Arnaitz Gorriti

Wade Baldwin Olentzeroz mozorrotu da eta Baskoniak Munichen irabazi du (76-81)

New Jerseyko antolatzaileak 30 puntu lortu ditu, eta berak, Costellok eta Nnokok gidatu dute gasteiztarren garaipena, gripearen erruz zortzi jokalarirekin bakarrik jokatu arren. Azken orduan Arturs Kurcsek jokatzerik izan du, baina Simone Fontecchio erori da taldetik.

Azaldu da halakoren baten Saski Baskoniak nahi zuen Wade Baldwin onena. (EUROLEAGUE.NET)
Azaldu da halakoren baten Saski Baskoniak nahi zuen Wade Baldwin onena. (EUROLEAGUE.NET)

«Horra! Horra! Gure Olentzero! Bitci Baskoniako 5 zenbakiarekin eserita dago», Bayern Munichen aurka 30 puntu saskiratu eta garaipena gidatu ostean. Zeinek esan behar zuen? Zortzi jokalarirekin jokatu behar izan du Baskoniak Alemanian, gripearen erruz talde erdia jota baitago. Alabaina, New Jerseykoaren 30 puntuek, Costello eta Nnokoren lanak eta taldearen defentsak etxetik kanpo Euroligako bigarren garaipena ekarri dute, lehenengoa urriaren 14an Berlinen irabazi ostean.

Arturs Kurucs barrura eta Loiutik arrapaladan Munichera hegan eginda sasoian iritsi bada Bayernen aurka jokatzeko, azken orduan Simone Fontecchio erori da, gripearen erruz hau ere. Aurten Saski Baskoniak hegalekoak erruz baldin baditu ere, Sedekerskis, Giedraitis eta Fontecchio jokoz kanpo geratu ostean –min hartuta dauden Alec Peters eta Raieste ahaztu gabe–, antolatzaile eta eskoltaz mukuru –edo–, baina hegalekoak auzoan direla ekin behar izan dio talde gasteiztarrak Audi Domeko partidari –eta gaitzerdi, antigeno proban negatibo eman baitu–.

Egia da, bestalde, Bayern berak ere zenbait bajarekin jokatu behar izan duela –Baskoniako jokalari ohi Darrun Hilliard, esaterako–, baina ez da gauza bera 14 jokalarirekin azaltzea partidara edo bederatzirekin jokatu beharra –eta horietako bat, errespetu guztiz, Alex Barrera kataluniarra, sekula ere jokatzen ez duen hegalekoa–.

Bikain hasieratik

Alabaina, 5-0 galtzen hasiagatik, gasteiztarrek berehala heldu diote partidari, Wade Baldwinen aldetik batez ere. Baldwinek iaz Munichen jokatu zuen eta bere kirol bizitzako denboraldirik bikainena osatu zuen. Hasieratik oso gogotsu aritu da eta aurreneko bost jaurtiketak, tartean hiru hiruko, sartu ditu. Hala, akordatzerako 13-20 aurreratu dira arabarrak, eta Weiler-Babb antolatzaileari bi falta ezarri dizkio.

Aurreneko laurdenean 16 puntu saskiratu ditu Wade Baldwinek, eta hori gutxi balitz, gasteiztarrek errebotea bere egin dute, Bayern Munichen ahulgunerik handienetarikoa barruko jokoan baitago. Horrez gain, aipagarria izan da Vanja Marinkovicen lana. Serbiarrak ez du punturik saskiratu aurreneko laurden honetan, baina Baldwinentzat aukera onak sortu ditu, eta New Jerseykoak ez du barkatu. Hala, inork uste baino laurden hobea egin du Baskoniak: 13-25, 0-13ko partziala erdietsi eta gero.

Baskoniaren abantaila 15 punturainokoa izan da bigarren laurdenaren hasieran, baina Baldwinek atsedena hartu duen aurreneko momentuan, asko murriztu da gasteiztarren errenta. KC Rivers alemaniarren hegalekoa izan da murrizketa horren erantzulea, berak sartu baititu Bayernen aurreneko 12 puntuak, fisikoki nabarmen justu ikusi den Arturs Kurucen aurrean. Hala, Neven Spahijak hutsartea eskatu behar izan du, artean markagailua 25-32 aldekoa izanik, eta bide batez, Baldwin kantxara itzuli du ostera ere.

Baldwinekin batera, Matt Costellok ere erraz eta zabal asko ikusi du saskia. Erraztasun horri esker bizkarra erakusten jarraitu du Baskoniak, baina Municheko taldeak ezin ba beti kale egin, eta Jaramazek, Othello Hunterrek edo DeShaun Thomasek ere puntuak lortu dituztenez, aldea murrizten jarraitu dute. Hala, atsedenaldirako hiru minuturen faltan berriz ere, hutsartea eskatu behar izan du Spahijak, emaitza 35-40 estutu baita.

