NAIZ

Min hartuta dagoen Gabi Meskonyteri bi urtez luzatu dio kontratua Lointek Gernika Bizkaiak

Talde bizkaitarrak 2023ra arte hegaleko lituaniarrarekin jarraitzea ebatzi du, aurredenboralditik hona partidarik jokatu ezin izan badu ere, udan ebakuntza jasan zuen belaunean lesioa berritu baitzitzaion denboraldiari ekin bezperan. 23 urteko jokalariak oso itxura ona eman zuen jokatu zuenean.

Aurredenboraldian oso itxura eman zuen hegaleko lituaniarrak. (GERNIKA BIZKAIA)
Aurredenboraldian oso itxura eman zuen hegaleko lituaniarrak. (GERNIKA BIZKAIA)

«Olentzeroren opari» gisa azaldu du Lointek Gernika Bizkaiak igande goiz honetan Gabija Meskonyte hegalekoaren kontratu luzatzea. Printzipioz, jokalari lituaniarrak 2023ra arte jarraituko du Gernikan, nahiz eta klubak badaukan 2024ra arte kontratua luzatzeko eskubidea, bere webgunean azaldu duen moduan.

23 urteko Gabija Meskonytek ezin izan du Lointek Gernika Bizkaiarekin partida ofizialik jokatu, ezker belauneko lotailu gurutzatuko plastia erabat hautsi baitzuen 2021/22 denboraldia hasi bezperan. Are gehiago, Euskal Kopaz geroztik ezin izan du jokatu, nahiz eta berez joan den udan bertan ebakuntza behar bezala egin zioten ezker belaun malapartatu hartan.

Lastima da, hegaleko lituaniarrak oso itxura ona eman baitu aurredenboraldiko neurketetan. Hargatik, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak taldean mantentzea deliberatu zuen eta oso ohikoa izan da Meskonyte Malosteko aulkian bere taldekideak animatuz ikustea. Bien bitartean, klubeko mediku zerbitzuen aginduetara lanean darrai, aipatu lesiotik osatze bidean, nahiz eta oraindik denbora beharko duen.

Ez da, bestalde, aurreneko aldia talde gernikarrak min hartuta egon arren jokalari bati kontratua luzatzea. Bere webgunean gogorarazten duen moduan, 2019ko udan Juana Molina-Prados eskoltarekin halaxe jokatu baitzuen, nahiz eta Gaztela Manchako jokalariak artean «triada» beldurgarria jasan.