatu dute Eguberri kari euskal presoei eta beraien senideei elkartasun mezua helarazteko.

«Orotara 65 bat gutun inguru idatzi ditugu, eta bermatuko dugu bederen kartzela bakoitzera gutuna bat heltzea», azaldu dio NAIZi Aiala Urteaga Etxepare Lizeoko ikasleen asanbladako kideak.

Zehaztu duenez, gazteek preso guztiak aintzat hartu nahi izan badituzte ere, «gure lizeoan preso dituzten ikasleak ditugunez, bereziki saiatu gara bai denbora gehien espetxean daramaten presoak baita haurrak dituzten presoak ere kontuan hartzea».

Finean ekimenaren helburua bikoitza dela azaldu du Urteagak. Alde batetik presoei belaunaldi berrien eskutik elkartasun mezua bidaltzea eta bestetik gatazkak utzitako ondorioei erantzuteko premiari «ikusgarritasuna ematea».

Agiri batean gazteek azaldu dutenez, «borroka armatuaren garaia ez dugu ezagutu. Haatik, oraino ere gatazkaren muina eta ondorioak konpondu ez diren aroa bizi dugu».

Oraindik ere familiar bat preso dutelako bidaiak egitera behartuta dauden ikaskideen egoera ezin ahantzi, «errealitate honekin bukatu nahi dugu, euskal preso politikorik gabeko herrian bizi nahi dugu. Bakea eta askatasuna desio ditugu gure herriarentzat», aldarrikatu dute gaur Baiona zentroko posta aitzinean bildutako gazteek.

Beraiek jaio ez zirenean dagoneko preso zirenak gogoan

Heldu den urtarrilaren 8an Lapurdiko hiriburuan iraganen den mobilizazioak kartzelaldiaren 31. urtean sartu diren Jakes Esnal eta Unai eta Ion Kepa Paroten egoera nabarmenduko du.

Gazteek beraien «kezka» agertu dute gaur beraiek oraindik ere jaio ez zirenean dagoeneko urte andana preso zeramaten Lapurdiko herritar horiek bizi duten egoera larriarengatik.

Oroitzearren 71 urte bete zituen joan zen asteburuan Lannemezango espetxean preso duten Esnal lohizundarrak.

Horrendako, Bakegileek eta Bake Bideak urtarrilaren 8ko mobilizazioaren bidez abiatu nahi duten «fase determinuago» horrekin konpromisoa hartuko dutela iragarri dute gaur gazteek.

«Gazteok indar metaketa horren parte izan nahi dugu», adierazi dute, manifestazioan parte hartzeko deia egiteaz gain U8ko martxaren ondoren ere plantan emanen diren ekintzetan parte hartzeko engaiamendu publikoa hartuz.