Horrez gain, alemaniarrek beren defentsa eta errebotearen zaintza ere asko estutu dute, Othello Hunterren bidez batik bat. Spahijak partida bezperan eskatzen zuen jarraikortasunaren arrastorik ez. Zorionez, Marinkovicen hiruko batek Baskonia atsedenaldira aurretik iristea bermatu du, nahiz eta lehenengo erdiko azken jokaldian DeShaun Thomasek saskiratzea lortu. Bada, 42-46 aldageletara bidean; bide batez, aurreneko laurden horretako magia ea nola berreskuratu ikertzera Spahija eta enparauak.

Beti aurretik

0-5eko partzialarekin ekin dio Baskoniak hirugarren laurdenari, batez ere errebotea berriz ere eskuratzen hasi baita. Horrez gain, bigarren laurdeneko agorralditik bueltan, Baldwin berriz ere saskiratzen hasi da, eta gainera, Landry Nnokok aspaldiko partez aurrean eta atzean maila oso ona eman du. Hala, 4-12ko partzial bati esker, 46-58 aurreratu da Baskonia.

Hori gutxi balitz, talde alemaniarra erasoan erabat kamuts azaldu da, aurreneko laurdenean bezala, eta Baskoniak Costellori esker aldea 17 punturaino zabaldu du, 48-65, baina hirugarren laurdenaren azken minutuan 7-0ko partziala jaso du Neven Spahijaren taldeak. Hala ere, Baldwinen 26. puntuak markagailua 55-67 laga du azken laurdenaren faltan.

Laugarren laurdena hasteko birritze ikusgarri bat lortu du Costello, pertsonal eta guzti. Nahiz eta zortzi jokalarira mugatu eguneko errotazioa, Baskoniak Bayernek baino errekurtso gehiago erakutsi ditu, barruko jokoan batez ere. Hala, markagailua 56-70 dela, Andrea Trinchierik jokoa eten behar izan du gasteiztarrei gaina nola hartu jakiteke.

Erregaia amaitu egin zaio azken minutu horietan talde gasteiztarrari eta Landry Nnokok bosgarren pertsonala egin du teknika inozo bat jaso eta gero, baina etxeko taldea ez da hortaz baliatzeko gai izan. Hala ere, hiru minutu baino gutxiagoren faltan eta emaitza 65-75 dela, Spahijak hutsartea eskatu du, bere jokalariek arnas apur bat hartzearren bada ere, eta Bayernek 5-0 partziala egin ostean.

Steven Enoch ere bost faltarekin kalera bidali dute eta barneko jokoa Costellok bakarrik osatu du partida amaitzeko. Dena den, Baskoniaren garaipena ez da inoiz arriskuan egon, Jayson Grangerrek jaurtiketa libreen marratik eta Baldwinek erdi distantziatik ez dutelako barkatu. Gutxien espero zenean, horra Olentzeroren oparia.

Wade Baldwin: «Aurrerapausoa eman dugu»

Ohiko seriotasunarekin, baina pozik eta lasai azaldu da Wade Baldwin bere etxea izan zen Audi Domen. «Gripearen erruz taldekide asko jokatu ezinik geratu da, baina jokatzeko moduan egon garenok aurrerapauso bat eman dugu, eta horri esker nagusitu gara», adierazi du.

New Jerseyko antolatzaileak «taldearen defentsa eta erreboteko lana» azpimarratu ditu. «Oso serio egon gara lanean, eta batez ere hirugarren eta azken laurdenaren amaieran ez diegu hurbiltzen utzi, markagailuari buelta eman ziezaioketenik ez diegu sinesten laga», azpimarratu du.

Matt Costello ere pozarren azaldu da eta hilaren 30ean Bartzelonari Gasteizen irabazteko itxaropentsu gainera. «Espero dut ordurako taldekide gehiago jokatzeko izango ditugula, eta gainera, ACB Ligan Bartzelonan irabazteko kapaz izan ginen», gogorarazi du.

PARTIDAKO FITXA

Bayern Munich: Weiler-Babb (6), Walden (3), DeShaun Thomas (12), Lucic (12) eta Rubit (4) –hasierako bostekoa–, Jaramaz (10), KC Rivers (16), Hunter (10), Obst (3), Sisko eta Jason George.

Baskonia: Granger (4), Baldwin (30), Marinkovic (6), Costello (23) eta Enoch (2) –hasierako bostekoa–, Lamar Peters (5), Nnoko (9) eta Kurucs.

Partzialak: 13-25, 29-21, 13-21, 21-14.

Epaileak: Jovcic, Rocha eta Sukys. Bost faltarekin Landry NNoko eta Enoch egotzi dituzte.

Gorabeherak: Ikuslerik ez Municheko Audi Dome pabilioian, Bavariako gobernuak ezarritako agindua betez. Saski Baskoniara azken orduan Arturs Kurucs gehitu da, gripea atzean laga berritan. Aldiz, gripearen erruz, Fontecchio baja izan da azken orduan.